BERRIA
Ebaluazio genetiko komun bat eta erreminta digital berriak Pirinioetako esne-ardientzat
14 urria 2026- Mugaz haraindiko ARDI2 proiektuaren amaierako ekitaldian, latxa eta manex arrazak hazteko programen koordinazioan egindako aurrerapenen berri eman dute
- Egitasmoak jarraitutasuna ematen dio 2021ean bukatutako ARDI proiektuari, eta helburu du aztertzea nola garatu hautaketa-programa komun bat eta nola sendotu ARTALDEAN taldea Frantziaren eta Espainiaren lankidetza-gune gisara
- POCTEFA eskualdearteko programa europarrak ere finantzen du egitasmoa, eta soluzio zehatzak ematen ditu genetika-, jasangarritasun- eta digitalizazio-arloetan, ustiategietan erabakiak hartzen laguntzeko
Latxa eta manex arrazak Pirinioetako esne-ardien bi arraza autoktono dira; historian, hartu-emanean aritu izan dira, eta, gaur egun, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-balio handia daukate mugaren bi aldeetan. Alabaina, bi herrialdetan kokatzen direnez eta Pirinioetako orografia bera dela-eta, hazkuntza-programak elkarrengandik bereizita eta erritmo desberdinean garatu dira, eta horrek zaildu egin du informazioa trukatzea eta hobekuntza genetikoko lanak koordinatzea.
Hain zuzen ere, gai horri heldu diote gaur goizean ARDI2 proiektuaren amaierako ekitaldian (Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER teknologia-zentroa da buru mugaz haraindiko lankidetza-egitasmo horretan). Bada, bi arrazen hazkuntza-programak bateratzeko lanean aurrera egitea du helburu proiektuak, bai eta hobekuntza genetikoko programa komun bat garatzeko aukera aztertzea ere. Jardunaldian, lanean emandako hiru urte hauetan lortutako emaitza nagusiak aurkeztu dituzte.
ARDI2 proiektuak jarraitutasuna ematen dio ARDI proiektuari, zeina garatu baitzen 2018tik 2021era bitartean eta modua eman baitzuen hala hazkuntza-programen koordinazioan aurrera egiteko erremintak garatzeko, nola ARTALDEAN sortzeko, hau da, bi arrazen inguruko programez arduratzen diren entitateek osatutako Ekonomia Intereseko Europako Taldea. Mugaz haraindiko antolakunde horrek gune komun bat eskaintzen du helburuak eta erabakiak koordinatzeko, eta, ARDI2 proiektuan, lan egin da Pirinioetako bi aldeetako abeltzainen, teknikarien eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza zabaltzeko.
Ebaluazio genetiko komuna
Latxa eta manex ardi arrazak hazteko programetan erabiltzen diren irizpideak bateratzea da ARDI2 proiektuaren lan-eremuetako bat. Bi populazioek antzeko ezaugarri morfologikoak dauzkaten arren, desberdintasunak daude karaktere batzuk (hala nola errapeen morfologia) baloratzeko erabiltzen diren sistemetan. Bi populazioen datuak errazago alderatu ahal izate aldera, irizpideok alderatu dituzte, eta baliokidetasunak ezarri programa bakoitzean erabiltzen diren metodologien artean.
Oinarri horren gainean, aurrera egin dute latxa eta manex arrazen nazioarteko ebaluazio genomiko batean, ekoizpenarekin, esnearen osaerarekin eta errapeen morfologiarekin zerikusia daukaten karaktereetarako.
“Ebaluazio honek modua ematen du bi populazioen informazio genetikoa alderatzeko eta, era berean, animalien ekoizpen-ahala zehaztasun handiagoz zenbatesteko. Informazioak asko lagundu dezake ugaltzaileen hautaketa hobetzen eta, hobekuntza genetikoko programen barruan, abeltzaintza-sektorearen, elkarteen nahiz hautaketa-zentroen erabakiak bideratzen”, adierazi du Itsasne Granado Tajada NEIKEReko ikertzaileak.
Hautaketa-irizpide berriak eta jasangarritasuna
Erabili ohi den informazio genetiko eta produktiboarekin batera, proiektuak karaktere berri batzuk aztertu ditu, animaliak klima-aldaketara egokitzearekin eta haien ingurumen-inpaktuarekin lotuta daudenak. Eremu horretan, metano-emisioak eta beroarekiko tolerantzia aztertu dituzte, bi arrazen etorkizuneko hautaketa-eskemetara karaktere horiek sartzearen bideragarritasun teknikoa ebaluatzeko bidea jarriko duen informazioa sortzeko xedez.
