Albisteak

BERRIA

Arabako Errioxako mahatsondo-barietateak suspertzeko bultzada, erresilientzia eta biodibertsitatearen ardatz estrategiko gisa

16 uztaila 2026
  • Uztaileko astearteetan, NEIKER zentro teknologikoak topaguneak gaituko ditu mahastizainek andui zaharrak eta biotipo bakarrak identifikatzen eta kontserbatzen lagundu dezaten

 

  • NEIKER zentroak, Arabako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta EDA Drinks & Wine Campus egitasmoarekin batera, klima-aldaketaren aurrean ondare genetikoa gordetzearen aldeko apustua sendotu du

 

Egungo mahastizaintzaren erronketako bat da azken hamarkadetan behatutako homogeneizazio genetikoa gainditzea, klima-aldakortasunaren, izurrien eta gaixotasunen aurrean duen erresilientzia hobetzeko. Premisa horren babesean, NEIKER zentroak Barietateak Identifikatzeko Programaren beste fase bat jarri du abian. Programa hori Arabako Errioxarako Mahastizaintzako I+G+b Plan berriko egitasmo nagusia da. Proiektu hau honako hauen arteko lankidetza estuaren emaitza izan da: NEIKER, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta berriki batu den EDA Drinks & Wine Campus. Proiektuaren asmoa da lurraldeko mahastizaintza-ondarea babestea, zientziaren eta berrikuntzaren bitartez.

 

Lurraldearen etorkizunarekiko konpromisoa

Barietateak Identifikatzeko Programa ez da ekintza isolatu bat, aipatutako I+G+b Planaren lanketa-dimentsioaren funtsezko oinarri bat baizik. Helburua da oso gutxi landatuta edo desagertzeko arriskuan dauden barietateak suspertzea, ezaugarri bakarrak dituzten eta egokitzeko ahalmen handia duten anduiak aurkituz. Roberto Pérez-Parmok, NEIKER zentroko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak, lan horren xedea nabarmendu du: “Helburua da Arabako Errioxako gure mahastien ondare genetikoa aberasten duten barietateak edo barietate tradizionalen biotipoak ezagutzea eta gordetzea, eta mahastizainei aukera ematea mahasti zaharretako barietate ezezagunak identifikatzeko, haien osasun-egoera aztertzeko eta horiek ugaritzeko eta kontserbatzeko modua bilatzeko”.

 

Sektorerako topagunea

Mahastizainen ezagutzak ikerketa honetan aktiboki parte hartzen duela bermatzeko, NEIKER zentroak informazio-saioak antolatu ditu uztailean. Uztailaren 14, 21 eta 28an, talde teknikoa HAZIren bulegoetan egongo da (Kuadrillaren eraikina, Guardia) lagin-hartzeak koordinatzeko, landa-materiala emateko eta mahastizainei beren mahastietako andui berezi horiek identifikatzeko moduari buruzko informazioa emateko.

 

Estrategia bermatzen duten emaitzak

Programa honen sendotasuna aurreko kanpainen arrakastak sostengatzen du, sektorearen inplikazio handia erakutsi baitute. Orain arte, 20 upategi inguruk parte hartu dute aktiboki ekimenean, eta ia 200 anduiren azterketa xehatua egin ahal izan da. Ahalegin horri esker, 38 barietate identifikatu dira, eta horietatik 16 gutxiengo gisa katalogatu dira. Gaur-gaurkoz, barietate horietako batzuk mintegian ugaritzeko fasean daude; hori funtsezko pausoa da haien ahalmen agronomikoa eta enologikoa ebaluatzeko, lurraldeko mahastizaintzako biodibertsitatea indartze aldera.

Suspertze-ahalegin hori inbertsio estrategiko garrantzitsu baten parte da; izan ere, NEIKER eskualdean garatzen ari diren 50 I+G proiektu baino gehiago egiten ari da, 5 milioi euroko balioarekin, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta eta Estatuko eta nazioarteko deialdietatik bideratuta. Ibilbide-orri horri jarraituz, zentro teknologikoak, bere kide instituzionalekin batera, ebidentzia zientifikoetan, aniztasunean eta jasangarritasunean oinarritutako mahastizaintzako eta ardogintzako eredu batekin duen konpromisoa berresten du, eta, horrela, etorkizuneko erronken aurrean Arabako Errioxa lehiakorra izango dela bermatu.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.