BERRIA
2025eko memoria: NEIKERen ezagutza sortzen eta sektoreari irtenbideak transferitzen jarraitzen dugu
14 maiatza 2026
2025ean, geure konpromisoan ausardiaz aurrera egiten jarraitu dugu NEIKERen, ezagutza erabilgarria sortzeko eta ezagutza hori nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreari transferitzeko, I+G+B aplikatuaren bidez lagunduz, sektorea jasangarriagoa eta lehiakorragoa izan dadin.
Mugarri nagusietako bat Berritzen Plana abian jartzea izan da, berrikuntza sektorearen benetako beharretara are gehiago transferitzeko. Lursail esperimentalak, emaitzen transferentzia eta sektorearen beraren ideiak jasotzeko kanal bat ditu.
Berritzen planaren barruan, 2025ean mahastizaintzaren sektorearekin batera doitasunezko mahastizaintzako proiektuetan lan egin dugu mahastien kudeaketa optimizatzeko; barietate minoritarioen landare-materiala berreskuratzea eta kontserbatzea bultzatu dugu klima-aldaketaren aurkako estrategia gisa, eta muturreko baldintza klimatikoekiko laboreen erresilientzia hobetzen duten kudeaketa-praktikak sustatzen ari gara.
Irakurri NEIKERen 2025eko memoria
Erreferentziako azpiegiturak berritzea
Aurreko ekitaldian, gainera, ahalegin handia egin dugu gure azpiegitura zientifikoak indartzeko eta ikerketaren abangoardian jarraitzeko, 4.200.000 euroko inbertsioa egin baitugu.
Nabarmentzekoa da Derioko NCB3 segurtasun handieneko gure laborategia berritu izana, funtsezkoa baita One Health ikuspegian eta animalien nahiz landareen osasunaren ikerketan lan egiteko.
Orain, 900 metro karratuko bioeuspen-eremua dugu Derion, honela banatua: bost laborategi eta espezie txikientzako lau gela, animalia handientzako lau box, nekropsia-gela eta eremu teknikoak dituen animaliategia.
2002tik ditugu NCB3 instalazioak, jatorrian behi eroen gaitzaren (behien entzefalopatia espongiformea) diagnostikoari heltzeko asmoz eraikitakoak. Hala ere, eguneratu egin behar ziren, biosegurtasun-estandarrak hobetzeko, eta, horrela, berme handienez hainbat ikerkuntza-ildotan lanean jarraitzeko, hala nola animalien tuberkulosian, hegazti-gripean, Q sukarrean edo Xylella fastidiosan.
Erreferentziako instalazioen aldeko apustu horrekin bat egiten du ere Arkautin Espainiako belarkien laborantzako unitate esperimental agrovoltaiko handiena abian jartzeak, nekazaritza-ekoizpenaren eta energia berriztagarriaren sorkuntzaren arteko bateragarritasuna aztertzeko. Unitatea 8.000 metro koadrotan banatutako 212 modulu fotovoltaikok osatzen dute, urtean 163.914 kWh sortuko dituztenak, gutxi gorabehera 50 etxebizitzaren urteko batez besteko kontsumoa.
Teknologia aurreratuaren ekarpena
Era berean, agritech irtenbideak bultzatzen jarraitu dugu, nekazaritza eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko, eta I+G+B proiektuetan parte hartzen ere jarraitu dugu, eragile nazionalekin eta nazioartekoekin batera, berrikuntzaren traktore gisa dugun zeregina sendotzeko.
Ildo horretatik, kABE abian jarri dugu, abeltzaintzaren kudeaketa denbora errealean optimizatzeko plataforma digitala. Lepoko adimendunen erabilera ere aztertu dugu, aziendaren jarduna denbora errealean monitorizatzeko eta erregistratzeko, larratzearen kontrola hobetze aldera. Goi-teknologia ezartzeko bidean, orobat, estazio meteorologiko birtualak ezarri ditugu nekazaritzan uraren erabilera optimizatzeko eta labore estentsiboetan gaixotasunen arriskua detektatzeko.
Gainera, droneak erabiltzen ditugu Euskadiko belar-laboreen saiakuntzetan nekazaritza seguruagoa eta jasangarriagoa izateko. Proba horiek aukera emango dute produktu fitosanitarioak droneen bitartez aplikatzearen efikazia eta segurtasuna ebaluatzeko, lurretik eta airetik aplikatzeko bestelako metodoekin alderatuta. Horri esker, datu zientifiko sendoak sortu nahi dira teknologia hori Europako araudiaren esparruan baliozkotzen laguntzeko.
Transferentzia-ekitaldiak
Sektoreari transferentzia egiteko betebeharraren ildotik, hogei bat jardunaldi eta landa-bisita antolatu ditugu. Funtsezkoak dira, lehenik, NEIKERek ikasten duena sektorera lehenbailehen iristeko, eta bigarrenik, gure jarduera zuzenduta dagoen profesionalekin egoteko, haien kezkak bertatik bertara entzuteko eta haien ekarpenak jaso eta gure lanean txertatzeko.
2025ean, sektorearentzat gori dauden gaien inguruko ekitaldiak egin ditugu, hala nola ustiategiek karbono-emisioak murrizteko hartu beharreko neurriez, abeltzainen digitalizazioaz, lurzoruen babesaz, gaixotasunak kontrolatzeko fitosanitario gutxiago erabiltzeaz eta nekazaritza ekologikoranzko trantsizioaz.
Hori guztia eta askoz gehiago ikusgai 2025eko gure memoria korporatiboan. Anima zaitez irakurtzera.




