Albisteak

BERRIA

NEIKERek eta IRTAk garatutako Welfair™ animalien ongizatearen zigilua, bere berrikuntzagatik aitortua

29 martxoa 2021

Kontsumo Handiaren Berrikuntzaren Behatokiak Welfair™ saritu du animalien ongizatearen zigilua proiektu berritzaileenetakoen artean

  • Kontsumo Handiaren Berrikuntzaren Behatokiak saritu egin du IRTAk, NEIKERekin lankidetzan, garatu duen animalien ongizatearen zigilua, gizartearen eta kontsumo arduratsuaren beharrei erantzuteko erronkei aurre egiteagatik

Kontsumo Handiaren Berrikuntzaren Behatokiak, Institut Cerda erakundearen bidez, identifikatu egin ditu pertsonen osasunaren eta ongizatearen sektorearen erronka handiak, baita enpresen ingurumen konpromisoa ere. Kontsumo handiari zuzendutako berrikuntzan nabarmentzen diren 20 berrikuntzen artean, Behatokiak Welfair™ animalien ongizatearen ziurtagiria seinalatu du.

Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Institutuak (IRTA) garatu du bereizgarria, NEIKER zentro teknologikoarekin lankidetzan, eta Animalien Ongizatearen lehen ziurtagiria da, animalien eta haien portaeraren behaketan eta ebaluazioan oinarritzen dena. NEIKERen ziurtagiriak behi eta indioilar espezieentzako protokoloak garatu ditu, baita elikagaiak ekoizteko hazitako oilo eta oilasko, txerri, untxi eta galeperrentzako protokoloak ere.

Welfair™ ziurtagiriak kontsumitzailearen aurrean bermatzen du zigiluari atxikitako animaliak ongizateko baldintza etikoki arduratsuetan bizi eta sakrifikatu direla, Europako Welfare Quality eta AWIN (Animal Welfare Indicators) proiektuetan ezarritako protokoloen arabera.

Horrenbestez, animalien ongizatea bermatzen duten oinarrizko 4 printzipioak ebaluatzen dira:

  • Elikadura ona, egarri eta desnutriziorik gabe.
  • Ingurune eta ostatu egokia, ahalbidetuko diena mugitzea, atseden gunean eroso egotea eta konfort termikoa.
  • Osasun egoera ona, minik, lesiorik eta gaixotasunik gabe.
  • Portaera egokia espeziearen ezaugarriei dagokienez, horren barruan sartuta jokabide sozial positiboa, espeziearentzat garrantzitsuak diren portaerak erakusteko aukerarekin eta jokabide anomalorik gabe, eta animalien eta zaintzaileen arteko interakzio egokia, hau da, ez daitezela pertsonen beldur izan, eta, oro har, egoera emozional positiboa.

Gaur  egun, estatu osoko 25.000 etxalde inguruk dute Welfair™  ziurtagiria, eta WelfairTM zigilua aurkitu dezakegun elikagaien kategorien artean daude haragi produktuak, arrautzak eta esnekiak, hala nola esnea, irabiatuak, gaztak, gurinak ea jogurtak. Zigilua duten produktuak 4.000 establezimendu baino gehiagoren erosketa linealetan daude, lurralde osoan banatuta.

Welfair™ ziurtagiria lortu eta mantentzeko, enpresek urtero auditoria bat egin behar dute Welfair™ Ziurtapen Eskemari atxikitako ziurtapen erakunde baten bidez, eta erakunde horrek Welfare Quality Network edo AWINek ezarritakoaren arabera prestatutako auditoreak izan behar ditu. IRTAk ziurtagiriaren kudeaketa eta kontrola gainbegiratzen ditu, ebaluazio protokoloak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko, eta horren emaitza zigilu bat da, zientifikoki bermatutako adierazle gisa, erosketa etikoagoa aukeratzea ahalbidetzen duena.

Informazio gehiago: www.animalwelfair.com

Related posts