Albisteak

BERRIA

“Helburua zientzia landa-eremura hurbiltzea da, era zuzen, baliagarri eta ulergarri batean”

19 ekaina 2025

Ikerketa zientifikoaren eta nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen arteko ezagutzaren transferentzia da NEIKERen ardatz estrategikoetako bat. Lotura hori indartzeko, zentroak BERRITZEN Plana abiarazi du. Plan hori hiru jardun-ildotan egituratutako ekimena da, eta, Olatz Unamunzaga zuzendari nagusiak dioen bezala, zuzenean inplikatzen ditu nekazariak, teknikariak eta ikertzaileak.

 

Zer da zehazki BERRITZEN Plana eta zergatik sortu da?

BERRITZEN ezagutza transferitzeko plan bat da, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearentzat funtsezkoa den une batean sortu dena; izan ere, sektore horrek behar du indartu, lehiakortasuna areagotu eta modu egokian balora dezatela. NEIKERetik urrats bat gehiago egin nahi dugu norabide horretan: zientzia landa-eremura hurbiltzea, era zuzen, baliagarri eta ulergarrian. Gure xedea da sortzen dugun ezagutza guztia benetan behar duenarengana iristea eta zentzuz aplikatu ahal izatea.

 

Zientzia eta landa-eremua lotzeko ideia hori ageri da planaren ardatz nagusitzat. Zer esan nahi du konexio horrek NEIKERentzat?

Zientziak sektorearen egunerokoan benetako eragina izatea nahi dugu. Eta horretarako funtsezkoa da ikuspegia aldatzea: ez da soilik sektorearentzat ikertzea, baizik eta sektorearekin batera. Gure apustua da ikerketa parte-hartzailea eta aplikatua lantzea, landa-eremuaren premien entzute aktiboan oinarritua. Harreman estu eta jarraitu horrek aukera ematen digu, egungo erronkei aurre egite aldera, eredu errentagarriago, erresilienteago eta hobeto prestatuago baterantz urratsak egiteko.

 

Elkarlaneko ikuspegi horrekin, BERRITZEN hiru ildo nagusitan egituratzen da. Nola dago egituratua plana eta nola erlazionatzen dira hiru ardatz horiek?

Elkarren osagarri diren eta transferentziaren fase guztiak estaltzen dituzten hiru ildoren inguruan diseinatu dugu plana: premiak identifikatzetik hasi eta baliozkotutako soluzioak abian jartzeraino.

Alde batetik, BERRITZEN Guneak daude, kondizio errealetan esperimentatzeko guneak. “Faro finka” gisa funtzionatuko dute, eta haietan nekazaritza-jardunbide berritzaileak probatuko dira, hala nola nekazaritza birsortzailea eta agrovoltaikoa. Proba horiek sektorearekin adostuta diseinatuko dira, eta jardunaldi irekiak antolatuko dira emaitzak eskueran jartzeko.

Horrez gain, BERRITZEN Praktikak daukagu, sektoreari aholkuak ematen dizkioten teknikariekin zuzenean lan egiten ardazten dena. NEIKERen osasun-sistemaren antzeko egitura bat jarri dugu abian: erreferentziazko figura bat, familia-mediku bat balitz bezala, azpisektoreetan premiak detektatu eta zentro barruko espezialista egokiengana bideratzen dituena. Egitura hori indartu egiten da aldizkako bileren eta foroen bidez. Hain zuzen, foro horien bidez, arazo zehatzei bideratutako erantzunak eman ditzakegu, modu azkar batean. AKIS da foro horietako bat.

Eta, azkenik, BERRITZEN Ideiak dago, sektoreari irekitako urteroko deialdia. Haren bidez, nekazariek, teknikariek eta eragileek ikertzea edo transferitzen laguntzea nahiko luketen gaiak proposatu ahal dizkigute. Hautatutako ideia horien ondorio izan daitezke proiektu berriak, transferentzia-ekimenak edota teknikarien egonaldiak zentroan, truke zuzenagoa eta aberasgarriagoa izateko aukera ematen dutenak.

