Albisteak

BERRIA

NEIKER-Tecnaliak BOVIGREEN ekimenean parte hartuko du, haragitarako behietan ingurumen eragina murrizteko asmoz

30 abuztua 2018
NEIKER-Tecnaliak BOVIGREEN ekimenean parte hartuko du, haragitarako behietan ingurumen eragina murrizteko asmoz
Behi ustiategietan kudeaketa eredu iraunkorragoak identifikatzea eta sustatzea du helburu nagusi

NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapeneko Euskal Erakundeak bat egin du BOVIGREEN ekimenarekin. Haragitarako behiaren ingurumen aztarna murrizteko helburua duen talde eragilea da, hainbat ekoizpen faktorek sortzen duten eraginari erreparatuz, tartean, eta bereziki, CO2 igorpenak.

Horretarako, kudeaketa eredu iraunkorragoak identifikatzeari eta sustatzeari ekingo dio, eta hainbat adierazle finkatuko ditu, baserri bakoitzaren egoera ezagutzeko eta ebaluatzeko, euren balioa agerian jartzeko eta kontsumitzaileei horren berri emateko.

Gainera, ekonomia zirkularreko metodologiak baliatuko ditu, ekoizpen prozesuak optimizatuko ditu, eta energia kontsumoak, elikadura eta ekoizpen prozesuaren ziklo osoa aztertuko ditu abeltzaintzaren sektoretik.

Europako Batzordeak azken urteetan bere PEF (Produktuaren ingurumen aztarna) metodologia horizontalean abian jarritako proiektu pilotuen lana osatzeko sortu da BOVIGREEN, eta Landa Garapenerako Programa Nazionalaren babesa jaso du. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Fondoak (Feader) finantzatu dute.

Bestalde, Haragitarako Behi Ekoizleen Espainiako Elkarteak (ASOPROVAC) gidatuko du ekimena, eta bertan parte hatuko dute Empresa y Clima Fundazioak (FEC), Valentziako Unibertsitate Politeknikoak (UPV), Novadays aholkularitza enpresak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Elkarte Publikoak (IHOBE) eta Haragi Industrien Espainiako Elkarteak (ANICE).