Albisteak

BERRIA

NEIKERek ustiapen agrovoltaikoan egin dituen aurrerapenak aurkeztuko ditu Food 4 Future 2026en

30 apirila 2026
  • Zentro teknologikoak maiatzaren 27 eta 28an Bilbao Exhibition Centren (Barakaldo, Bizkaia) egingo den ekitaldi horren aurtengo edizioan ere parte hartuko du
  • Eusko Jaurlaritzaren standean egongo da, eta unitate agrovoltaiko esperimentalaren maketa bat erakutsiko du
  • Gainera, nekazaritza birsortzaile, digital eta erresilientearen etorkizunari buruzko nazioarteko mahai-inguru baten moderatzailea izango da

 

NEIKERek aurten ere Food 4 Future – Expo FoodTech bilkuran parte hartuko. Nekazaritzako elikagaien industriarako berrikuntzaren arloko erreferentziazko ekitaldi hori Bilbao Exhibition Centren egingo da (Barakaldo, Bizkaia). Zentro teknologikoak bere azken soluzioak aurkeztuko ditu, xede dutenak nekazaritza-eredu jasangarriago, erresilienteago eta ezagutzan oinarrituago baterantz aurrera egitea.

 

Ustiapen agrovoltaikoa, nekazaritza berrikuntzaren palanka

Azokan, NEIKER Eusko Jaurlaritzaren standean egongo da, agritecharen arloan lantzen ari den ikerketa-ildo nagusietako batzuen berri emateko.

Horien artean, nabarmentzekoa da Arkautiko zentroan daukan benetako unitate agrovoltaiko esperimentalaren maketaren aurkezpena. Estatuan denik eta labore belarkaretako instalazio agrovoltaiko esperimental handiena da hura, eta horren xedea da baldintza errealetan aztertzea nekazaritza-ekoizpenaren eta energia fotovoltaikoaren sorkuntzaren arteko bateragarritasuna.

Unitateak 8.000 m² inguruko saiakuntza-azalera hartzen du, eta eguzki-panelek euskarri-egitura goratuak dituzte, horien pean laborantza mekanizatua egin ahal izateko. Diseinu horri esker, itzal partzialak, eguzki-erradiazioak eta ur-eskuragarritasunak labore belarkara desberdinetan duten eragina azter daiteke, baita errendimendu agronomikoan eta energetikoan duten eragina ere.

Ustiapen agrovoltaikoak hiru erronka handiri aldi berean heltzeko aukera eskaintzen du: deskarbonizazioan aurrerapausoak ematea, klima-aldaketara egokitzea eta saihestea elikagaien eta energiaren ekoizpenak elkarren lehian aritzea lurzoruaren erabileran.

Azpiegitura hori Europako AgriPower proiektuaren esparruan garatzen da, eta funtsezko ingurune esperimentala da nekazaritza-ekoizpena eta sorkuntza berriztagarria integratzen dituzten lurzoru-erabilera dualeko ereduak ebaluatzeko. Helburua da ebidentzia zientifikoa ematea ingurune atlantikoko klima- eta ekoizpen-baldintzetara egokitutako sistema agrovoltaikoen diseinua optimizatzeko.

NEIKERek, unitate esperimental horren bidez, aztertu nahi du nekazaritza-ustiategiak, lurzoruaren eta baliabideen erabilera efizienteagoa eginda, ekonomikoki bideragarriak diren.

 

Nazioarteko kongresuan parte hartzea

NEIKERek, horretaz gain, nazioarteko goi-mailako saio bat dinamizatuko du kongresuan.

Maiatzaren 28an, osteguna, 11:00etan, AZTI auditoriumean, zentroa «Reinventing Agriculture for the Next Generation: Regenerative, Digital, Resilient» mahai-inguruaren moderatzaile gisa jardungo da.

Saioak nekazaritzaren bilakaerari helduko dio; zer-nola ari den bermatzen etorkizuna, belaunaldi-erreleboaren, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren bitartez. Testuinguru horretan, nekazaritza birsortzailearen zeregina aztertuko da, baita tresna digitalena ere, hala nola doitasunezko nekazaritza, adimen artifiziala edo jardunbide klimatikoki adimendunak, nekazaritza-sistema erresilienteagoak eta errentagarriagoak eraikitzeari dagokionez.

Nazioarteko nekazaritzako elikagaien ekosistemako funtsezko eragileek parte hartuko dute mahaian, hala nola EIT Food, PepsiCo, Nekazaritza Ministerioa eta La Vega Innovaren startup bat.

 

Nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunarekiko konpromisoa

NEIKERek Food 4 Futureren edizio berri honetan parte hartzeak indartu egiten du zientziaren, teknologiaren eta lankidetzaren bidez nekazaritzako elikagaien sektorea eraldatzeko duen konpromisoa.

Klima-aldaketak, digitalizazioak eta belaunaldi berriak sektorera erakartzeko beharrak ezaugarritzen duten testuinguru honetan, zentroak soluzio berritzaileak garatzen jarraitzen du, elikadura-sistema jasangarriagoa, lehiakorragoa eta etorkizunerako prestatuagoa eraikitzen laguntzeko.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.