BERRIA
Polinizatzaileak eta landare-estalkiak, sagastien jasangarritasuna bultzatzeko aliatuak
2 ekaina 2026
- NEIKER saiakuntza bat egiten ari da Otalarreako (Gipuzkoa) esperimentazioa-lursailean, praktika agronomikoak aldatuta biodibertsitateak sagar-laboreen erabileran zer-nolako papera duen aztertzeko.
Modu efizienteagoan eta jasangarriagoan ekoiztea da gaur egun nekazaritza-sektorearen mantra. Ingurunearen babesa ustiategien errentagarritasuna epe luzean bermatzeko gai den lehiakortasun-faktore gisa integratu nahi da. Testuinguru horretan, biodibertsitatea funtsezko tresna da ekoizpen-eredu erresilienteagoetarantz aurrera egiteko.
Helburu horrekin, NEIKER zentro teknologikoa Europako POLITA proiektuaren buru da, eta, horren esparruan, saiakuntza bat egiten ari da foru-titulartasuneko Otalarrea finkan (Villabona, Gipuzkoa). Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta FRUITELen laguntza du, eta landareen eta artropodoen arteko elkarrekintzari esker —biodibertsitate funtzionala deritzo— sagar-labore emankorragoak eta erresilienteagoak lor daitezkeela frogatzea du helburu.
Horretarako, laboreen ohiko erabileran aldaketak sartzea du ardatz, ekosistemaren orekari mesede egiteko. Aldaketa aipagarrienetako bat mozketen maiztasuna murriztea da, hau da, ohiko bost mozketetatik urtean bi bakarrik egitera igarotzea. Horrela, landare-estalki askotarikoagoak eta konplexuagoak haziko dira, eta artropodo onuragarriek babesa eta elikagaia aurkituko dituzte bertan.
Praktika agroekologikoak sustatzearen aldeko apustu horrekin, bertako landarediak lekua berreskuratu dezake, eta ez da egongo kanpoko espezieak ereiteko beharrik. “Hazi komertzialak ereitean oinarritzen diren estrategiek ez bezala, saiakuntza honen bidez lurraren berezko floraren aldeko apustua egiten dugu. Izan ere, bertako landareak tokiko klimara egokituta daude eta inguruko polinizatzaileen zikloekin sinkronizatuta daude. Horri esker, kostuak murrizten dira, eta sagastia jasangarriagoa da”, azaldu du Isabel Albizu NEIKEReko ikertzaileak.

Labore eta fruituentzako onurak
Askotariko estalki natural horiek garatzeak zuzeneko eragina du sagastiaren biodibertsitate funtzionalean. Alde batetik, polinizatzaileak ugaritzen dira, hala nola basa-erleak eta beste intsektu batzuk. Horiei esker, gatzatze, tamaina eta kalitate hobea izaten dute sagarrek. Bestalde, fauna laguntzailea bultzatzen da, alegia, izurriteen kontrol biologikoan laguntzen duten harrapari naturalak. Hala, tratamendu fitosanitarioen beharra murriztu, eta laborearen erabilera jasangarriagoa sustatzen da.
Sentsore bioakustikoen erabilera ere aztertzen du proiektuak. Teknologia horrekin, modu ez-inbaditzailean monitorizatu daiteke intsektuen jarduera, haien portaera naturala aldatu gabe. Tresna hori laginketa-metodo tradizionalen osagarri da, eta ekosistemaren dinamikaren ikuspegi zehatzagoa ematen du.
Laboreen gainean eragin zuzena izateaz gain, saiakuntzak ikerketa-ildo berritzaile bat ere badu, polinizatzaileek mikrobiota-bektore onuragarri gisa duten zereginean oinarritua. “Landare eta fruituen artean mugitzean, organismo horiek legamiak eta bakterioak transferi ditzakete, eta horiek sagarren gainazala kolonizatu eta hartzidura-prozesuetan parte hartzen dute”, adierazi du Albizuk.
Fenomeno hori bereziki garrantzitsua da sagardoaren ekoizpenean. Izan ere, mikrobiota natural horrek eragina izan dezake azken produktuaren profil aromatikoan, konplexutasun sentsorialean eta tipikotasunean. Fruituaren kalitatea aztertzeko bide berriak irekitzen ditu.

Eredu errentagarriagoa eta transferigarriagoa
Ingurumen-inpaktuaz gain, erabilera-eredu horrek abantaila ekonomikoak ere baditu sektorearentzat. Lan mekanikoak murriztuta, makinen erabilerari lotutako kostuak murrizten dira, eta kontrol biologiko naturala indartuta, berriz, kanpoko inputekiko mendekotasuna murriztu daiteke.
Otalarrea esperimentazio-lursaileko lana bat dator NEIKERen helburuarekin: ezagutza zientifiko aplikatua sortzea, biodibertsitate funtzionalean ardaztutako estrategia berriak baliozkotzeko eta horiek profesional ekoizleei transferitzea errazteko. Epe luzera, ikerketa-lerro horrekin, nekazaritza-sistema jasangarriagoak, lehiakorragoak eta klima-aldaketaren erronketara egokituagoak garatzen lagundu nahi da.




