Albisteak

BERRIA

Basoek suteekiko duten erresistentzia handitzea, larregintzaren eta baso ekoizpenaren bidez

5 abendua 2023

 

  • NEIKER zentro teknologikoak Europako LIFE Silfore proiektuaren azken aurrerapenak aurkeztu ditu gaur goizean, klima aldaketaren aurrean basoen erresilientzia handitzeko helburuarekin
  • Proiektua baso-larreratze sistemaren inplementazioan oinarritzen da, basogintza eta larregintza lur berean konbinatzen dituena, Portugal, Galizia, Asturias eta Euskadiko eremuetan
  • Biomasa erregaiaren bolumena %40-60 murriztea eta, beraz, sute arriskua txikiagoa izatea aurreikusten du, abeltzaintzako ustiategietan karbono aztarna murrizteaz gain
  •  Jardunaldiaren ondoren, demostrazio bat bisitatu da: Orozkon (Bizkaia) dagoen pinudi bat, baso misto bihurtzeko fasean dagoena, non behi autoktonoak sartu berri diren larratzeko

Lurralde berean basogintza eta larregintza uztartzea aukerarik onenetakoa bihurtu da klima aldaketaren aurrean sendoagoak diren basoak lortzeko. Beste onura batzuen artean, praktika horrek basoak abeltzaintzarako erabiltzea ahalbidetzen du, suteak saihesteko edo minimizatzeko, biodibertsitatea handitzeko eta landa ekonomiaren garapena sustatzeko.

Sistema horiek Mediterraneoko paisaiari lotu izan zaizkio sarritan, eta eskualde atlantikoetan eta subatlantikoetan duten presentzia desagertzen joan da, nahiz eta potentzial handia izan klima aldaketara egokitzeko. Iaztik aurrera, ordea, praktika hori bultzatu da eremu atlantikoko eta subatlantikoko baso eremuetan, LIFE Silfore proiektua abian jartzeari esker.

NEIKER zentro teknologikoa buru dela, ekimenaren helburua da basogintza-larregintzaren bidez basoen erresistentzia handitu egiten dela. Hori frogatzeko, 11 demostrazio edo demostrazio guneko sare bat garatzen ari da, larregintza eta basogintza konbinatzen dituena 4 eskualdetan –Portugal, Galizia, Asturias eta Euskadi–, ia 100 hektarea hartuz.

Gaur goizean, zentro teknologikoak proiektuaren azken aurrerapenak aurkeztu ditu, demostrazioetako batetik gertu, proiektuko bazkide eta laguntzaile guztiek parte hartu duten jardunaldi batean.

Bileran, baso-larreratzeko maneiu batzuk, helburuak, horiek lortzeko garatu beharreko zereginak eta proiektutik espero diren emaitzak azaldu dira, horien artean egonik lurraldeko basoek suteei erresistentzia handiagoa izatea. Ekitaldian izan dira, halaber, Jorge Garbisu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza zuzendaria, Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendari nagusia eta Aitor Iza Orozkoko alkatea.

“Biomasa erregaiaren bolumena %40-60 murriztea eta, beraz, sute arriskua txikiagoa izatea aurreikusten du, abeltzaintzako ustiategietan karbono aztarna murrizteaz gain. Aldi berean, zuhaitz espezieen dibertsitatea handitu nahi da, dagoen masa mantentzen lagunduz eta zuhaitzei eragiten dieten gaixotasunen hedapena murriztuz”, azaldu du Isabel Albizu proiektuaren koordinatzaile eta NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaileak.

Baso landaketarako bisita teknikoa

Jardunaldiaren ondoren, bertaratutakoek bisita teknikoa egin dute Orozkoko demostrazio eremura, hau da, intsinis pinudi batera, non duela gutxi behi azienda sartu den.

