BERRIA
NEIKERek nazioarteko adituak elkartu ditu, baso-osasunaren prebentziozko kudeaketa sustatzeko
9 urria 2026
- Teknologia-zentroak jardunaldi bat hartu du Gasteizko egoitzan, aritzeko baso-gaixotasunen zaintzaz eta haien detekzioa eta jarraipena hobetuko dituzten erremintez
- Topaketak Europako, Zeelanda Berriko, Australiako, Estatu Batuetako eta Hego Afrikako adituak elkartu ditu, askotariko lurraldeetan basoei erasaten dieten osasun-arazoen inguruko esperientziak partekatzeko
- Hitzordua SANA SILVA, Pre-emptive Biosecurity eta CATALYST egitasmoen esparruan egin da, baso-osasunaren alorreko lankidetza sustatzen baitute hirurek
Basoak osasuntsu edukitzeko, halabeharrezkoa da jakitea baso-masei eragiten dieten gaixotasunek nolako bilakaera izaten duten eta, halaber, zer inguruabarrek egin diezaioketen mesede gaixotasunon garapenari. Banda gorria eta banda marroia, esaterako, pinuei erasaten dieten osasun-arazoetako bi dira, eta hostoak galtzea, hazkundea murriztea eta zuhaitzak ahultzea eragin dezakete. Egoera horri, baina, klima-aldaketa gaineratu behar zaio, ingurumen-baldintzak aldatzen ari delako eta bidea jar diezaiekeelako izurriteen eta gaixotasunen agerpenari eta hedapenari. Aldaketa horiei arreta jarriz gero eta aldaketok detektatzeko gaitasuna hobetuz gero, aurrea hartu ahalko zaie sor litezkeen arrisku-egoerei.
Testuinguru horretan, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitate gisa, hainbat herrialdetako adituak elkartu ditu gaur goizean Arkautiko egoitzan (Gasteiz), baso-osasunaren inguruko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko xedez. Jardunaldian, askotariko lurraldeetan dauden gaixotasunen egoeraz, zaintza- eta detekzio-sistemez eta mehatxu berriei aurrea hartzen lagundu dezaketen erremintez mintzatu dira.
Topaketa hiru egitasmo osagarriren esparruan egin da, zeinetan zentroak ere parte hartzen baitu: SANA SILVAk helburu du Pirinioetan osasun-zaintza eta lankidetza indartzea; Pre-emptive Biosecurity egitasmoak, berriz, mehatxuen aurrean prestatzen laguntzen du, mehatxuok iritsi aurretik edo beste lurralde batzuetara hedatu aurretik, eta CATALYST proiektuak, azkenik, baso-patogenoak detektatu eta haien jarraipena egiteko erreminta berriak garatzen ditu.
Jardunaldia BITEKen esparruan antolatu da, HAZIk eta NEIKERek bultzatutako basoko I+G+B unitate misto berria, ikerketa basogintzaren benetako beharretara hurbiltzeko sortua. BITEKek ezagutza zientifikoa eta esperientzia aplikatua erronka hauetara bideratzen ditu: baso-osasuna, hobekuntza genetikoa eta basoak klima-aldaketara egokitzea. Horretarako, ikerketa-eremuaren eta sektoreko eragileen arteko lankidetza sustatzen du, baso-kudeaketa iraunkorragoa eta erresilienteagoa lortzen lagunduko duten irtenbideak sortzeko.
Lankidetza, zaintza areagotzeko
Baso-osasunaren arloko arazoek askotariko lurraldeei eragin diezaiekete, eta arazook eremu batean duten bilakaerak informazio baliagarria eman diezaguke arazo berberari aurre egiten ari zaizkion edo etorkizunean egoera horretan egon daitezkeen eskualdeetarako. SANA SILVA egitasmoak lankidetza-premia horretan du abiapuntua, eta Pirinioetako askotariko eremuetan garatutako lana konektatzen du, jakintza partekatzeko eta zaintza- eta kudeaketa-erremintak hobetzeko.
Esparru horretan, egitasmoaren alorrean garatutako lanek bidea jartzen dute baso-patogenoek askotariko lurraldeetan dauzkaten banaketa eta bilakaera aztertzeko eta, era berean, toki bakoitzean sortzen diren egoerak alderatzeko. Informazio horrek asko laguntzen du ezagutza-oinarri komun bat sortzen, bai eta baso-osasunaren arloko arazoak hobeto zaintzen ere.
EAEn, aztergai den patogenoetako bat dugu Lecanosticta acicola, banda marroiarekin zerikusia daukan onddo bat. NEIKERek, CIBERESP – Carlos III.a Osasun Institutuko Epidemiologia Zentro Nazionalarekin batera, onddo horren esporak klima-aldaketako hainbat agertokitan nola sakabanatzen diren jakiteko eredu bat sortu du. Erreminta horrekin, hainbat ingurumen-baldintzatara lotutako arriskua azter daiteke, eta zaintza zer alditan eta zer eremutan areagotu beharko litzatekeen jakiteko informazioa lortu.
Mehatxu berriei aurrea hartzea
Zaintzak, halaber, modua ematen du lurralde batean oraindik agertu ez diren gaixotasunen aurrean prestatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Pre-emptive Biosecurity egitasmoaren ikuspegia, helburu baitu basoek mehatxu posibleei nola erantzuten dieten jakitea, mehatxuok gauzatu aurretik.
“Ikerlanak aukera ematen digu jakiteko hainbat material genetikok nola erantzuten duten osasun-mehatxu baten aurrean, baita etorkizuneko zaintza- eta kudeaketa-estrategiak prestatzeko informazioa lortzekoa ere, edota jabeek nahiz industriak gaixotasunaren eta tratamenduen gainean duten pertzepzioa lantzekoa”, adierazi du Eugenia Iturritxa NEIKEReko Baso Zientzien Saileko ikertzaileak.
Truke honek, bada, osasun-egoera desberdinei aurre egiten ari zaizkien lurraldeen esperientzia elkarlotzen du: EAEk Lecanosticta acicola onddoaren azterketari eta jarraipenari buruzko ezagutza eransten du; Zeelanda Berriak eta Australiak, berriz, haien lurraldeetan oraindik orain ezarri ez diren organismoen aurkako biosegurtasunean eta zaintzan duten esperientzia partekatzen dute.
Lankidetza horrek, baina, detekzio-erreminta berriak garatzea ere badu xede. CATALYST proiektuaren esparruan, zehazki, hainbat teknologiatan dihardute lanean (hala nola diagnostiko molekularrean, zaintza genomikoan eta biosentsoreetan), ekarpen handia egin dezaketelako patogenoak lehenago identifikatzeko eta haien jarraipena hobetzeko orduan.
Hala, sortutako ezagutza baso-kudeaketara eramatea da lanon helburua. “Patogenoen presentziari eta banaketari buruzko informazioa, baita patogenoon garapenari mesede egiten dioten baldintzei buruzkoa ere, baliagarria da erabakitzeko non indartu behar den zaintza, noiz areagotu behar den jarraipena eta non bildu behar diren prebentzio-neurriak”, esan du amaieran Iturritxak.
Prozesuan, basogintzara lotutako ikerketa-zentroek, administrazioek eta agenteek hartzen dute parte, haien laguntza ezinbestekoa baita lurraldeetako premiak ikerketa-ildoetan txertatzeko eta haien emaitzak zaintza- eta kudeaketa-erremintetara eramateko.

