Albisteak

BERRIA

CLIMACAL, datu historikoei esker mahatsaren kalitatea iragartzea

30 abendua 2022

CLIMACAL proiektua amaierara iritsi da, mahatsaren kalitatea goiz iragartzeko tresna adimendun bat garatuta. Tresnak mahastien baldintza agroklimatikoen arabera egiten du iragarpena, %90 inguruko zehaztasunarekin, eta horri esker, proiektu honetan parte hartzen duten upategiek mahats bilketari aurrea hartu ahal izango diote hurrengo kanpainetan, eta mahatsaren kalitatearen estimazioetan oinarrituta mahastizaintzako eta ardogintzako estrategiak egokitu ahal izango dituzte. Proiektua amaitu bada ere, kanpaina bakoitzean informazioa txertatzen jarraituko da; horrela, beraz, tresnaren are zehatzagoa izango da eskuragarri dauden datuen bolumena handitu ahala.

Proiektua garatu bitartean, 8 kanpainatako (2015-2022) mahatsaren kalitateari buruzko datuak eta aldi horri dagozkion datu meteorologikoak bildu eta aztertu dira. Horrela, kalitate parametroen eta aldagai meteorologikoen arteko korrelazio garrantzitsuenak zehaztu ahal izan dira, eta hau egitea ahalbidetzen duten iragarpen ereduak garatu ahal izan dira:

  • Mahatsaren parametro fisiko-kimikoak kalkulatzea, kanpainaren lehen hilabeteetako aldagai klimatikoen arabera, mahatsaren lehen analisiak egin aurretik.
  • Mahatsaren kalitate parametroek datozen 7 egunetan izango duten bilakaera iragartzea, aldez aurretik egindako neurketen eta denbora tarte jakin batean, hau da, mahatsaren azken analisitik estimazioa egin bitartean, datu meteorologikoek izandako bilakaeraren arabera.

Ereduak entrenatzeko, ikasteko 3 teknika desberdin probatu dira; horrela, beraz, teknika horietako bakoitzaren emaitzak alderatu dira eta iragarpen ereduak hobeto doitzeko aukera ematen dutenak hautatu dira.

CLIMACAL proiektua

CIMACAL proiektua 2021eko urrian sortu zen, Bodegas Faustinoren, Pernod Ricard Winemakers Spainen eta Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen (NEIKER) arteko lankidetzaren ondorioz, mahatsaren kalitatea mahastietako baldintza agroklimatikoen arabera goiz iragartzeko tresna adimendun berri bat garatzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) batera finantzatzen dute proiektua, guztira 72.165,25 euroko dirulaguntza emanez.