Behi horiek, Euskadiko autoktonoak, abenduaren 1ean, ostirala, sartu ziren basoan. “Terreña arrazako 10 behi dira, eta hesi birtualeko dispositibo bat dute, itxituraren barruan zaintzarik gabeko laginketa eremuak mantenduz, larratu ez diren eremuekin alderatzeko”, NEIKEReko ikertzaileak zehaztu duenez.

Gainera, behiak iritsi aurretik, pinudi horretan baso atlantiko misto bihurtzeko hainbat baso praktika egin ziren; lan hori Orozkoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Mendi Zerbitzuen laguntzarekin jarri zen abian. Albizuren hitzetan, “lehen fase horretan pinuen dentsitatea murriztu zen, baso naturalaren birsorkuntza bizkortzeko asmoz. Horretarako, oinean espezie hostotsuak zituzten pinuak eta adaburuan leku handia hartzen zutenak kendu behar izan ziren, oihanpea berritzeko beharrezkoa den argiak sartu ahal izateko”.

Pinuak moztu ondoren, adarrak pilatu eta txikitu egin dira, eta material hori partzelan banatu da. Pinuak kenduta, lurra ibilgarri geratu da aziendarentzat, eta, horrela, larreratzea ahalbidetu da.

Orozkoko erakustaldiaz gain, NEIKERek beste demostrazio batean ere ari da lanean proiektuaren esparruan, Jauregin eta Azilun (Araba), non haritz baso hostotsuetan –Euskadiko eremu subatlantikoko bereizgarriak dira– basogintza-larregintza ezartzen ari den, sasi ardi arrazako 30 ardirekin: horiek abenduaren bigarren hamabostaldian sartuko dira bertara.

Jasangarritasuna baloratzeko, larreratze sistemak osatzen dituzten elementu nagusien datuak jasotzen dira: zuhaitza, lurra, larrea eta ganadua, 3 larreratze ziklotan. Animaliak sartu aurretik ere egin dira lehen laginketak, eta, zehazki, landarediari eta lurzoruari buruzkoak prozesatzen ari dira orain, eta behiak ere pisatu dira.

Bi kasuetan, animaliak atera ondoren, laginketa errepikatuko da, basogintza-larregintza erabileraren inpaktua behar bezala baloratu ahal izateko.

Garapen lokala, landa garapena

Klima aldaketaren ondorioen aurre egiteko basoek duten erresistentzia handitzen dela frogatzeaz gain, 2027ra arte luzatuko den proiektuak gizarte osoan ere eragin positiboa izango du, basoek planetaren %30 inguru hartzen baitute, eta dibertsitatearen biltegi gisa jarduten baitute. Funtsezko zerbitzu ekosistemiko ugari ere ematen dituzte, hala nola ur fluxuaren erregularizazioa edo lurzoruaren higaduraren aurkako babesa, besteak beste.

Beraz, ekimenak basoen errentagarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa hobetzea ahalbidetuko du, eta, aldi berean, landa inguruneko biztanleen irabaziak handituko dira, enplegua sortuz, landa eremuen despopulazioaren aurka borrokatuz, sute arriskua murriztuz eta mantentze kostuak merkatuz.

NEIKERek gidatuta, LIFE Silforen 5 bazkidek parte hartzen dute: Bragançako Institutu Politeknikoa (Portugal), Galiziako Elikagaien Kalitatearen Agentzia, Asturiasko Printzerriko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Eskualde Zerbitzua eta Santiago de Compostelako Unibertsitatea. Gainera, Euskadin inplikatuta daude baso masen jabe diren administrazioak (Orozkoko Udala eta Jauregi eta Aziluko Administrazio Batzarrak Euskadiko erakustaldietarako) eta administrazio kudeatzaileak (Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako Mendi Zuzendaritza).

Ekimenak 2.599.081,36 euroko aurrekontua du guztira, eta bat dator LIFE programaren helburu orokorrekin eta Klimaren aldeko Ekintzarako LIFE azpiprogramaren lehentasunekin.

Informazio gehiago: neiker.eus/neiker/silfore/EU

Related posts