Albisteak

BERRIA

Ardi hazkuntza jasangarriagoa bultzatzeko praktikak

17 apirila 2024
  •  NEIKER zentro teknologikoak LIFE GREEN SHEEP Europako proiektua koordinatzeko zazpigarren bilera hartuko du aste honetan, Arkautin dituen instalazioetan (Araba)
  • Ekimenaren helburu nagusia da artaldeetan berotegi efektuko gasen isurketak murriztea eta jasangarritasuna hobetzeko praktikak ezartzea

Gainerako giza jarduerek bezala, esnea eta haragia ekoiztekjasao ardi hazkuntzak ere nolabaiteko eragina du berotze globalean, besteak beste, kontsumitzen duen bazkaren digestioan digestio aparatuan gertatzen diren hartziduren ondorioz. Baina abeltzaintzako jarduera horrek askotan eragin positibo ugari ere sortzen ditu ingurumenean (suteen prebentzioa, biodibertsitatearen sustapena, etab.). Horregatik, funtsezkoa da emisioak murriztu eta lehen sektorean jasangarritasuna (ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala) sustatuko duten metodoak garatzea.

Arazo horiei heltzeko, NEIKER zentro teknologikoak LIFE GREEN SHEEP Europako proiektua koordinatzeko zazpigarren bilera hartuko du gaur-biharretan, Arkautin dituen instalazioetan (Araba) Ekitaldian, ekimenean orain arte lortutako aurrerapenak partekatuko dira, horren helburua izanik ardi ekoizpenaren karbono aztarna ebaluatzea eta jasangarritasuna hobetuko duten praktikak sustatzea, Espainian, Frantzian, Irlandan, Italian eta Errumanian.

Jardunaldietara Europako hainbat herrialdetako sektoreko adituak bilduko dira, baita sektoreko eragileak ere, hala nola Haragitarako Ardi eta Ahuntzen Lanbide Arteko sektorea (INTEROVIC) eta Idiazabal Jatorri Deitura.

Artaldeen azterketa

Ekitaldia apirilaren 17an hasiko da, asteazkena, ardi ekoizpenaren berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak ebaluatzeko hainbat tresnaren arteko analisi konparatibo baten emaitzak aurkeztuz.

Saio horretan, Frantziako CAP2’ER, Irlandako SheepLCA, Italiako CarbonSheep eta Espainiako ARDICARBON tresnek lortutako emaitzak eztabaidatuko dira, eta azterketa horren ondorioak aurkeztuko dira, tresna bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak eta artaldeetan BEG emisioak neurtzeko duten eraginkortasuna nabarmenduta.

Azterlan honen helburua da ardi ekoizpenaren berotegi efektuko gasen emisioak eta jasangarritasunaren funtsezko beste alderdi batzuk ebaluatzeko erabilitako metodologiak berrikusi, alderatu eta harmonizatzea, hondakinen kudeaketa barne”, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko departamentuko arduradun Roberto Ruizek azaldu duenez.

Tresnen konparazioaz gain, proiektuan parte hartzen duten bost herrialdeetako artaldeetan karbono aztarnari buruz egindako ebaluaziotik lortutako emaitzak azalduko dira. “Datu horiek hobetzeko arloak identifikatzeko eta estrategia eraginkorrak garatzeko aukera emango digute, Europan berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta ardi hazkuntzan praktika jasangarriagoak sustatzeko”, adierazi du ikertzaileak, zeina proiektua koordinatzen ari baita estatu mailan.

Halaber, parte hartzen duten artaldeetan jasangarritasunaren ebaluazio komun bat egiteko erabilitako metodologia eta lortutako emaitzak aurkeztuko dira. Azterketa horrek funtsezko alderdiak jasotzen ditu, hala nola baliabideen erabilera eraginkorra, ingurumenaren kudeaketa eta animalien ongizatea.

Ekitaldia bihar, apirilaren 18an, osteguna, amaituko da, Gipuzkoan Latxa arrazako artalde bat eta NEIKERen artaldea bera Arkautin bisitatuz. Bi artaldeen ezaugarria da ikuspegi berritzailea dutela berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta ardien hazkuntzan jasangarritasuna sustatzeko, praktika jasangarriak eta teknologia aurreratuak ezartzeari dagokionez.

LIFE GREEN SHEEPi buruz

LIFE GREEN SHEEP Europako proiektua 2020an abiatu zen, ardi ekoizpenean jasangarritasuna bultzatzeko, berotegi efektuko gasen emisioak murriztuz eta ingurumena gehiago errespetatzen duten praktikak ezarriz.

Proiektuaren liderra IDELE da, eta Europako bost herrialdetako ardi sektoreko I+G+B taldeak eta erakundeak biltzen ditu: Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia eta Errumania. Guztira, ardi haragiaren Europako ekoizpenaren %47 eta ardi esnearen %63 ekoizten dute. Estatu mailan, NEIKERek koordinatzen du, eta ITACYLek (Gaztela eta Leon), Oviaragonek (Aragoi) eta Lurgintzak (Euskadi) parte hartzen dute.

Ekimenaren helburu nagusia herrialde horietako artaldeen lagin zabal batean karbono aztarna ebaluatzea eta konparatzea da. Horrekin, ardi esne eta haragiaren ekoizpenari lotutako karbono aztarna %12 murriztu nahi da, aldi berean abeltzainen bideragarritasun ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala mantenduta.

 

Related posts