Albisteak

BERRIA

Zehaztasunezko tresnak patata ureztatzeko uraren erabilera optimizatzeko eta ekoizpenaren galera erdira murrizteko

19 uztaila 2021

Zehaztasunezko tresnak patata ureztatzeko uraren erabilera optimizatzeko eta ekoizpenaren galera erdira murrizteko

  • UREZPAPA proiektuan parte hartu dugu, patataren laborantzan uraren erabileran eraginkortasun handiagoa lortzeko eta baliabide hori ahalik eta gehien aurrezteko
  • Zehaztasunezko tresna digitalak eta sentsorikoak erabiliz, uraren erabilera optimizatzea eta ekoizpen hobeak lortu dugu
  • Ikerketa horien barruan frogatu dugu 10 egunean behin ureztatzetik 6-8 egunean behin ureztatzera pasatzeak galera produktiboak nabarmen murriztea ekarriko lukeela, ureztatzeko uraren bolumena ia handitu gabe
  • Proiektua UDAPA kooperatibako, UAGA sindikatuko eta GARLAN kooperatibako nekazariekin balioztatu da eta horiei transferitu zaie

Arabako ureztapen uraren kudeaketa ehun ureztatzaile erkidego baino gehiagoren esku dago, lurralde osoan banatuta. Ureztapenaren kudeaketaren atomizazio eta heterogeneotasun handi horren ondorioz, ureztatzaileek dosiak eta ureztatze tarteak finkatu behar dituzte. Gainera, ureztatzaileen erkidego batzuetan uraren erabilgarritasuna murriztuta dago, eta murrizketa horiek ureztatze dosiei eta aplikazio-uneari eragiten diete. Ureztatzearen kudeaketaren atomizazio handi eta heterogeneoko testuinguruetan, komeni da zehaztasunezko nekazaritza tresnak erabiltzea uraren erabilera optimizatzeko.

Helburu horrekin, 2020an UREZPAPA berrikuntza proiektua abiarazi zen, eta ekimenaren partaideak izan dira NEIKER, UDAPA kooperatiba (proiektuaren liderra), UAGA sindikatua eta GARLAN kooperatiba, eta, horien ikerketek frogatu dutenez, patataren laborantzan ureztatzeko tartea pixka bat murriztuta, optimizatu egin daiteke uraren erabilera.

NEIKERek proiektuan duen arduradun Gorka Landaresek azaldu duenez, azterketa honen bidez “egiaztatu dugu 10 egunean behin ureztatu ordez (32 mm) -hori da aztertu den eskualdearen ohiko pauta- 6-8 egunean behin ureztatzen badugu, eremuaren kapazitateraino, ekoizpenaren galera erdira murriztuko da, ureztatzeko ur bolumena oso gutxi igota”

Ildo horretan, NEIKEReko ikertzaileak azaldu duenez, ureztatzeko estrategia konbentzionalarekin alderatuta, “egun horietan ureztatzeko tartea murriztearen ondorioz ekoizpenean egongo litzatekeen galeraren ehunekoa %15-%10 litzateke, eta maneiu tradizionalean galtzen dena %25 da”. Aldiz, “ureztatzeko aplikatutako ur bolumena handituko litzateke, baina ez gehiegi (30 litro gehiago metro koadroko, ohiko ureztatzearen aldean, 7 egunean behin ureztatzen bada).

Ikerketa horiek egiteko, lurraren hezetasun sentsoreak eta lurraren ur balantzearen ereduetan oinarritutako tresna informatikoak erabili ditugu Burgun eta Forondan kokatutako bi patata sail pilotutan, biak ere Araban.

Berrikuntza, ureztapenaren kudeaketa hobetzeko

Horrenbestez, proiektuaren barruan, NEIKERek zehaztaunezko tresna sentsoriko eta digitalekin lan egin du -URA aplikazio informatikoa-. Tresna horiei esker, gaur egun ureztatzeko erabiltzen diren jarraibideak uraren erabilera murriztean oinarritutako beste batzuekin alderatu ahal izan dira, horrela produktibitatearen galera minimizatzeko.

Landa lanari dagokionez, alde batetik, Burguko sailean, hezetasun zundek emandako ureztatze gomendioak eta URA aplikazioak emandakoak alderatu ziren. Horretarako, saila bi gunetan banatu zen, eta zati bakoitza tresna bakoitzak gomendatutakoaren arabera ureztatu zen. “Konparazio horri esker, hautatutako eremuetan ureztapenaren eraginkortasuna hobetu da, eta ez da bi estrategien artean desberdintasunik antzeman”.

Forondako sailean, berriz, ureztapen simulazio bat egin zen, 4-10 eguneko tarteetan oinarrituta, ureztatzeko maiztasunik onena zehazteko.

Lortutako emaitzek erakusten dute teknologiak oso erabilgarriak direla labore mota horietan uraren erabilera eta ekoizpena optimizatzeko. “Ez da ahaztu behar ura dela tuberkulu hori ekoizteko baldintza nagusia. Ureztapena ondo egitea, laboreari behar duen ura emanez behar duen unean, guztiz garrantzitsua da”, amaitu du Landerasek.

Related posts