Albisteak

NEIKERek Bikain ziurtagiria jaso du, euskara sustatzen laguntzeagatik

  • Zentro teknologikoa bere instalazioetan zein kanpo komunikazioetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik errekonozitu dute
  • Bereizgarri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio maila aitortzen die gure inguruko eremu sozioekonomikoko hainbat erakunderi
  • Banaketa ekitaldia joan den asteartean egin zen, Donostiako Kursaalean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria buru zela

NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, Hizkuntza Kudeaketaren Kalitatearen Bikain ziurtagiria jaso du aste honetan, zeina Eusko Jaurlaritzak ematen baitu, euskararen presentzia eta erabilera eremu sozioekonomikoan normalizatuta daudela egiaztatu eta aitortzeko.

Saria jaso duten gainerako erakundeek bezala, NEIKERek ere oinarrizko mailaren egiaztapena jaso du, Bikain Ebaluatzaileen Kluba osatzen duten 100 lagunek baino gehiagok urte hasieratik egindako kanpo ebaluazioko prozesu batean parte hartu ondoren.

Banaketa ekitaldia abenduaren 13an egin zen, Donostiako Kursaalean, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria izan zen buru, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin batera.

Zupiriak euskararen garrantzia azpimarratu zuen, eta, adierazi zuenez, euskararen erabilerak “erakunde baten kudeaketan berrikuntza” dakar, eta, aldi berean, “kalitate faktore esanguratsua da, egiten eta izaten jakiteko modu bat da, euskara lehiakorragoa izatea da”. Halaber, sailburuak adierazi zuenez, “euskarak enpresako langileen arteko harremanak indartzen ditu, nortasuna eraikitzen du, kohesionatzailea da eta munduaren aurrean marka bat da”.

 

Konpromisoa euskararekin

Zentro teknologikoak 2008an egin zuen lehen Euskara Plana, eta, ordutik, euskara, NEIKER barruan eta kanpoan harremanak izateko hizkuntza bat izateaz gain, lan tresna ere izan dadin ahalegintzen da. Halaber, garatutako azken planak zaintzen du NEIKERekin euskaraz harremana duen edonor hizkuntza honetan behar bezala artatua izan dadin.

Duela hamabost urte Euskara Batzordea eratu zenetik, zentroak hainbat jarduera egin ditu, eta, horien ondorioz, Bikain ziurtagiria eskuratu ahal izan du. Ekintza nagusien artean, NEIKEReko langileei euskara ikasteko prestakuntzaren bidez ematen zaien laguntza nabarmentzen da, bai euskara hobetu eta mailaz igo nahi dutenentzat, bai euskara zerotik ikasi nahi dutenentzat.

Gainera, kanpoko zein barruko komunikazioa elebiduna da, euskaraz eta gaztelaniaz, hau da, zentroko informazio tresna guztiak, webgune korporatibotik sare sozialetako profiletara edo prentsa oharretara, bi hizkuntzetan kontsulta daitezke.

Ildo horretan, nabarmendu behar da euskara beste lan hizkuntza bat bezala sendotzen ari dela, bai erakundearen barruan, de facto baita zentroan lan egiten duten profesional askok aukeratzen duten hizkuntza, bai kanpoan, presentzia nabarmena baitu NEIKERek eskaintzen dituen ekitaldi korporatiboetan eta mintegietan.

Ekintza horiek Eusko Jaurlaritzak eremu sozioekonomikoan sustatzen duen Euskararen Erabilera Sustatzeko Planaren ildoari jarraitzen diote, helburua izanik jarduera ekonomikoan euskararen presentzia bermatzea. Ildo beretik doa 2023an aurkeztuko den VII. Normalizazio Plana.

NEIKERez gain, Euskararen ubera (Euskararen hilarria) leloa izan duen edizio honetan, EAEko beste 27 erakunde publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria hiru mailatan: oinarrizkoa, ertaina eta goi mailakoa. 2008az geroztik, 465 Bikain ziurtagiri eman dira, gure inguruneko sare sozioekonomikoko erakundeen barruan euskararen presentzia, erabilera, edo, beste era batera esanda, euskararen alde uzten duten “arrastoa” aitortzeko.

Related posts