Albisteak

BERRIA

Uraren lurzoruko mugimenduak ulertzeko teknologia berriak

5 urria 2026

 

  • Horiek ezagutzea funtsezkoa da baliabide hidrikoen erabileraren eraginkortasuna optimizatzeko eta laboreek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia indartzeko

 Lurzorua nekazaritza-ekoizpenerako eta ekosistemen jasangarritasunerako sistema bizia eta dinamikoa da. Hori horrela, ura haren barruan nola mugitzen den ulertzea funtsezkoa da ur-baliabideen erabilera efizientea optimizatzeko eta landareek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia indartzeko. Alabaina, mugimendua arautzen duten prozesuak konplexuak eta, maiz, ikusezinak dira.

Ildo horretan, NEIKER teknologia-zentroa, Estatuko Bioflow proiektuen bitartez eta Daniel Patkoren Ramón y Cajal bekaren bidez, metodologia berriak garatzeko lanean ari da hauxe aztertzeko: lurzoruko jarduera biologikoak landareentzako ur-eskuragarritasunean nola eragiten duen.

Hartarako, zentroak sustraien, mikroorganismoen eta lurzoru-egituraren arteko elkarreraginean jartzen du arreta, nekazaritza jasangarriago bati aplikatzeko moduko jakintza sortzearren.

Gure oinen azpiko uraren ibilbide konplexuak

Egoera horretan, urak lurzoruan izandako portaerak eragina du, neurri handi batean, uzta osasuntsuak garatu daitezen. Poroen bitartez oso-oso aise mugitzen bada, sakontasun handiagoan infiltratuko da sustraiek atzeman baino lehen. Aitzitik, infiltrazioa asko gutxitzen bada, ura jariatuz eta lurrunduz galduko da. Tentsio hidriko hori ere gertatzen da sustraien inguruan: lurzorua lehortzen hasten delarik, uraren mugimendua mugatzea onuragarria izan liteke, baina lehorra dagoenean, xurgatutako uraren garraioa erraztea lagungarria izango da landarea uraz balia dadin.

Funtsezkoa da ulertzea landare-sustraien inguruko ur-fluxua zerk arautzen duen, baina prozesua dirudiena baino konplexuagoa da. Askotariko organismo biziek —hala zizareak nola mikrobioak— etengabe birmoldatzen dute landare-sustraien inguruko lurzorua. Eta are garrantzitsuagoa, jarduera hori, neurri handi batean, ezkutuan gertatzen da. Lurzoruaren opakutasunaren ondorioz, erronka bat da gure oinen azpien bizi diren organismoak aztertzea. Lurzoruko mikroorganismo asko alterazioekiko sentikorrak dira oso, eta industearen nahiz lagintzearen ondorioz baliteke ikertzen ditugun prozesuak aldatzea. Gerta liteke, halaber, lurzoruaren propietateak distantzia laburretan nabarmen aldatzea, eta horrek zaildu egiten du neurketa sendoak lortzea.

Arazo konplexu baterako ikuspegi berriak

NEIKER erronka horiei heltzeko konponbide berritzaileak garatzen ari da, oinarri hartuta sustraiek eta mikroorganismoek lurzoruko bide hidrikoak nola aldatzen dituzten. Gailu mikrofluidikoek sekrezio biologikoak aztertzen eta poroen sare mikroskopikoaren barruan uraren mugimendua ikusten laguntzen dute. Saiakuntza berriek erakutsi dutenez, mikrobioek aire-ur interfazeak deformatzen dituzte; alegia, lurzoruko poro berrietan ura sartzea eragozten duten barrerak. Lurzoru artifizialek ur-infiltrazioa laborategiko egoera kontrolatuetan birsortzen dute.

«Frogatu dugun bezala, mikroorganismo mugikorrek aire-ur interfazeak deformatuz % 15 ere murrizten dute ura lurzoruko poroetan sartzeko presioa. Efektua handia da!», esan du Lionel Dupuy NEIKEReko Ikerbasqueko ikertzaileak.

Ordenagailu bidezko simulazioak erabiltzeak ere errazten du azterketa. Haien emaitzek, izan ere, erakusten dute ur-garraioa errazteak hobetu egiten duela, oro har, ur-eskasian ura eskuragarri egotea.

«Ikerketa hastapeneko fasean dago oraindik, baina espero dugu, epe luzera, sakonago ulertaraztea lurzoruko mikrobioek landareen nutrizioa nola laguntzen duten eta laboreei ur-estresera egokitzen nola laguntzen dieten. Horren ondorioz, baliteke mikrobioman oinarritutako konponbideetarako bide berriak zabaltzea, era horretan nekazaritzaren erresilientzia hobetzeko», gehitu du ikertzaileak.

Irakurgai gehigarriak

Gomez-Peral, E., Mair, A., Martin-Sanchez, I., de las Heras-Martínez, G., Ptashnyk, M., & Dupuy, L. X.: «Root exudation facilitates water infiltration and rewetting of dry soil», in Plant, Cell & Environment, 49(2) (2026), 728–741.

Mair, A., Gómez-Peral, E., Ptashnyk, M., & Dupuy, L.: «Modeling the influence of rhizodeposits on root water uptake», in Vadose Zone Journal, 24(6) (2025), e70053.

Meza-Manzaneque, B., Gomez-Peral, E., de las Heras-Martinez, G., Martin-Sanchez, I., Stanley-Wall, N., Perez-Estay, B., Lindner, A., Clement, E., Elguezabal, N., & Dupuy, L. X.: «How motile bacteria move water in soil», in BioRxiv, 2025–2026 (2026).

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.