Bestetik, esne-kontrolean bildutako esne-laginen bidez, informazio gehiago sortu dute, eskuragarri egon dadin. Zehazki, izpi infragorrien bidezko analisi-teknologiak aplikatu dituzte, modua ematen baitute esnearen osaera fina xehetasunez zenbatesteko, hainbat elementu neurtuz, hala nola kaseinak (proteinak) eta gantz-azidoak.
“Informazio hori oso baliagarria da abeltzaintza-sektorerako, zuzenean eta modu praktikoan erabili ahalko delako osaera-profil espezifiko bat daukan esnea ekoizten duten animaliak errazago identifikatu eta geroko hautaketa- eta hazkuntza-prozesuetan txertatzeko”, azaldu du ikertzaileak.
Horretaz gainera, neurketa-erreminta horren funtzionamendua eta zehaztasuna doitzeko helburuz, Europako erreferentziazko datu-base batera irauli dituzte latxa arrazako ardietatik ateratako datuak.
Genetikatik harago, ustiategietako lan-praktiken analisira hedatu da lana. LIFE Green Sheep egitasmoarekin lankidetzan, diagnostiko agroekologikoak erabili dituzte latxa eta manex abeltegiek ingurumenarekin duten elkarreragina ebaluatzeko, arraza horien ekoizpen-eredu jasangarria indartzeko balio duten datuak bilduz.
Era berean, ekoizpen-eredu ekologikoaren pean lan egiten duten ardi-abeltegien egoera berezia aztertu dute. Abeltegi mota horiek zenbait araudi espezifiko bete behar dituzte; adibidez, debekatuta dute tratamendu hormonalak erabiltzea, eta horrek zaildu egiten du ugalketa artifiziala aplikatzea. Proiektuak agertoki hori aztertu du, bestelako aukerak eskaintzeko helburuz, ustiategi horiek modua izan dezaten oztopo horiek gainditu eta hobekuntza genetikoko programetan parte hartzeko.
Abeltegiak kudeatzeko erreminta berriak
Genetikari, ekoizpenari eta jasangarritasunari buruzko informazio berri hori sortzeaz gainera, erreminta informatikoak garatu dituzte informazioa ustiategien egunerokotasunean modu praktikoan kudeatzeko. Proiektuak, hala, elementu estrategiko gisa txertatu nahi du berrikuntza teknologikoa, bai sektoreari erabakiak hartzen laguntzeko, bai belaunaldi-erreleboari mesede egiteko.
Latxa arrazaren kasuan, programa informatiko bat garatu dute web-ingurunean, animalia bakoitzaren historia zentralizatzeko eta artaldearen kudeaketari buruzko txostenak egiteko. Erreminta horrek LatxApp du izena, eta abeltzainari aukera ematen dio informazioa denbora errealean eskuratzeko.
Manex arrazarako, berriz, lanak arreta jarri dio banakako neurketa-sistema elektronikoak dauzkaten jezte-geletara zuzenean lotutako kudeaketa-programa informatiko baten garapenari. Horrela, esne-ekoizpenean neurgailu ziurtatuen bidez bildutako datuak automatikoki sartzen dira ustiategiaren kudeaketara eta hazkuntza-programara.
ARDI2 proiektuan egindako lanei esker, areagotu egin da bi populazioen hazkuntza-programetara lotutako antolakundeen arteko lankidetza, eta, halaber, indartu egin da Pirinioen bi aldeetako abeltzainen, teknikarien eta ikerketa-zentroen arteko informazio-trukea.
Proiektuan, latxa arrazaren aldetik, parte hartzen dute ASLANA Nafarroako Abeltzainen Elkarteak, ARDIEKIN intseminazio-zentroak eta NEIKERek. Manex arrazaren aldetik, berriz, arrazaren hazkuntza-programaz arduratzen den CDEO zentroak eta IDELE eta INRAE ikerketa-zentroek hartzen dute parte. ARDI2 proiektua Europar Batasunak ere finantzatzen du, POCTEFA eskualdearteko programaren bidez (EFA032/01).




