BERRIA
Metrika aurreratuak, haragitarako behi-aziendaren jasangarritasuna optimizatzeko
19 abuztua 2025- NEIKERek SECUESVAC proiektuan parte hartzen du. Proiektu horrek barnean hartzen ditu emisioen analisia eta lurzoruen karbono-bahitzea, abeltzaintza-sektore horren klima-inpaktuaren gaineko ikuspegi zehatzagoa izateko
Klima-aldaketaren aurkako borroka dela eta, haragitarako behi-aziendaren sektoreak erronka honi egin behar izan dio aurre: klima-inpaktua murriztea, lehiakortasunik galdu gabe. Alabaina, abeltzaintzak eragindako berotegi-efektuko gas-emisioen gaineko eztabaida publikoak, batik bat metanoan ardaztuta, bazter utzi du klima-orekaren alderdi funtsezko bat, hots, lurzoruek karbonoa bahitzeko gaitasuna dutela. Alderdi hori kontuan ez hartzearen ondorioz, zaila izan da ebaluazio orokor bat egitea abeltzaintza-ustiategiek klima-aldaketaren apaltzean jokatzen duten paperari buruz.
Arrakala hori itxi eta haragitarako behi-aziendaren sektorearen klima-inpaktuari buruzko ikuspegi zehatzagoa izateko, NEIKERek SECUESVAC proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburua da zorrotz kuantifikatzea abeltzaintza-ustiategien karbono-emisio garbiak, barne hartuta hala zuzeneko emisioak, nola lurzoruek, jardunbide agronomiko egokien bidez, bahitu dezaketen karbonoa.
Hurbilketa horrek, emisioetan soilik ardazten diren ikuspen tradizionalak gaindituta, aukera ematen du haragitarako behi-aziendaren klima-aztarna zehatzago neurtzeko ez ezik, aztarna murrizteko abagune zehatzak identifikatzeko ere. Hala, ustiategietan hartu beharreko erabaki teknikoek baduten non oinarritu.
PROVACUNO da proiektuaren buru, eta, bestalde, hainbat elkarte eta kooperatiba erreferentek zuzeneko inplikazioa dute; laginketan laguntzen dute, eta emaitzak sektoreko profesionalei helarazten ere bai. Ildo beretik, NEIKERek, nekazaritza-jasangarritasunean eta klima-aldaketan espezializatutako zentro teknologikoa izanik, proiektuaren garapen teknikoa eta zientifikoa gidatzen du, eta diseinu esperimentalaz, eta lurzoru-laginak biltzeaz eta aztertzeaz arduratzen da, ereduak garatzeaz eta sektorearen eskura jarriko diren tresnak baliozkotzeaz gain.
Horretarako, SECUESVAC Espainiako haragitarako behi-aziendaren ekoizpen-sistema bereizgarrien diagnostiko zehatz batetik abiatu da, lurzoruko karbono organikoa ugaritzen duten gobernatze-jardunei erreparatuta. Diagnostiko horren oinarrian, gobernatze agronomikoko jardunbide egokiak identifikatu nahi dira, hain zuzen ere, lagungarriak direnak bazka- eta labore-lurzoruek karbono-bahitzea maximizatzeko. Oinarri zientifiko horri esker, abeltzainen erabakiek xede jakin bat izango dute; ingurumenaren ikuspegitik, euren kudeaketa efizienteagoa izatea.
Tresna ireki eta erabilgarria
Proiektuaren fruitu nabarmenetako bat izango da kalkulu-tresna digital bat garatzea, haragitarako behi-aziendarako propio sortua, eta Espainian gehien hedatutako gobernatze-sistemetara eta lurzoru motetara egokitua. “Soluzio horren bidez, batera kalkulatu ahal izango dira sortutako emisioak eta bahitutako karbonoa, eta, hala, karbonoaren balantze garbia askoz ere errealistagoa izango da egungo ereduek eskaintzen dutena baino, horiek emisioei soilik erreparatzen diete eta”, azaldu du Óscar Del Hierro NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikerlariak.
Tresna horri esker, zeina landan bildutako datuetan oinarrituko baita, abeltzainek beren jardueraren klima-inpaktua ezagutuko dute, eta gobernatze-jardunbide batzuek, hala nola heskaien landaketak, artzaintzaren kudeaketak edo simaurraren erabilerak, euren karbono-aztarnan duten eraginaren simulazioak ere egin ahal izango dituzte. Hala, estrategia jasangarriagoak eta euren baldintza zehatzetara egokituagoak planifikatu ahal izango dituzte, berme tekniko eta zientifiko sendoarekin.
Gainera, “datu horiek edukitzea lehiarako abantaila izan daiteke merkatuetan, jasangarritasunari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiolako, eta balizko konpentsazio ekonomikoak eskuratzeko bidea eman dezake, klima-aldaketa apaltzen laguntzen duten jardunbideak baliatzeagatik”, adierazi du ikerlariak.
Ezagutzak transferitzea sektoreari
SECUESVAC 2024an sortu zen eta hasieratik izan da parte-hartze bidezko proiektu bat, zeinean sektoreko kooperatibek, elkarteek eta antolakundeek parte hartzen duten, datuen bilketan eta sortutako ezagutzaren transferentzian lagunduta. Elkarlaneko sare horren bidez, hedapen-integral bat egituratu da; aurrez aurreko jardunaldiak, online-prestakuntza, material teknikoak eta proba pilotuak benetako ustiategietan… Horren guztiaren helburua da bermatzea emaitzak modu argi eta erabilgarrian iritsiko zaizkiela horiek aplikatu behar dituztenei.
Tresnez eta jardunbide egokiez gain, egingo du beste ekarpenik ekimenak; lurzoruetako karbonoa neurtzeko protokoloen ezarpenean lagunduko du, baita Espainiako haragitarako behi-aziendaren errealitatea islatuko duten politika publikoen diseinuan ere.