Albisteak

Euskadik eskualdeek baso-bioekonomiarako trantsiziorako motor gisa duten eginkizuna defendatu du

‘Erosketa berdea kontratazio publikoan: bioekonomia zirkularra babesteko jarraitu beharreko bidea?’ lelopean webinarra ospatu da gaur, kontratazio publiko berdeak garapen jasangarriari ekiteko eta merkatuak produktu eta zerbitzu jasangarriagoak hartzeko duen zeregina eztabaidatzeko. Erosketa publikoa funtsezko faktoretzat jotzen da bioekonomiarako trantsiziorako, eta, horregatik, gero eta erakunde publiko gehiagok egiten dute haren alde, ekonomia hutsetik harago doazen irizpideak baloratuz. Ekitaldia Bioregions Facility erakundeak antolatu du Euskadirekin, Ipar Kareliarekin (Finlandia) eta Ipar Renania-Westfaliarekin (Alemania) lankidetzan, eta basoetan oinarritutako bioekonomia zirkularrarekiko ikuspegi berritzaileei buruz Bioregions Facility sustatzen ari den webirrar batzuen parte da.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusiak parte hartu du, Europako bioekonomia garatzeko eskualde-ekintza baten beharra defendatuz. Barañanok Bioregions Facility-a aurkeztu du, eskualdeen arteko lankidetza sustatzeko eta basoetan oinarritutako bioekonomia zirkularra ezartzeko sortua. NEIKERreko zuzendariak azaldu duenez, Europako Baso Institutuak (EFI) koordinatutako ekimena da, eta Euskadi, Ipar Karelia eta Ipar Renania-Westfalia dira hiru eskualde sortzaileak. Bere funtzioen artean berrikuntza, erakunde, azpiegitura eta inbertsioen inguruko ezagutza trukea eta lankidetza nabarmentzen dira, sareen sorrera, enpresen aurkikuntza, finantzaketarako sarbidea, politiken ikaskuntza eta sentsibilizazioa bultzatzen duten jardueren bitartez.

Leire Barañanoz gain, Lidia Capparelli, Consipen (Italiako erosketa-erakunde zentrala) erosketa publiko berdeen arduraduna 2007tik, eta Erosketa Publiko Berdeari buruzko Europako Kontsulta Taldeko kidea; Martin Scherpenisse, erosketa eta lizitazio politiketan espezialista seniorra (Zeelanda, Herbehereak) eta Oriana Romano, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Ur programako burua izan dira. Gai honetan nazioarteko erreferenteak diren hiru aditu hauek beren esperientzia aurreratuak eta berritzaileak partekatu dituzte kontratazio publiko berdean, eta azpimarratu dute tokiko gobernuen eta erakunde publikoen palanka boteretsua dela merkatuan eragiteko.

Ekitaldian Bioregions Facilityk Europan egin berri duen inkestaren emaitzak ere ezagutu dira, Europan oinarri biologikoa eskuratzeko oztopoak, aukerak eta adibide arrakastatsuak identifikatzeko.

Informazio gehiago: network.bioregions.efi.int