BERRIA
Marta Barral eta Xeider Gerrikagoitia: “Basafauna zaintzeak zilegitzen du arriskuak lehenago hautematea eta animalien, pertsonen eta gure lurraldearen osasuna babestea”
20 urria 2026
Fauna basatiaren osasunak harreman estua du etxeko animalienarekin eta gizakion osasunarekin. Gaixotasun batzuk transmititu daitezke espezie basatien eta azienden artean eta, zenbait kasutan, baita pertsonengana iritsi ere. Ingurune naturalean zer gaixotasun dauden, nola banatzen diren eta nola eboluzionatzen duten jakiteak ahalbidetzen du balizko arriskuak detektatzea eta haien prebentzioa hobetzea. Marta Barral eta Xeider Gerrikagoitia NEIKEReko Animalien Zientzia Saileko ikertzaileek 25 urte daramatzate lanean Euskadiko basafaunaren osasun-zaintzan, eta azaltzen dutenez, lan hori ez datza soilik “gaur egun zer mehatxu dauden jakitean”, baizik eta etorkizunean ager daitezkeenak identifikatzean ere bai.

Zergatik da garrantzitsua fauna basatiaren osasuna zaintzea giza osasunaz eta aziendaz ari garenean ere?
Badira etxeko animaliei zein basafaunari eragin diezaieketen gaixotasunak, eta elkarrean artean transmititu daitezkeenak. Gainera, horietako batzuk pertsonei ere transmititu dakizkiekeenez, gaixotasun zoonotikotzat hartzen dira.
Basafaunarekin lotura duten zoonosiak osasun publikoko arazo garrantzitsua dira gaur egun mundu osoan. Gero eta garrantzi handiagoa eta agerian geratzen ari da arlo horretan arreta handiagoa jarri behar dela.
Fauna basatiaren, etxeko animalien, pertsonen eta ingurumenaren arteko lotura hori dago One Health ikuspegiaren oinarrian. Nola aplikatzen da kontzeptu hori NEIKERen egunero egiten duzuen lanean?
One Health ikuspegiak laburbiltzen duen ideia honako hau da: gizakion osasuna,-eta animalien osasuna elkarren artean eta bizi diren ekosistemekin lotuta dagoela.
Gure kasuan, basafaunaren osasun-zaintzak, gaixotasunen epidemiologia ezagutzen laguntzen du, baita fauna basatiak horiek mantentzeko eta hedatzeko duen zeregina ere, eta basafaunaren eta etxeko animalien artean gaixotasunak barreiatzea prebenitzen.
Zaintza sanitarioaz ari garenean, zer egiten da zehazki eta zer informazio lor daiteke?
Zaintza-programa batek aukera ematen du jakin ahal izateko zer gaixotasun dauden animalia basatien artean, zer maiztasunekin agertzen diren eta nola banatzen diren lurraldean. Informazio hori oso aldakorra izan daiteke espeziearen, dagoen eremuaren eta lurralde horretan bizi diren etxeko animalia eta basatien arteko hartu-emanaren arabera.
Jarraipen hori denboran zehar mantentzeak aukera ematen du gaixotasunak nola eboluzionatzen duten ikusteko, eta beste berri batzuen agerpena antzemateko. Beharrezkoa denean prebentzio- eta kontrol-neurriak hartzea ere errazten du.
Oraintsuko adibide bat da erbi arrearen birusa lehen aldiz detektatu dela gure ingurunean, erbi-populazioen artean heriotza-tasa handia eragiten duena.
Zein gaixotasun zaintzen dira gaur egun Euskadin?
Etenik gabe zaintzen dira hainbat arrazoirengatik garrantzia izan dezaketen gaixotasunak: pertsonei transmititu ahal zaizkielako, aziendei eragin diezaioketelako, edo basafaunaren kontserbazioan izan ditzaketen eraginengatik. Horien artean daude hegazti-influenza, Mendebaldeko Niloko sukarra, Newcastle birusa, tuberkulosia, bruzelosia, eta basafaunari edo aziendei eragin diezaieketen hainbat gaixotasun. Horrez gain, beste zoonosi batzuen azterketa puntualak egiten dira, esate baterako, Q sukarra, leptospirosia edo Krimea-Kongo birusa.

