Albisteak

BERRIA

Eguzki-panelak, ardientzako gerizpe: atseden hartzea eta larrean jarraitzea ahalbidetzen dute

10 otsaila 2026

 

  • NEIKER, Europako Agripower ekimenaren bidez, egitura fotovoltaikoek animalien jokabidean eta lurzorua/larrea ekosisteman duten eragina aztertzen ari da.

 

  • Lehen emaitzen arabera, ardiek gerizpe gisa erabiltzen dituzte maiz panelak, bero den orduetan.

 

NEIKER teknologia-zentroak aurrerako urratsak egin ditu eguzki-energiaren sorkuntzaren eta abeltzaintzaren arteko bizikidetzari buruzko azterketan, Arkautiko egoitzan 2025eko apirilean instalatutako unitate agrovoltaiko esperimentalari esker. Azpiegitura hori, 8.000 m²-ko azalerakoa, Espainian denik eta unitate esperimental handiena da belar-laboreetan, eta, gaur egun, Europako AgriPower proiektu ari da garatzen bertan.

NEIKER liderra den ekimen horren helburua da sistema agrovoltaiko adimendunak probatzea, alegia, nekazaritza-produktibitateari eutsi, eta, aldi berean, energia-errendimendua optimizatzen dutenak. Azpiegitura horretan bada AV-3 kategoriako azpiunitate bat, ardi-abeltzaintzara bideratzen dena. Bertan, larreen bilakaera ebaluatzen da, baita abereek egitura fotovoltaikoen pean zer-nolako portaera duten ere.

Ebaluazio horren barnean, xede nagusietako bat da egitura horiek aziendaren ongizatean zer-nolako eragina duten zehaztea. Lortutako datuekin, berretsi da ardiek gerizpe gisa erabiltzen dituztela maiz panelak intsolazio handiko egun eta orduetan.

Frogatu da gerizpe artifizial horiek eraginkorrak direla animalien oreka termikoa hobetzeko. Aberaste espazial hori onuragarria izan liteke haien ongizatearentzat”, dio Nerea Mandaluniz NEIKERen Animalia Zientzia saileko ikertzaileak.

Gerizpe horiek nahiago dituztenez, artaldearen atseden-portaera aldatu egin da lurzati horretan. Larre ertzetako zuhaitzetara bildu ohi ziren ardiak eguerdiko orduetan. Alabaina, instalazio agrovoltaikoarekin, zuhaitzak beharrean, panelak baliatzen dituzte gerizpe gisa, eta larrearen erdigunean geratzen dira abereak atseden hartzen, are bero handieneko orduetan ere.

 

Lurzorua/larrea interakzioaren analisia

Abereen portaeraz gain, aziendaren, lurzoruaren eta eguzki-panelen peko landarediaren arteko interakzioa ere aztertu da ikerketan.

Batetik, itzalak aldaketak eragin ditu lurzoruak jasotzen duen irradiazioan, eta lurzoruaren tenperaturan eta hezetasunean, eta faktore horiei erreparatzen diegu, belarraren hazkundeari eta kalitateari, eta lurzoruaren osasunari zer-nola eragiten dien ezagutzeko. Bestetik, animaliak ingurune horretan betetzen duen papera ebaluatu dugu, kontuan hartuta onurak, gorozkiak ongarri naturala direnez, eta kalteak, esaterako, gerizpeen erabilera intentsiboaren ondorioz lurzorua trinkotzea”, azaldu du ikertzaileak.

Analisia osatzeko, zentroak larrearen ekoizpenaren eta kalitatearen eta lurzoruaren osasunaren jarraipena egiten du. NEIKERek, 2024an lehen laginketa-kontrola egin ondoren, aurten egin nahi du bigarren analisia, panelen peko lurzorua/larrea/aberea ekosistemaren bilakaera aire zabalekoarekin konparatzeko.

Lan horiek guztiak AgriPower ekimenaren barnean eginak dira, zeinak helburu baitu panelen itzalak ekosistema osoaren gainean (lurzorua/larrea/aberea) zer-nolako eragina duen zehaztea, larratze jarraituko kudeaketa baliatuta. Ekimenak soluzioak topatu nahi ditu, energia berriztagarriak lehen sektorean era jasangarrian txertatzeko, eta bat dator NEIKERen estrategiarekin; alegia, klima-larrialdiaren ondorioak arintzeko eta abeletxeen lehiakortasuna handitzeko alternatibak bilatzea.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.