Albisteak

BERRIA

Nekazal sektorearen erronkak eztabaidagai NEIKER eta Elhuyarrek antolaturiko jardunaldian 

2 martxoa 2023
  • NEIKER zentro teknologikoak eta Elhuyar Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute Arkautin (Araba) gaur goizean, Euskadin sektorea zer puntutan dagoen eta norantz doan aztertzeko.
  •  Garapen jasangarria sortzea edo egunerokotasunean teknologia txertatzea dira nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza-sektoreak gainditu beharreko erronketako batzuk, egokitzea lortuko badu.
  •  Ekitaldia bi erakundeek 2016. urteaz geroztik nekazal sektorean euskarazko ikerketa eta haren normalizazioa bultzatzeko duten lankidetzaren barruan kokatzen da.

Beste sektore industrial batzuk bezalaxe, nekazal sektorea bere balio-kate osoa hartzen duen eraldaketa-prozesu batean murgilduta dago. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza-jarduerak modu jasangarriagoan egitea edo eguneroko zereginetan tresna teknologikoak erabiltzen hastea izan dira sektorea ezartzen ari den soluzioetako batzuk, planetaren etorkizuneko baldintzetara egokitzea lortzeko.

Alderdi horiei buruz eztabaidatzeko, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak eta Elhuyar Fundazioak “Nekazal sektorearen erronkak” jardunaldia antolatu dute gaur goizean. Zentro teknologikoak Arkautin (Araba) duen egoitzan egin da ekitaldia, eta nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta basogintzarekin zerikusia duten teknikariei, ikertzaileei eta langileei zuzenduta egon da.Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia, eta Jon Abril, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, arduratu dira bertaratutakoei ongi etorria emateaz. Haien hitzen ondoren, “Nekazal sektorearen erronkak” izeneko lehen hitzaldia izan da, Guillermo Roa zientzia-dibulgatzaileak moderatuta. Horretan, Euskadiko lehen mailako lau ikertzailek parte hartu dute, eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta basogintzaren esparruek dituzten erronkei buruz hausnartu dute.

Lehen hitzaldian Aitor Cevidanes izan da protagonista, NEIKEReko Animalien Osasuneko saileko ikertzailea, eta animalien, gizakien eta ingurumenaren osasuna multzo zatiezin gisa batzen duen One Health edo Osasun Bakarra kontzeptuaren garrantzia azpimarratu du.

Ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta ikertzaile eta Garapen Jasangarriko UNESCO Katedrako zuzendari den Ibone Ametzagaren txanda iritsi da. Bere hitzaldian, nabarmendu du oso garrantzitsua dela egungo beharrak etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe asetzen ikastea, ingurumen, gizarte eta ekonomia-ongizatea bermatuz.

Bestalde, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaile Ana Aizpuruak agritechak —hots, teknologia berriak nekazaritza-sektorean aplikatzeak— eskaintzen dituen aukeretako batzuk aurkeztu ditu.

Ekitaldiaren lehen zatia amaitzeko, Manu Soto EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta ikertzaile eta Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordeak “Lur-zizareen eginkizuna lurretan antibiotikoekiko erresistentzia arintzen” hitzaldia eskaini du.

Lehen sektoreko euskarazko ikerketa aintzatestea

Jardunaldiaren bigarren erdian, CAF enpresak eta Elhuyarrek antolatzen dituzten CAF-Elhuyar Sarien barruan ematen den NEIKER sari berezia jaso duten bi lagunek hartu dute parte. NEIKER sari bereziak dibulgaziozko zientzia-artikuluak aintzatesten ditu. Zehazki, parte hartu dute Izaro Zubiriak, zeinak 2019an aintzatespena jaso baitzuen esne-ekoizpenari buruzko ikerketagatik, eta Asier Albitek, zeinak 2021ean saria jaso baitzuen betizu behi-arrazari buruz egin zuen analisiari esker.

Azkenik, topaketa amaitzeko, Leire Barañanok eta Jon Abrilek euskara zientzian, teknologian eta gizartean normalizatzearen eta integratzearen alde lan egiteko NEIKERek eta Elhuyarrek duten akordioa berritzea sinatu dute. Akordio horri esker, Elhuyarri atxikitako erakundeetako bat da NEIKER, eta haren patronatuko kide da.

Ekitaldi hau bi erakundeek 2016. urteaz geroztik lehen sektoreko ikerketaren esparruan eta zentro teknologikoaren jardueran bertan euskararen erabilera sustatzeko duten lankidetza-hitzarmenaren barruan sartzen da.

Helburu hori, besteak beste, CAF-Elhuyar sarien barruan sartzen den eta lehen aipatu dugun NEIKER Sariaren bidez gauzatzen da. Entitate bien arteko lankidetza Elhuyarrekin beste proiektu estrategiko batera ere hedatzen da: zehazki, Elhuyar Zientzia Azokara, gazteen artean bokazio zientifikoak pizteko, gizartean kultura zientifikoa sustatzeko eta tokiko eta egungo zientzia zabaltzeko ekimenera. NEIKEReko ikertzaileek Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen duten ikastetxeei laguntzen diete beren proiektu zientifikoak bideratzen, eta NEIKERek aukera ematen die Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen duten gazteei beren zentroak bisitatzeko.