BERRIA
NEIKERek V. AKIS Foroa hartu du patataren sektoreko plan estrategiko berria aurkezteko
5 martxoa 2026
- Euskadi patata-ekoizpenean erreferente gisa berreskuratzea eta balio-kate osoa indartzea da bide-orri estrategiko honen helburua
- Planaren barruan, Hazi-patataren I+D+i blokea garatu du NEIKERek
Euskadiko patataren sektoreak etapa estrategiko berri bati ekin dio, gero eta konplexuagoa den mundu mailako testuinguruan iraunkortasuna eta errentagarritasuna bermatzeko. Erantzun berritzaile eta koordinatuak eskatzen dituen egoera horri aurre egiteko, NEIKERek jardunaldi teknikoa antolatu du gaur Arkauteko egoitzan, V. AKIS Foroa dela eta.
Klima-aldaketak eta elikagaiak modu jasangarriagoan ekoizteko premiak markatutako garaian, Nekazaritzako Ezagutza eta Berrikuntza Sistemak (AKIS) sektoreko eragile guztiak konektatzeko tresna estrategiko bilakatu dira. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatutako ekosistema honek ikerketa eta soluzio teknologiko berriak zuzenean helarazten dizkie nekazariei zein kooperatibei.
Gaur goizeko jardunaldiko mugarri nagusia Patataren Sektore Plana aurkeztea izan da. Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean landutako egitasmo horrek HAZI, NEIKER eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza estua izan du. Proiektu handinahi honek, gainera, lurraldeko patata-ekoizle guztien eta sektoreko kudeaketa-zentroen (AGA, ABERE eta Lursail) parte-hartze aktiboa izan du. Bide-orri estrategikoak Euskadi hazi-ekoizpenean erreferente gisa kokatzea eta balio-kate osoa sendotzea du xede. Plan horren barruan, NEIKERek gidatu du Hazi-patataren I+D+i blokearen garapena.
Olatz Unamunzagak, NEIKEReko zuzendari nagusiak, bere hitzartzean azpimarratu duenez, “ohore handia da NEIKERentzat Patataren Sektore Plana lantzen lagundu eta gaur hemen aurkeztea; izan ere, elkarrizketatik, lankidetzatik eta sektorearen etorkizuneko ikuspegi partekatu batetik sortutako plana da”. Halaber, zentro teknologikoak sektorearen esku jartzen dituen gaitasun bereziak gogorarazi ditu: “Germoplasma-banku bakarra dugu, baita aeroponia-instalazioak eta saiakuntza-lursailak ere. Horiei esker, gure lurraldera eta ekoizleen benetako beharretara egokitutako ezagutza sendoa sor dezakegu”.
Ezagutzaren transferentzia
Berrikuntza profesionalen eskuetara iristeko, planak Iturrietako “faro-finka” edo etxalde erakusgarria abian jartzea aurreikusten du. Erreferentziazko gune horri esker, nekazariek kudeaketa-teknika onenak ikusi ahal izango dituzte modu praktikoan. Gainera, errentagarritasun-analisi zehatzak eskainiko dira, hazi-patataren laborantza beste aukera batzuen aurretik sustatzeko.
Landa-hedapen horrekin batera, NEIKER subidautza teknologikoa indartzen ari da minituberkuluak lortzeko azpiegiturak modernizatuz. “Euskadin oinarrizko materialaren autokontsumoa areagotuta, kanpoko merkatuekiko mendekotasuna murriztuko dugu, eta osasun zehar-berme eta kalitate handieneko hazi-hornidura ziurtatuko dugu”, adierazi du Amaia Ortizek, zentroko Landare Ekoizpen eta Babes saileko arduradunak.
Ikerketa aplikatua mehatxu berrien aurrean
Planaren hirugarren blokeak landare-osasuna eta errendimenduaren optimizazioa ditu ardatz, punta-puntako soluzioen bidez. Esparru horretan, NEIKER buru-belarri ari da zorria —birusen bektore nagusia— kontrolatzeko tresnak sortzen, estatu mailako ikerketa-proiektu baten barruan. Lan horrek aldararatzaileen erabilera, kontrol biologikoa eta intsektuen hegaldi-iragarpen sistemak hartzen ditu barne.
Era berean, alfilerilloari aurre egiteko saiakuntzak egiten ari dira, ureztatze-kudeaketa, txandaketak eta produktu biologikoak uztartuz. Zebra Chip gaixotasuna ere aztergai dute, sektorean kezka handia sortzen baitu. Ikerketa-jarduera hau nazioartean ere hedatzen da PATAFEST Europako proiektuaren bidez; bertan, 13 herrialdek dihardute lanean uztari osteko gaixotasunak eta aipatutako bakterioa kontrolatzeko.
Gaitasun zientifiko hori guztia varietate propioen hobekuntza genetikoarekin eta klon berrien balioztatzearekin osatzen da, betiere merkatuaren egungo eskaeretara eta baldintza klimatikoetara egokitutako landareak eskaintzeko.
Konektatutako sektore-ekosistema
Estrategia hau finkatzeko, ezinbestekoa da adituen ezagutza eta balio-katearen premia errealak lerrokatzea. Hori dela eta, Fernando Alonso Arce nekazaritza-ingeniari eta Espainiako Hazi Patataren Elkarteko aholkulariak parte hartu du jardunaldian. 40 urteko ibilbidea duen eta “El cultivo de la patata” erreferentziazko liburuaren egile den Alonsok sektorearen bilakaera teknikoa aztertu du, ekoizleek Europako kalitate-araudi berrien aurrean behar dituzten irtenbideak proiektatzeko.
Ikuspegi tekniko hori amaierako mahai-inguruaren oinarri izan da. NEIKEReko zuzendari nagusiak moderatutako saioan kide hauek hartu dute parte: Jon Legorburu (UDAPA Taldeko ingeniari teknikoa), Nerea Múgica (GARLANeko zuzendari teknikoa), Javier Díaz Espada (Ocongo Kooperatibako kudeatzailea), Andrés Lecuona (Alavesa de Patataseko kudeatzailea) eta HAZIko ordezkariak.




