Albisteak

BERRIA

Jaime Uria-Diez: “Ura babesteko teknologia hoberena ez da hormigoizko obra bat, baizik txukun kudeatutako basoa”

16 iraila 2026
Jaime Uria-Diez haciendo mediciones para el proyecto URBASO en Urdaibai, Bizkaia.

 

Etxean kontsumitzen dugun ura ez da ur-araztegietan egiten hasten, askoz lehenago baizik, baso-arroan bertan. Premisa horrekin lantzen da LIFE URBASO proiektu europarra, NEIKERek koordinatzen duen ekimena, mendia behar bezala zaintzeak zuzenean hobetzen duela biltzen den baliabidea frogatu nahi duena. Jaime Uria-Diez, zentroan Baso Zientzien Saileko ikertzailea denak, ekimenaren nondik norakoak xehatzen ditu, eta gogorarazten du “askotan osasuna eta ura kimikatik edo medikuntzatik hausnartzen ditugun arren”, proiektu honen ebidentziak erakusten duela “osasungintza publikorako tresna ere izan daitekeela basoen kudeaketa”

 

Zuzeneko zer lotura dago gure basoen osasunaren eta geure etxeetara iristen den uraren kalitatearen artean?

Askotan pentsatzen dugu edateko ura araztegiaren menpe dagoela besterik gabe; baina, benetan, askoz lehenago hasten da hura “fabrikatzen”, baso-arroan bertan. Txukun kudeatutako baso batek lurzorua babesten du, infiltrazioa errazten du eta ur gordina garbiago eta modu egonkorragoan helarazten du erreketara eta hartuneetara. Aitzitik, lurzorua higatzen denean edo oso eraldatuta geratzen denean, uretara iristen diren sedimentuak, uhertasuna eta materia organikoa ugaritu egiten dira azkenean, eta ur hori edangarri bihurtu behar da gero.

LIFE URBASOn, hain zuzen ere, lotura hori landu dugu. Ideia nagusia nahiko sinplea da: mendia ibaiaz goitik hobeto zaintzen badugu, ibaian behera datorren urak tratamendu gutxiago beharko du, eta berme gehiago izango du giza kontsumorako.

Urte hauetan Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Bakio eta Markina aldean egin duzue lan, besteak beste. Zeintzuk izan dira erronka nagusiak mendialdean?

Proiektuaren erronka nagusietako bat ez da teknika hutsekoa izan, gobernantzakoa ere izan da. Eskualde horietan, jabetza publikoak eta pribatuak biziro baldintzatutako errealitate bat dago, eta administrazio publikoek, baso-kudeatzaileek, ur-erakundeek, baso-jabeek eta ikerketa-zentroek parte hartu dute ekimenean, bakoitzak bere eskumenak eta interesak dituela.

Ikuspegi horiek guztiak koordinatzea eta topaguneak aurkitzea izan da alderdirik konplexuenetako bat. Zenbait udalek ur-bilketako eremuak babesteko interes bizia erakutsi duten arren, eta lursail estrategikoen erosketa bultzatzera iritsi badira ere, neurri horiek jabetza pribatuaren errealitatean artikulatzeak denbora eta negoziazio-prozesu konplexuak eskatzen ditu.

Hala ere, Urdaibain 2022ko udan, eskualdetik kanpoko ur edangarria ekarri behar izan zenean, izandako lehorte handia bezalako egoerek erakusten digute beharrezkoa dela zerbitzu guztiak ziurtatuko dituen lurralde-plangintza bat egitea, paisaia erresilienteak sortuz.

LIFE URBASOn “azpiegitura berdeaz” eta naturan oinarritutako irtenbideez hitz egiten da. Nolako aldaketa zehatzak proposatu dituzue basoaren kudeaketan ur hori babesteko?

Proiektuak asko hitz egiten du “azpiegitura berdeaz”, askotan ura babesteko teknologia hoberena ez baita hormigoizko obra bat, baizik eta espazioan eta denboran etengabeko estaldura duen txukun kudeatutako basoa.

Kudeaketa hori bultzatzeko, apustua egin dugu lurzorua beti landarediaz jantzita edo baso-lur gozoz babestuta egon dadin basogintza-ereduen alde. Lurzorua biluzik geratzen denean, euri-tantek zuzenean jotzen dute haren gainazala, eta hala, higadura eta partikulen garraioa zilegitzen dira mendi-mazeletan behera, ur-ibilguetaraino iritsi arte. Partikula horiek uhertasuna areagotu egiten dute, eta ondorioz, tratamendu fisiko eta kimiko intentsiboagoak aplikatu behar dira hura edangarri bihurtzeko araztegian.

Aitzitik, baso-lurzoru osasuntsu batek, sustrai-sistema sakonari esker —alegia, lurra ainguratzen eta eusten duen sustrai-multzoari esker— eta materia organikoaren etengabeko ekarpenari esker, nabarmen murrizten du higadura-arriskua, eta ur gordina uhertasun-maila txikiagoarekin sortzen laguntzen du. Jarraibide horiek landuta, sedimentu-karga % 25 murriztu ahal izatea aurreikusten dugu.

 

Ura kloroarekin tratatzean trihalometanoak sortzea da gutxien aintzat hartzen den arriskuetako bat. Nola laguntzen du baso-kudeaketa txukun batek arazo hori gutxitzen?

