BERRIA
NEIKERren bikaintasun zientifikoa berriro islatu da Stanfordeko rankingean, hiru ikertzailerekin
23 urria 2026- Hauek dira: Carlos Garbisu, ingurumen-mikrobiologiako aditua eta NEIKEReko zuzendari zientifikoa; Inma Estévez, etologia aplikatuaren eta animalien ongizatearen arloko zientzialari ezaguna eta Ikerbasqueko ikertzailea; eta Ramón Juste, animalien osasunean aditua
- Beren jakintza-arloko munduko % 1,5 onenen artean daude, eta berriro agertu dira Stanfordeko rankingean
- Rankingean dauden euskal zentroetako 189 ikertzaileetako hiru dira; oso meritu handikoa da hori, kontuan hartuta NEIKEReko ikertzaile-kopurua txikia dela Euskadiko beste erakunde batzuekin alderatuta
Duela gutxi, Stanfordeko Unibertsitateak eragin handienq duten munduko ikertzaileen zerrenda eguneratu du, Scopus atarian dauden argitalpen zientifikoen aipamenetan oinarrituta. Beste urte batez ere, Ameriketako unibertsitate entzutetsuak zerrenda honetan sartu ditu Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko zuzendari zientifikoa, Inma Estévez doktorea, NEIKEReko Animalia Zientziaren Saileko ikertzailea eta Ikerbasqueko ikertzaile seniorra, eta Ramón Juste doktorea, Animalia Zientziaren Saileko ikertzailea.
Munduko ikertzaile aipatuenak daude zerrenda honetan, eta hori aintzatespen handia da bertan sartzen direnentzat. Izan ere, une honetan, ranking hori, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko erreferentzia zientifikoko dokumenturik entzutetsuena da nazioartean.
NEIKEReko hiru ikertzaileek espezializazio-esparru desberdinetan gauzatzen dute jarduera: animalien osasunean, animalien portaeran eta ongizatean, eta ingurumen-mikrobiologian eta lurzoruaren osasunean. Aniztasun horrek NEIKERren ikerketa-lerro zientifikoen zabaltasuna islatzen du, baita lehen sektorearentzat eta haren jasangarritasunerako arlo estrategikoetan ezagutzaren aurrerapenari egiten dion ekarpena ere.
Aitorpen horrek NEIKER osoaren bikaintasun zientifikoa agerian uzten du. Zentroko hiru ikertzaile Stanfordeko rankingean sartutako euskal zentroetako 189 zientzialarien artean egoteak are garrantzi handiagoa hartzen du, kontuan hartzen bada zentroko ikertzaile-kopurua txikia dela sailkapenean agertzen diren Euskadiko beste erakunde eta zentro teknologiko batzuekin alderatuta.
NEIKERek, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, ikerketa eta zerbitzu teknologikoen eskaintza eta euskal lehen sektorerako transferentzia uztartzen ditu, balio erantsia emanez eta haren lehiakortasuna hobetuz, bereziki Euskadiko erreferentzia bakarra den Animalia Ekoizpenaren eta Osasunaren arloetan.
Ibilbide profesional aipagarria
Inma Estévez doktorea, NEIKEReko Animalia Zientziaren Saileko ikertzailea eta Ikerbasqueko ikertzaile seniorra, bosgarren aldiz jarraian sartu da zerrendan. Kordobako Unibertsitatean Zoologian lizentziaduna eta Etologian (animalien portaera) doktorea da. Bere ibilbide profesional luzean zehar ikertzaile gisa lan egin du Agriculture Canadan, Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitatean, INRAn (Frantzia) eta Full Professor gradua lortu zuen Marylandeko Unibertsitatean (AEB). 2008an IKERBASQUE Senior ikertzaile gisa sartu zen NEIKEReko plantillan. Bere ibilbidean jasotako sariak nabarmentzen dira, hala nola «Junior Faculty Award» (Marylandeko Unibertsitatea), Nazioarteko Hy-Line Ikerketa Saria eta Poultry Science Associationen Ekoizpen-hegaztien Ongizatearen Ikerketa Saria, baita Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Zientifikoko kide izatea eta nazioarteko batzordeetako (EFSA, World Animal Health Organization) aditu-panel ugaritan parte hartu izana ere.
Ikerketa-proiektu lehiakor ugari zuzendu ditu AEBn zein Europan, betiere ekoizpen-hegaztien portaeraren eta ongizatearen alderdiei buruzkoak. Bere ikerketa-lana beti gauzatu da portaeraren ekologiaren oinarrizko ikuspegitik, eta bereziki nabarmentzekoak dira dinamika sozialari buruzko lanak, ekoizpen- eta teknologia-esparruko aplikazioekin erraz uztartu dituen arren; horren adibide da haragitarako oilaskoaren ongizatea kuantitatiboki ebaluatzeko diseinatutako munduko lehen App-a garatu izana. Inma funtsezko pieza izan da NEIKERrek Welfair® ziurtagirian izan duen inplikazioan, emaitza zientifikoetan oinarritutako animalien ongizatearen zigilu bakarrean.
Gaur egun, bere ikerketa ekoizpen-hegaztien portaera zehazten duten alderdi biologikoetan eta sozialetan sakontzen ahalegintzen da. Horretarako, hegaztien ongizatea eta sektorearen ekoizpen-eraginkortasuna hobetzen laguntzen duten teknologia, aplikazio eta lan-metodologia berriak erabiltzen ditu.