Zaintza horren barruan, zein espezieri jarri behar zaie arreta berezia gaur egun?
Hegaztiek zaintza berezia behar dute, hegazti-gripea eta Mendebaldeko Niloko sukarra bezalako gaixotasunak eragiteko duten ahalmenagatik. Hegazti gripearen kasuan, hegazti basatiek, batez ere uretako hegazti migratzaileak, birusaren gordailu izan daitezke, bere agerrera eta hedapena ahalbidetuz. Euskadin patogenotasun handiko hegazti-influenza kasu batzuk detektatu dira azken urte hauetan hegazti basatietan, eta beraz, oso garrantzitsua da populazio basatiak zaintzea eta etxeko hegaztiekin kontaktua prebenitzea. Mendebaldeko Niloko sukarraren kasuan, eltxoen bidez transmititzen den gaixotasun hau, hegazti basati eta migratzaileek birusa barreiatzen laguntzen duteGaixotasun hori ohikoa da Europako hego-mendebaldean, eta agerraldi errepikariak izan ditu Espainiako zenbait tokitan, besteak beste, Andaluzian eta Extremaduran, batez ere zaldietan eta pertsonengan. Euskadin kasurik detektatu ez den arren, birusaren hedapenak beharrezko egiten du hegazti basatien zaintza mantentzea.
Newcastle gaixotasunak ere arreta berezia eskatzen du, hegazti guztiei eragin baitiezaieke eta inpaktu ekonomiko handia erakar dezakeelako. Espainian, 2025aren amaieraz geroztik, haren agerraldiak izan dira etxeko hegaztietan, eta animaliak hiltzea eta haien produktuak merkaturatzeko mugak ezartzea eragin du.
Basurdea da zaintza behar duen beste espezie bat. Haren populazioak nabarmen ugaritu dira gure lurraldean eta hainbat gaixotasunekin lotura izan dezakete. Horren adibide da txerri-izurri afrikarra, 2025eko amaieran Katalunian agerraldi bat izan zuena. Gaixotasun hori ez zaie pertsonei transmititzen, baina oso kutsakorra da, heriotza tasa handia eragin dezake basurdeetan eta txerri-ustiategietako aziendei transmititzeko arriskua dago, eta horrek eragin ekonomiko handia izan dezake.
Espezie horien jarraipena egiteak laguntzen digu aziendei ere eragin diezaioketen gaixotasunak eta arriskuak identifikatzen.

Ba al dago kasu jakinik fauna basatiaren detekzio goiztiarrak abeltzaintza-ustiategietako arazo handiagoak saihestu dituenik?
Ez dugu kasu zehatzik esan dezakegunik basafaunan egindako detekzio batek ustiategi bateko arazo larriago bat ekidin duela. Halaz eta guztiz ere, arrisku bat agertzen denean azkar jarduteko aukera ematen du zaintzak. Adibidez, hegazti basatietan patogenotasun handiko influenza-birusaren kasu positiboak atzematen direnean, berehala ematen zaie horren berri agintariei eta sektoreari.
Foku horien detekzio goiztiarrak eta egoera jakinarazteak ahalbidetzen dute beharrezkoak diren prebentzio eta kontrol neurriak indartzea hegaztien ustiategiek kalteak jasan ez ditzaten.
NEIKERek 25 urte daramatza ildo horretan lanean. Zer bilakaera izan du lan horrek aldi horretan?
2001ean hasi ginen NEIKERen basafaunaren gaixotasunak modu sistematikoan aztertzen. Ordutik, gure lurraldean dabiltzan espezieei eragiten dieten gaixotasunei buruzko ezagutza zabaltzen joan gara, eta basafaunara egokitutako protokoloak eta diagnostiko-teknikak garatu ditugu.
Etengabeko lan horrek aukera ematen digu populazioen osasun egoera hobeto ezagutzeko, eta egoera berrien aurrean prest egoteko, balizko gaixotasunen detekzio goiztiarra erraztuz.

