Albisteak

BERRIA

Epe luzerako saiakuntzen sarea, Euskadi Europako nekazaritza ikerketaren gailurrean kokatzeko

8 otsaila 2024
  •  NEIKER zentro teknologikoak epe luzerako saiakuntza esperimentalak egingo ditu, nekazaritza sektoreko eragileen artean ezagutza sortzen eta transmititzen laguntzeko
  •  40 saiakuntza hektarea horietan lortutako ezagutzari esker, elikagaien ekoizpen jasangarriagoa bermatuko duten ereduak eta jokalekuak sortu ahal izango dira
  •  BALTSAN ikerketa sareak Euskadiko lehen sektorea Europa mailako nekazaritza berrikuntzaren erreferentzia gisa posizionatzen lagunduko du

Nekazaritzako elikagaien euskal sektorea eraldaketa ekologiko eta digital sakon batean murgilduta dago, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, horien artean egonik biodibertsitatearen galera eta lurzoruen pobretzea, belaunaldien arteko erreleborik eza, edo kontsumitzaileen eskaera gero eta handiagoa elikagai jasangarriagoak lortzeko. Hala ere, eraldaketa hori eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da arau esparru bat eta ikerketa estrategia sendo eta jasangarria izatea, klima larrialdiaren ondoriozko premia berrietara egokitua.

Agertoki horretan, NEIKER zentro teknologikoak, lehen sektorerako irtenbide teknologikoen garapenean espezializatuak, BALTSAN ekimena jarri du abian, nekazaritza jasangarriaren eta lurzoruen osasunaren esparruetan epe luzerako saiakuntza esperimentalen sarea, Euskadi nekazaritzako I+G+B arloan Europa mailan erreferentziazko lurralde gisa kokatzen lagunduko duena.

“Sarea elikatzeko, saiakuntzetan sortutako datuak eta ezagutza erabili eta epe luzera begira interpretatuko dira, elikagaien ekoizpen jasangarriagoa bermatuko duten ereduak eta jokalekuak sortu ahal izateko”, Carlos Garbisu NEIKEReko zuzendari zientifikoak azaldu duenez.

Nekazaritzako ikerketaren Europako erreferentea

Ikerketa sare hori abian jartzearen helburua da EAEko lehen sektorearen lehiakortasuna eta erresilientzia sustatzea, klima aldaketak etorkizunean ekarriko dituen erronkei begira, baliabide naturalen kontserbazioa bermatzeko, hala nola lurzoruarena edo biodibertsitatearena, baita ondare kulturalarena ere.

Zentro teknologikoa Derion (Bizkaia) eta Arkautin (Araba) dituen eremu esperimentalez baliatuko da epe luzerako nekazaritzako saiakuntzen sarea sortzeko. NEIKEReko zuzendari zientifikoak azaldu bezala, “eremu horiek ‘living labs’ edo laborategi bizi gisa funtzionatuko dute, eta, funtsezko ezagutza sortzeaz gain, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ikerketaren saiakuntza eta erakustoki bihurtuko dira”.

Zehazki, saiakuntzek sei ikerketa eremutan jarriko dute fokua: zerealak, mahastiak, fruta oskolduneko arbolak, txandakako larregintza birsortzailea, baso monitorizazioa eta finka konbentzional eta ekologikoen errotazioak.

Hasieran, 40 hektarea baino gehiago erabiliko dira entseguetarako, beste alderdi askoren artean, hauek ahalbidetzeko: gari konbentzionalaren eta ekologikoaren errendimenduak eta jasangarritasuna alderatzea, gure lurraldean intxaurrondoa, hurritza edo almendrondoa bezalako fruta oskoldunen arbolak jartzeko potentziala ebaluatzea, txandakako larregintza birsortzailearen bideragarritasuna zehaztea, edo nekazaritzako praktikek lurzoruaren osasunean eta biodibertsitatean duten eragina ebaluatzea.

Ekimena hainbat politika, estrategia eta araudi berriri gehitzen zaie, horien artean nabarmentzekoak izanik, Europa mailan, Europako Itun Berdea, Biodibertsitatearen Estrategia edo “Baserritik Mahaira” Estrategia, eta, maila lokalean, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Basque Green Deal eta Euskadiko 2024ko Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren Plana.