Albisteak

BERRIA

NEIKERek Ezagutza Transferitzeko Bulegoaren aintzatespena lortu du

5 otsaila 2025
  • Teknologia-zentroa ezagutza transferitzeko bulego izendatu du Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, ikerketa zientifikoaren eta nekazaritzako elikagaien eta basoen sektorearen artean jokatzen duen lotura-rolagatik
  • Aintzatespenari esker, NEIKERek bere ikerketak babesteko baliabideak eskuratuko ditu, enpresa-elkarlanak sustatuko ditu eta soluzio berritzaileak aplikatuko ditu sektorean

 

NEIKER teknologia-zentroa ezagutza transferitzeko bulegoa da, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren arabera. Ezagutza transferitzen egiten duen lana babesten du egiaztapen horrek; izan ere, ikerketa zientifikoaren eta nekazaritzako elikagaien eta basoen sektorearen arteko lotura da. Egiten duen lanari esker, gainera, aurrerapen zientifikoak aplikazio praktiko bihur daitezke profesional, nekazari, abeltzain eta lotutako enpresentzat.

Bereizgarri horri esker, babes instituzionala izango du zentroak, eta ikerketetan sortzen duen ezagutza ekoizpen-sektorera transferitzeko gaitasun handiagoa izango du. Zehatzago esanda, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren baliabideak eta laguntzak eskuratu ahal izango ditu, ikerketen emaitzak babesteko; emaitza horiek merkaturatu ahal izango ditu patenteen bidez; eta proiektu berritzaileetan enpresekin elkarlanean aritu ahal izango da.

Ildo horretatik, zera adierazi du NEIKEReko transferentzia- eta merkatu-arduradun Iker Bilbaok: «Izendapenari esker, baliabideak eskuratu ahal izango ditugu, eta baliabide horiek zentroak ezagutza transferitzeko duen gaitasuna indartuko dute. Horrela, enpresekin elkarlanean aritu ahal izango gara eta gure ikerketaren aurrerapenak sektorean modu praktikoan aplikatu ahal izango dira».

111 ezagutza transferitzeko bulego daude Espainian; horietako zortzi Euskadin daude, eta NEIKER horietako bat da.  Nolanahi ere, NEIKER da nekazaritza-sektorean espezializatutako bulego bakarra. Nekazaritzako elikagaien eta basoen sektorearen garapen jasangarrian liderra dela adierazten du mugarri horrek, bada.

Berrikuntza eta transferentzia

NEIKERen ezagutza transferitzeko eredua hauetan oinarritzen da: nekazaritzako elikagaien eta basoen sektorearen balio-kateen negozio-ereduak aztertzean, merkatuaren beharrak identifikatzean eta bere ikerketen emaitzak irtenbide praktiko bilakatzean. Irtenbideok identifikatutako beharrei erantzungo diete eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eragin positiboa ekarriko dute.

Horretarako, erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzen da zentroa, eta sektorearen erronka zehatzei aurre egiteko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu. Lorpen nagusietako bat WELFAIR™ animalia-ongizatea ziurtatzeko eskema sortzea izan da. NEIKERek eskemari egiten dion ekarpena indioilarren eta hausnarkari txikien animalia-ongizatea ziurtatzeko protokoloak dira. AWIN® proiektu europarraren emaitzetatik abiatuta lortu ditu, ia hamar urtez ikertu ondoren.

Gainera, UDAPA sozietate kooperatiboarekin lankidetzan, Beltza eta Edurne patata-barietateak erregistratu ditu NEIKERek. Nutrizio-propietateak eta sukaldean modu askotan erabili ahal izatea dituzte bereizgarri.

Gainera, Asturiasko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapen Zerbitzuarekin (SERIDA) elkarlanean, biomarkatzaile bat identifikatu du zentroak; hari esker, paratuberkulosia diagnostika daiteke animalietan infekzioaren hasierako faseetan. Hobekuntza horri esker, hobeto kudea daitezke nekazaritzako ustiategiak osasun-arloari dagokionez, eta gaixotasuna hedatzea prebenitzen laguntzen da.