Lan ildo horretan kokatzen da VEPIFAUS. Zer suposatzen du proiektu horrek Euskadiko fauna basatiaren zaintza sanitariorako?
VEPIFAUSek jarraipena ematen dio lan-ildo horri Euskadiko fauna basatiaren osasun-zaintza programa baten bidez. Animalien osasunerako eta osasun publikoarentzat interesgarriak diren gaixotasunen presentzia eta banaketa ezagutzea eta jarraipen hori denboran zehar mantentzea du helburu.
25 urte daramatzagu ildo horretan lanean, geure inguruko faunaren osasun-egoera ezagutzeko beharrezkoak diren analitikak garatzen. Zaintza horri urtez urte eusteak aukera ematen digu egoera berrien aurrean prest egoteko, eta balizko gaixotasunak garaiz antzematea errazten du.
Zaintza hori posible izan dadin, zer gertatzen den bertatik bertara jakin behar da. Zer eginkizun dute lehen sektoreak eta faunarekin harreman zuzena duten beste kolektibo batzuek?
Lehen sektorea kolaboratzaile garrantzitsua da, azienden osasunak harreman estua baitu fauna basatiarekin eta ekosistema berarekin. Abeltzainek lagun diezagukete egoera anomaloak antzematen edo eragiten dieten eta ingurune naturalean gertatzen denarekin zerikusia duten arrisku posibleak detektatzen.
Halaz eta guztiz ere, proiektu honetan, lurraldean ditugun “begiak” hauek dira: fauna basatiaren birgaitze zentroak, basozainak eta ehiztarien kolektiboa. Beraiek baitira fauna basatiarekin harreman zuzena dutenak, eta sintomak, ezohiko heriotzak edo beste egoera batzuk dituzten animaliak detekta ditzaketenak, arazo baten berri emateko.
Haien laguntza ezinbestekoa da gure zaintza- eta detekzio-gaitasuna hobetzeko.

Etorkizunera begira, zer erronka planteatzen dituzte klima-aldaketak eta espezieen mugikortasunak mehatxu berriak iragartzeko orduan?
Erronka nagusietako bat da klima-aldaketa aldarazten ari dela basafaunak, bektoreek eta patogenoek dituzten baldintzak. Aldatu egiten dira tenperaturak, jarduera-aldiak edo espezie jakin batzuek biziraun daitezkeen eremuak, eta horrek elkarrekintza berriak sor ditzake.
Horri gehitu behar zaio espezieen mugikortasuna, bai beren mugimendu naturalengatik, bereziki hegazti migratzaileen kasuan, bai giza jarduerarekin zerikusia duten joan-etorriengatik. Mugimendu horiek erraztu dezakete gaixotasunak lurralde berrietara iristea eta ordura arte esposiziorik izan ez duten espezieekin kontaktuan jartzea.
Aurrea hartzea da erronka nagusia; ez bakarrik gaur egun dauden mehatxuak ezagutzea, baizik eta identifikatzea zer aldaketak eragin ditzaketen arrisku berriak lurraldean, espezieen banaketan edo ingurumen-baldintzetan. Horretarako, basafaunari, bektoreei, ingurumenari eta aziendei buruzko informazioa elkarlotu behar dugu.
Bukatzeko, zer mezu helaraziko zeniekete Administrazioari, sektoreko profesionalei eta herritarrei zaintza hori mantentzearen garrantziaz?
Garrantzitsua da basafaunaren zaintzari eustea eta jarraitzea, arriskuak lehenago detektatzeko eta animalien, pertsonen eta geure lurraldearen osasuna hobeto babesteko.
Horretarako, ezinbestekoa da profesionalen arteko lankidetza, baina baita herritarren laguntza ere. Animalia basati bat gaixo edo hilda dagoela antzemanez gero, garrantzitsua da ez hurbiltzea edo manipulatzea, eta lehenbailehen abisatzea, modu seguruan jaso ahal dadin.
Guztion artean lagundu dezakegu arriskuak garaiz detektatzen eta geure fauna eta ingurunea hobeto babesten.




