Albisteak

BERRIA

Mahatsondoak xurgatutako uraren jatorria aztertzea, mahastizaintzak klima-aldaketari aurre egiteko oinarria

26 maiatza 2026
  • NEIKERek Europako IsWine proiektuan parte hartzen du. Proiektu horrek sustraien ur-xurgapeneko estrategiak aztertzen ditu, sektoreari lurzorua maneiatzeko tresnak eman, eta lehorteetan ekoizpena bermatzeko

Nondik eskuratzen dute ura mahatsondo baten sustraiek lurzorua idortzen hasten denean? Galdera horri erantzutea da Europako IsWine proiektuaren ardatz nagusia. Proiektu horren partaideetako bat da NEIKER teknologia-zentroa, eta haren helburua da mahastiak tenperaturen gorakadaren aurrean bizirik irauteko darabiltzan estrategiak identifikatzea. Sektoreari doitasunezko tresnak eman nahi zaizkio, lurzoruaren maneiua hobetzeko eta ur-estreseko egoeretan ekoizpena bermatzeko.

Horiek horrela, ikerketaren behagaia dira mahatsondoak ura xurgatu eta erabiltzeko baliatzen dituen mekanismoak, zehaztu nahi baitira lurzorua maneiatzeko jardunbide eraginkorrenak, prezipitazioak gero eta irregularragoak diren honetan hezetasuna mantentzeko. Hori ezagutzea funtsezkoa da klima mediterraneoko eskualdetako mahastizaintza, esaterako, Arabako Errioxakoa, klima-aldaketaren erronketara egokitzeko; izan ere, aukera ematen du lurpean gertatzen diren prozesuak zehatzago ulertzeko.

Hurbilketa horretarako, hainbat teknika erabiltzen dira, esaterako, isotopo egonkorren analisia. Isotopoak uraren identifikatzaile natural gisakoak dira, eta uraren jatorria bereiztea ahalbidetzen dute, alegia, euri-ura den, edo lurrun-ura, edo lur-geruzetan atxikitako hezetasuna.

«Seinale horiek identifikatzeak aukera ematen digu jakiteko mahatsondoak ura nondik eskuratzen duen eta, ur-baliabidea eskas denean, estrategia nola aldatzen duen», adierazi du Itxaso Ruiz NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak.

Trazabilitate horri esker, proiektuak ezagutza sortzea du xede, laboreak lehorteekiko erresilienteagoak izatera bideratutako maneiu-estrategiak diseinatu ahal izateko, betiere lehentasuna emanda lurzoruko uraren kontserbazioari, eta, azken batean, ureztapenarekiko mendekotasuna murrizteko.

 

Euskadi-Zeelanda Berria harremana

Maneiu-soluzio efizienteagoen bila, NEIKERek bere ikuspegia eta mahastizaintzak eta ardogintzak ezaugarritzen dituen beste eskualde batzuetako ikuspegiak alderatu ditu. Adibidez, Zeelanda Berrikoari erreparatu dio, uraren kudeaketan erreferentziatzat hartua baita, eta Itxaso Ruiz ikertzaileak ikerketa-egonaldi bat egin du bertan, aipatu proiektuaren barnean.

Klima ozeanikoa eta Arabako Errioxak baino ur-eskuragarri gehiago izan arren, Zeelandako Berriko mahastizaintzaren kudeaketa-ikuspegia jasangarritasunera eta ur-baliabideen erabilera efizientera bideratuta dago.

Egonaldian bereziki nabarmentzekoa iruditu zaio ikerketa zientifikoaren eta mahastizaintza eta ardogintzaren arteko integrazioa, oso konexio estua baitago ezagutza teknikoaren eta lursailean bertan erabakiak hartzearen artean. «Ezagutza transferitzeko eredu hori indartu nahi da doitasunezko mahastizaintzaren bidez; alegia, mahastietan erabakiak hartzearen zerbitzura jarrita teknologia», adierazi du Ruizek.

 

Zehaztasun-mahastizaintza

Ikuspuntu horren arabera, IsWine doitasunezko mahastizaintzari laguntzeko tresna bat da, laborea kudeatzeko datuak ematen ditu eta. Proiektuak proposatzen du aurrerapen teknologikoa irizpide profesionalaren ordezko ez, baizik eta osagarri izan dadila, eta mahastiaren ardura dutenei informazio objektiboa eman diezaiela, uraren erabilera optimizatzeko.

Epe luzean, ikerketa horien helburua da mahastizaintza eta ardogintzaren paisaia eraldatzea, erresilienteagoa izan dadin, ur-erregulaziorako gaitasun handiagoa izan dezan, lurzorua areago kontserbatu dadin eta biodibertsitatea ugaritu dadin. «Azken helburua da ekoizpen-oreka ziurtatzea eta mahastien kultur balioa babestea etorkizuneko erronken aurrean», aipatu du ikertzaileak.

Related posts