Albisteak

BERRIA

Berriro agertu gara munduko ikertzaile onenen Stanfordeko rankingean

21 urria 2022

Berriro agertu gara munduko ikertzaile onenen Stanfordeko rankingean

  • Carlos Garbisu ingurumen mikrobiologiako espezialista eta Ramon Juste animalia osasuneko aditua “Ranking of the World Scientists: World´s Most Influential (Top 2%) Scientists” zerrendan sartu dira laugarren urtez jarraian, eta Inma Estevez animalien etologia eta ongizateko zientzialari ezaguna ere sartu da.
  • Aitortza bereziki da meritu handikoa, zerrendan dauden beste erakunde batzuekin alderatuta, zentroa osatzen duten ikertzaileen kopurua mugatua da eta.

Stanfordeko Unibertsitateak laugarren aldiz eguneratu du munduko ikertzaile onenen zerrenda, argitalpen zientifikoei buruz Scopus atarian egiten diren aipamenetan oinarrituta.

Aurten ere, Amerikako unibertsitate ospetsuak Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko zuzendari zientifikoa, eta Ramon Juste doktorea, Animalien Osasun Departamentuko ikertzailea, sartu ditu indize horretan, eta Inma Estevez doktorea gehitu du, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea.

Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrenda horretan, eta hori oso errekonozimendu handia da zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, une honetan, rankinga erreferentzia zientifikorik entzutetsuena da nazioartean, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko.

Aitortzak, beraz, NEIKERen bikaintasun zientifikoa erakusten du, bereziki meritu handikoa NEIKEReko ikertzaile kopuru txikia kontuan hartuta, Stanfordeko rankingean sartzen diren beste zentro askorekin alderatuta, eta kontuan hartuta NEIKERek bere ikerketa lana lehen sektorearen zerbitzura eta transferentziara zuzentzen duela, horren balio erantsia gehitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

 

Ibilbide profesionala

Aurten, Garbisu doktorea, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoa, Stanfordeko rankingaren Top %1ean sartu da, 2021. urteko datuen arabera. Garbisu doktoreak aurrerapen handiak egin ditu lurzoruan bizi diren mikroorganismoen ezagutzari buruz, batez ere nekazaritza lurrei eta kutsatutako lurrei erreparatuz, eta aitzindari da Euskal Autonomia Erkidegoan Lurzoruko Mikrobio Ekologiaren garapenean. Gainera, ezagutza teoriko eta praktiko garrantzitsuak eman ditu lurzoru degradatuak berreskuratzearen arloan. Gaur egun, bere ikerketaren zati handi bat ingurumenean antibiotikoekiko erresistentzien agerraldian eta barreiatzean oinarritzen da.

Horrez gain, Ramon Juste doktoreak, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaileak, animalien osasunaren inguruan garatu du bere jarduera zientifikoa. Bere ekarpen zientifiko nagusiak mikobakteriosien azterketan zentratzen dira, eta paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du eta txertaketaren babes espezifikoa eta ez-espezifikoa frogatu du. Gaur egun, xede nagusia ildo horri jarraitzea da, hanturazko gaixotasun motelen sortzetiko immunitate mekanismo komuna argitzeko eta immunoterapia aktiboaren bidezko kontrolean aplikatzeko.

Azkenik, Inma Estevez doktorea, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, Zoologian lizentziatua eta Etologian (animalien portaera) doktorea da Kordobako Unibertsitatetik. Bere ibilbide profesional luzean, ikertzaile lanetan aritu da Agriculture Canadan, Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitatean, INRAn (Frantzia) eta Marylandeko Unibertsitatean (AEB), non Full Professor gradua lortu zuen. 2008an, IKERBASQUE Senior ikertzaile gisa batu zen NEIKERreko ikertzaile plantillara. Bere ibilbidean sari hauek nabarmendu behar dira: “Junior Faculty Award” (Marylandeko Unibertsitatea), Hy-Line Nazioarteko Ikerketa Saria eta Poultry Science Association-en Ekoizpenerako Hegaztien Ongizaterako Ikerketa saria. Estevez doktoreak ikerketa proiektu lehiakor ugari gidatu ditu bai AEBn bai Europan, betiere ekoizpenerako hegaztien portaerari eta ongizateari lotutako alderdien inguruan, eta argitalpen ugari ditu, izaera zientifiko hutsekoak zein dibulgaziokoak. Nazioarteko panel zientifiko askotan parte hartu du (Zientzien Akademia Nazionala), AEB, EFSA, WOAH (OIE). Bere ikerketa lana portaeraren ekologiaren oinarrizko ikuspegitik garatu da beti, eta, bereziki, dinamika sozialean egindako lanak nabarmentzen dira, nahiz eta horiek erraz uztartzen diren ekoizpenaren eremuko aplikazioekin.