BERRIA
NEIKERek CIEFAPeko hainbat landaketa bisitatu ditu Patagonian basoen kudeaketan esperientziak trukatzeko
28 urtarrila 2020NEIKERen eta Andeetako eta Patagoniako Baso Ikerketa eta Hedapen Zentroaren (CIEFAP, Argentina) arteko lankidetza hitzarmenaren esparruan, Ander Arias Gonzalezek, NEIKEReko Baso Zientzien Departamentuko buruak, eta Javier Herrero Pedrerok, departamentu bereko ikertzaileak, CIEFAPen instalazioak bisitatu dituzte, baita erakunde hori Chubut eta Rio Negro Probintziekin (Patagonia) lankidetzan garatzen ari den hainbat saiakuntza ere. Egonaldian zehar, landaketa mistoen edo hainbat espezieren inguruan garatzen ari diren proiektuak ere ikusi zituzten, Parke Nazionalen Administrazioak landutakoak, Comahueko Unibertsitate Nazionaleko Andeetako San Martin Asentamendu Unibertsitarioaren ondoan. Horiez gain, herrialdeko Teknologia Agropekuarioko Institutu Nazionala espezie natiboen eta exotikoen hobekuntza genetikorako egiten ari den lanak ere bisitatu zituzten.
NEIKERen misio instituzionalaren zati bat baso-industria sektoreari balio erantsia ematean datza. Arrazoi hori tarteko, beharrezkotzat jo zen landaketa mistoak kudeatzeko esperientziak bertatik bertara ezagutzea, klima aldaketara egokitze aldera, izan ere, hainbat espezieren landaketek erresilientzia handiagoa erakusten dute espezie bakarreko basoek baino. Halaber, bai NEIKERek bai CIEFAPek baieztatu zuten beharrezkoa dela ekoizten den egurrak ezaugarri teknologiko jakin batzuk edukitzea, balio erantsi handiko produktuen manufaktura bermatzeko. Halaber, bat etorri ziren esatean garrantzitsua dela ezaugarri berritzaileak sartzea basoko espezieen hobekuntza genetikoko plan berrietan indibiduoak hautatzeko garaian, mundu osoan klima aldaketaren edo lehengaien globalizazioaren ondorioz, besteak beste, sortu daitezkeen mehatxuei aurre egiteko.
“Klima epeleko gizarte garatuetan aurre egin beharreko arazoak antzekoak dira, espazioan hain urrun egonda ere, klima aldaketa eta gizartearen eskakizunak maila globalekoak direlako. Irtenbideak CIEFAP eta NEIKER bezalako lankidetza sakoaren eskutik etorri behar dira, ezagutza eta estrategiak partekatuz, lehengaien hornidura jasangarria segurtatzeko, balio erantsi handiko produktuak garatuz eta baliabideak eta biodibertsitatea kontserbatuz”, adierazi zuen Ander Arias Gonzalezek, lankidetzaren estrategiak lantzeko egindako azken bileran. Javier Herrerok adierazi zuenez, berriz, “hautapena eta hobekuntza genetikoa funtsezko tresnak dira kalitatezko produktuak lortzeko, izan ere, basoko masen erresilientzia sustatzen dute, eliteko indibiduo egokituak sartuz. Indibiduo horien dibertsitatea da arrakastarena bermea”.
CIEFAPeko zuzendari exekutibo Jose Daniel Lencinas doktorearen iritziz, “basoa kudeatzeko gaitasunak indartzea eta berriak sortzea lanerako lehentasunezko jarduerak dira, bereziki klima aldaketari erreparatuta, eta esparru publikoan zein pribatuan landu behar dira. Beharrezkoa da aurrera egitea tokian-tokian klima aldaketak gure basoen eta landaketen gainean dagoen ezagutzari buruz. Erakundeen artean ari gara lanean, aholkularitza emateko eta gure basoko baliabideen gainean gertatu daitezkeen muturreko fenomenoak aurrez kudeatzeko perspektiba indartzeko. Baso epeletako muturreko agerraldiek, esaterako, banda marroi eta gorriarekin Euskadin, eta Alemaniako Harz-en, muturreko lehorte eta haizeteekin, erakutsi dute horiek bat-batean gertatzen direla, eta kudeatzeko gaitasun arrunta gainditzen dutela, basoko industriei indarrez eraginez. Baso natiboetan basoaren egokitzapena planifikatzeko erronkari erantzuteko, eta etorkizuneko landaketak sortzeko, beharrezkoak dira malgutasuna, inbertsioa eta behar besteko gaitasuna basoen inguruko erakunde, enpresa eta politiketan, katastrofeei aurrea hartu ahal izateko eta horien ondorio sozioekonomikoak murrizteko”.
Lankidetza horri esker, andetar-patagoniar zein euskal baso masei aplikatutako ezagutza sortu ahal izango da, bi gizarteen beharretan oinarrituta. Lankidetzak hainbat esparru hartuko ditu, horien artean egonik bi erakundeentzat interesgarriak diren basoko materialak partekatzea, basoko baliabideen hobekuntza genetikoari buruzko ezagutza sakontzea, bi lekuetako masak mehatxatzen dituzten patogenoen populazioen dinamikari buruz sakontzea, lekuen emankortasunaren gaineko azterketak egitea eta istiluek horitan duten inpaktua ikertzea, eta karbonoa lurrean atxikitzeko gaitasunari baso masen hegalari buruzko azterketak indartzea. Lankidetza hori garatzeko, besteak beste, bisita edo egonaldi laburrak egingo dira, tesiak elkarrekin zuzendu, eta proiektuak elkarlanean garatu.