“Animalien portaeraren ikerketa oinarrizko zutabea da ekoizpen-sistemen jasangarritasunerako. Animalien arteko harremana eta horiek bizi diren ingurunearekiko dutena ulertzeak ekoizpen-sistemak haien portaeraren biologiari egokitzeko, estresa eragiten duten agenteak murrizteko eta haien osasuna modu holistikoan hobetzeko aukera ematen digu, One Health ikuspegitik. Haien portaera eta animalien ongizatean eragina duten faktoreak ulertuz gero bakarrik da posible ekoizleek eta kontsumitzaile gisa guk behar dugun ekoizpen-eraginkortasunarekin bateragarria den garapen etikoki arduratsua lortzea”, azpimarratu du Estévez doktoreak bere lanari buruz.
Bestalde, Ramón Juste doktorea, NEIKEReko Animalia Zientziaren Saileko ikertzailea, Stanfordeko rankingean dago hasieratik —zortzigarren aldiz jarraian—. Bere jarduera zientifikoa animalien osasunaren inguruan garatu du.
Alemaniako Tierärtzliche Hochschulen, University of Nebraskan eta AEBko Texas A&M Universityn egin du lan; NEIKEReko Nekazaritza Berrikuntzako arduradun zientifikoa eta Asturiasko SERIDAko zuzendari gerentea izan da, eta Vet+i-ren ‘Isabel Mínguez Tudela’ saria, Zendal taldearen ‘Isabel Zendal’ saria eta Animal’s Healthen Ikerketa saria jaso ditu, baita Bizkaiko Albaitaritza Lanbidearen lehen ‘Ohorezko Saria’ ere.
Justek 13 doktorego-tesi zuzendu ditu eta 250 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu. Bere ekarpen zientifiko nagusiak mikobakteriosien azterketan oinarritzen dira: paratuberkulosiaren kontrolaren eraginkortasun epidemiologikoaren eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du, Espainiako H5N1 hegazti-gripearen lehen kasua detektatzen lagundu du eta immunitate entrenatuan oinarritutako babes espezifikoaren eta ez-espezifikoaren kontzeptua frogatu du behietan lehen aldiz.
“Animalien osasuna bermatzeak ez du soilik haien ongizatea hobetzen, biztanleentzako elikagaien eta bestelako produktuen kalitatea, segurtasuna eta eskuragarritasuna ziurtatzen ere laguntzen du. Horien artean, ‘animalazio’ naturalaren efektua edo gizakien patogeno erlazionatuen aurkako immunoestimulazio gurutzatua gutxi ezagutzen den baina abeltzaintzan zerbitzu ekosistemikoan funtsezko zerbitzua da. Testuinguru horretan, immunomodulazioa tresna itxaropentsu gisa agertzen da animalien defentsa naturalak indartzeko, gaixotasunen aurrean duten erresilientzia sustatzeko eta antibiotikoen erabilera murrizteko. Gainera, haren azterketari esker hobeto ulertzen dira animalien eta gizakien artean partekatutako osasun- eta gaixotasun-mekanismoak, ‘One Health’ ikuspegiaren ildotik. Gaur egun, immunomodulazioaren ikerketa, hausnarkarietan egindako entseguen bidez eta beste ikerketa-zentro batzuekin lankidetzan, zenbait gaixotasunen prebentziorako eta tratamendurako bide berriak irekitzen ari da, azaldu du Juste doktoreak.
Azkenik, Hirschen h indizea 60 baino handiagoa eta Scopus datu-basean 11.200 aipamen baino gehiago dituen Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko zuzendari zientifikoa zortzigarren aldiz jarraian sartu da Stanfordeko rankingean, hau da, sailkapen horren argitalpenaren lehen urtetik. Bere ibilbide profesionalak, NEIKER eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez ezik, University of Aberdeen (Eskozia), Imperial College London (Erresuma Batua), doktoretza egin zuen King´s College London (Erresuma Batua) eta doktoretza osteko ikasketak egin zituen University of California – Berkeley ere barne hartzen ditu.
2018an, Eusko Jaurlaritzak bere ibilbide profesionalean egindako ikerketa-lanarengatik eta merezimendu zientifiko-teknologikoarengatik aintzatetsi zuen. 12 doktorego-tesi zuzendu ditu, UNIBASQek Ikerketa-irakasle gisa egiaztatuta dago eta United Nations Harmony with Nature Network sareko aditu gisa sartuta dago.
Garbisu doktorea, orain gutxi arte NEIKEReko zuzendari zientifikoa, lurzoruetan bizi diren mikroorganismoen ezagutzarako egindako ekarpenengatik nabarmentzen da, bereziki nekazaritzako lurzoruei eta lurzoru kutsatuei arreta berezia jarriz.
“Lurzoru osasuntsuak dira nekazaritza jasangarriaren oinarria. Lurzoruaren osasuna zaintzeak eta berreskuratzeak, lurzoruaren biodibertsitatea eta osotasun ekologikoa errespetatzen dituzten nekazaritza-jardunbideen bidez, nekazaritzako produktibitateari epe luzera eusteaz gain, agroekosistemen erresilientzia ere handitzen du klima-aldaketaren aurrean, kanpoko sarreren mendekotasuna murrizten du eta ingurumena babesten laguntzen du. Elikagai osasungarriak eta kalitatezkoak ekoitzi behar ditugu, planetaren muga ekologikoak errespetatuz, biodibertsitatea eta baliabide naturalak zainduz, landa-komunitateak indartuz eta nekazaritza-ekoizpena posible egiten dutenentzat bizi- eta lan-baldintza duinak bermatuz” adierazi du Garbisu doktoreak.