THM edo trihalometanoak ura klorazio bidez desinfektatzean sortzen diren azpiproduktuak dira, eta haien mailak Europako araudiak arautzen ditu osasunean izan ditzaketen eragin kaltegarriak direla eta. Konposatu horiek ura desinfektatzeko eta patogenoak kentzeko erabilitako kloroak ur gordinean dagoen materia organiko naturalarekin erreakzionatzen duenean sortzen dira. Baso-sistema bakoitzak ezaugarri desberdineko materia organikoa ekarri ohi duenez, kloroarekiko erreaktibotasuna ere aldatu egin daiteke. Gure helburua desberdintasun horiek aztertzea izan da, ur-hartuneetan kalitatea bermatuko duten basogintza-gomendioak proposatzeko.

URBASOren alderdirik interesgarriena jatorrian bertan ekitea proposatzen duela da, arroan —hau da, ur-hartuneetara drena egiten duen euri-ura biltzen den mendi-eremu osoan— higadura murriztuz eta materia organiko mota aldatuz, eta horrek zuzenean laguntzen du ondorengo edateko ur bihurtzeko prozesua sinplifikatzen. Modu horretan, disolbatutako karbono organikoaren kantitatea % 10 murriztu ahal izatea espero dugu.

Azkenean, horrek erakusten digu baso-kudeaketa osasun publikoko tresna ere izan daitekeela; askotan osasuna eta ura kimikatik edo medikuntzatik soilik hausnartzen ditugun arren, mendia nola zaintzen dugun da baliabide hori babesteko gakoa.

 

Ez gara kalitateaz bakarrik ari, kantitateaz baizik. Lehorte-garai hauetan, posible al da ondo kudeatutako baso batek kontsumorako ur gehiago “fabrikatu” ahal izatea?

Ezin dugu esan baso batek ura sorrarazten duela, baina bai askoz hobeto kudea dezakeela hura nola biltegiratzen den eta nola zirkulatzen urak duen arro batean. Baso-lurzoru osasuntsu batek ur gehiago infiltratzen du, isurketagatiko galera azkarrak murriztu egiten ditu, eta erreketara ekarpen iraunkorragoak egiten laguntzen du.

Hori ulertzeko, garrantzitsua da bi ur mota bereiztea: ur urdina eta ur berdea. Ur berdea landaretzan zehar dabailena da; zati bat hostoetan geratzen da eta lurrundu egiten da; eta beste zati bat sustraiek hartzen dute fotosintesia egiteko eta transpiratu egiten da, eta beraz, ez da ibaira iristen. Lurraren barnerantz iragazi eta akuiferoetara edo ibaietara iristen den ura, berriz, ur urdina da, eta ur hori baliatzen dugu hartuneetan.

Klima aldaketak nolako baso mota dugun eta hura nola kudeatzen den pentsatzera behartzen gaituenez, espezieek oso eskaera hidriko desberdinak dituztelako, LIFE URBASOn erresilientzia irabazteko egokitu dugu baso-kudeaketa. Baso-ekoizpena, bioaniztasuna eta segurtasun hidrikoa bateragarri egin nahi ditugu, lurzoruaren erabilera-aldaketa horiek eskuragarri dagoen ur-kantitatea % 15 handitzea erakarri dezaketela frogatu ahal izateko.

Proiektuaren zutabe bat ekosistema-zerbitzuengatiko ordainketa da. Nola azaltzen zaie baso-jabeei beren lana funtsezkoa dela, eta nola konpentsa daiteke ahalegin hori?

Nire ustez, lehenik eta behin, onartu behar da baso-jabeak egurra baino askoz gehiago ematen duela, nahiz eta askotan hori ez den ikusten. Baso-jabe batek lurzoru egonkor bat mantentzen duenean edo ur-bilketa babesten duen kudeaketa bat aplikatzen duenean, gizarte osoarentzako onurak sortzen ari da: kalitate hobeko ura, tratamendu-kostu gutxiago eta biodibertsitate gehiago.

Ekosistema-zerbitzuengatiko ordainketek, hain zuzen ere, ahalegin hori kontratu-tresna baten bidez aintzat hartzea bilatzen dute. Ideia da kudeaketa horrek sortzen duen onura sozialaren zati bat ekonomikoki ere itzultzea kudeaketa hori posible egiten duenari. Proiektu honetan oso garrantzitsua izan da zubiak eraikitzen saiatzea, ez konfrontazioak; basogintza sektoreak irtenbidearen parte izan behar du, ez du arazotzat seinalatuta sentitu behar.

 

Proiektua aurten amaitzen den honetan, zein da eredu hori aldatzeko administrazioen esku geratzen den emaitza nagusia?

LIFE URBASOren ondaretik handiena da egintzekin erakutsi izana urak eta baso-kudeaketak ezin dutela jarraitu bakoitza bere aldetik lanean; izan ere, proiektuak benetako laborategi gisa funtzionatu du, mendia zaintzea eta zura modu jasangarrian ekoiztea baliabidea, osasuna eta lurraldea babesteko zuzeneko tresna bihurtzen direla frogatzeko. Izan ere, esperientzia hori oso ekarpen praktikoetan gauzatzen da: arriskua ebaluatzeko metodologiak, baso-kudeaketako irizpideak biltzen dituen eskuliburu bat eta eremuak mugatzeko Gida Tekniko bat, beste administrazio batzuen lana erraztuko duena. Metatutako ezagutza hori guztia une erabakigarrian iritsi da, hain zuzen ere, Europako araudi berriak edateko ura biltzeko eremuetako arriskuak askoz hobeto ebaluatzera behartzen duenean; horrek erreferentzia ezin hobea bihurtzen du gure esperientzia beste leku askotarako.

 

 

 

 

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.