Albisteak

NEIKERek laborantza ekologikoa bultzatzen jarraitzen du eta egindako aurrerapenak erakutsi ditu Arkautiko ohiko landa bisitan 

  •  Arkautiko zentroan (Araba) labore ekologikoen saiakuntza esperimentaletara egindako bigarren bisitaldian, NEIKERek garia, malutatarako oloa, paperezko bigungarrian landutako kuia, erremolatxa gorria edo edamamea landuz lortutako emaitzak aurkeztu ditu
  • Landa irteerak urtean bitan egiten dira, udaberrian eta udazkenean, eta networkingerako aukera bihurtu dira nekazaritza ekologikoaren sektoreko eragileen artean

Azken urteotan, ekoizpen ekologikoak lur hektareak batzen jarraitzen du Euskadin, besteak beste, kontsumitzaileek elikagai jasangarriagoen eta osasuntsuagoen alde egiten duten eskaera gero eta handiagoari eta ekoizleen eta erakundeen ahalegin bateratuari esker. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, joan den 2021ean, %16 handitu da labore ekologikora bideratutako azalera, 2020arekin alderatuta, 6.789 hektarea izatetik 7.905 hektarea izatera igaro baita.

Laborantza mota horren hedapenak jarrai dezan, ezinbestekoa da egungo erronkei aurre egiteko gai diren aldagai berriak ikertzea. Testuinguru horretan, beste urte batez,  NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, Arkautin (Araba) dituen lursailek berriro erakutsi dute nekazaritza ekologikoak gure lurraldean gaur egun eta etorkizunean duen potentziala.

Bisitan, NEIKERek udako laboreekin egindako saiakuntzen azken garapenak, aurreko kanpainetako saiakuntzen emaitzak eta etorkizuneko saiakuntzetarako proposamenak azaldu dira. Nekazaritzaren sektoreko eragile nagusiek zentroko instalazioetan elkartzeko aukera izan dute, NEIKERek labore ekologikoen saiakuntzekin dituen lursailetara ohiko bisita ofiziala egiteko.

Hain zuzen ere, NEIKERek orain arte zerealetan –garia, malutatarako oloa– nahiz estentsiboan dauden baratze espezieetan –paperezko bigungarrian landutako kuia, erremolatxa gorria, arto gozoa edo edamamea– egindako ekoizpen ekologikoko saiakuntzen emaitza batzuk aurkeztu ditu; edamameak, Roberto Ruiz de Arcaute NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako Departamentuko ikertzaileak ekitaldian azaldu duenez, “nutrizio balio handia” du. Halaber, egin dituen saiakuntzen emaitzak ere aurkeztu ditu,  belardiak fosforoarekin ongarritzeko, bioongarritzean espezializatutako  Fertinagro Biotech enpresarekin lankidetzan egindako ekimen batean.

Lan horiek aurkeztu ondoren, jardunaldiak zentroak Arkautiko finkan dituen eremu esperimental ekologikoetara egiten den ohiko bisitarekin jarraitu du: zortzi hektarea guztira, non labore ekologikoko barietateen saiakuntzak (esaterako, giza kontsumorako soja) zein labore berrien gaineko ikerketak egiten baitira, esaterako Crotalaria Juncea L.ren inguruan; ‘modan’ dagoen landarea da, zereala erein aurretik tartekatzen dena, eta lurraren porositatea eta aireztapena, ura atxikitzeko ahalmena eta, ondorioz, emankortasuna handitzea ahalbidetzen du.

NEIKERek saiakuntzak erakusteko egindako ate irekien jardunaldiak urtean bi aldiz egiten dira, udaberrian eta udazkenean, eta networkingerako aukera bihurtu dira nekazaritza ekologikoaren sektoreko eragileen artean.

Nekazaritza ekologikoa, gaurkotasun betean

Euskadin,  Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana (FOPE) da ekoizpen ekologikoaren hazkundearen palanketako bat, Euskadin ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta gizarteak produktu ekologikoengatik duen gero eta eskaera handiagoari erantzuteko sortu baita plana. Ekoizleen eta erakundeen ahaleginari esker, labore ekologikoak pixkanaka-pixkanaka lur hektarea gehiago hartzen ari dira Euskadin.

Ruiz de Arcautek bere aurkezpenean azpimarratu duenez, “horrelako saiakuntzak funtsezkoak dira FOPEren erronka nagusiak betetzeko, hau da, nekazaritza sektoreari ekoizpen ekologikoa handitzen laguntzeko; eraldaketa eta merkaturatze katea garatzeko, eta, aldi berean, tokiko produktu ekologikoaren eskaria indartzeko”.

Landa lan horiek Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta NEIKERek eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoko Kontseiluak (Ekolurra) dinamizatzen duten Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren (FOPE) barruko lanak dira.