Plana garatzeko 1,7 milioi euro inguruko aurrekontua dugu, eta hiru ildo horien artean banatuko da, haietako bakoitzean aurreikusitako jardueren arabera.

 

BERRITZEN Guneak ildoaren barruan zenbait lurzati esperimental jarri dira martxan. Zer eskaintzen du esperimentazioa nekazaritza-lursailetara zabaltzeak?

Gaur egungo sei lurzatiak NEIKERen lursailetan daude, eta BALTSAN nekazaritza jasangarriaren eta lurzoruen osasunaren esparruetan epe luzeko saiakuntza esperimentalen euskal sareari lotutako ibilbide luzeko saiakuntzen parte dira. Saiakuntza zientifiko oso sendoak dira, baina urrats bat harago joan nahi dugu BERRITZEN Guneetan.

Zehazki, asmoa da saiakuntza konplexuago horiek jardunbide errazekin osatzea, eta jardunbide horiek ez dute zertan epe luzekoak izan. Era berean, nekazarien benetako lursailetan probatu ahal izatea aurreikusten da. Horri esker, teknika jakin batzuek testuinguru zehatzetan nola funtzionatzen duten ikus dezakegu, beren berezitasun eta mugekin. Eta, batez ere, sektorea prozesuaren parte aktibo sentiarazten du. Azken batean, ingurune errealetan lan egiteak emaitzak erabilgarriagoak, egunerokora egokituagoak eta, beraz, transferigarriagoak izateko aukera ematen du.

 

Sektorearekiko lankidetza aktibo hori ere funtsezkoa da Praktikak ildoan. Nola artikulatzen da lan bateratu hori eta nola eusten zaio denboran?

BERRITZEN Praktikak ildoan atzean utzi nahi dugu eredu tradizionala, non transferentzia prozesuaren amaieran egiten baitzen. Hemen hasieratik partekatutako lan-logika batez ari gara. Entzutea, adostutako ibilbide-orriak eraikitzea eta konfiantza-esparru bat sortzea, nekazariekin, teknikariekin eta ikertzaileekin modu egonkor eta hurbilean lan egin ahal izateko.

Horregatik, aldizkako bilerak, erreferentziazko egiturak eta foroak proposatzen ditugu, hala nola AKIS, sektorearen erronkak errealismoz identifikatzeko eta elkarrekin erabakitzeko zer praktika transferitzeak duen zentzua. “Familia-medikuarengan” inspiratutako figura horrek funtsezko zeregina du, lekuan bertako premiak biltzen baititu eta, ondoren, NEIKEReko talde egokira bideratu. Ikuspegi jarraitu horrek aukera ematen digu soluzioak ondo egokitzeko, eta haiek bideragarriak direla eta sektorearen premiei benetan erantzuten diotela ziurtatzeko.

 

Eta sektorearen inplikazio hori BERRITZEN Ideiak ildoarekin burutzen da. Nola funtzionatzen du ildo horrek eta zer gertatzen da jasotzen diren ideiekin?

BERRITZEN Ideiak urteroko deialdia da, nekazaritza-sektore osoari ireki dioguna. Zuzeneko kanal bat eskaini nahi dugu, nekazariek, teknikariek eta beste eragile batzuek lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak proposa ditzaten, bai ikertzeko, bai transferitzeko.

Proposamenak jaso ondoren, zentroan haien bideragarritasuna, inpaktu potentziala eta gure ildo estrategikoekin lerrokatzen diren aztertzen dugu. Hortik aurrera, batzuk proiektu bihurtzen dira, beste batzuk transferentzia-jarduera, eta beste batzuk teknikari aholkularien egonaldien bidez gara daitezke gure zentroan. Ezagutzak sektoreak benetan eskatzen duenari erantzuten diola ziurtatzeko modu bat da.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.