Albisteak

BERRIA

Hausnarkarien paratuberkulosiari aurre egiteko txerto mota berria garatu dugu

21 iraila 2022

Hausnarkarien paratuberkulosiari aurre egiteko txerto mota berria garatu dugu  

  • NEIKER zentro teknologikoak hausnarkarien paratuberkulosiari aurre egiteko txerto bat garatu du, ahotik aplikatzen den lehena, gaixotasun hori arazo sanitario eta ekonomiko larria baita mundu osoko abeltzaintzako ustiategientzat
  • Beste abantaila batzuen artean, ahotik emateko metodo berri honek behi-tuberkulosiaren diagnostikoarekiko interferentziak saihesten ditu

Abeltzaintzako ustiategietan galera ekonomiko larriak eragiten dituzten eta errotik kentzeko programa ofizialik ez duten hainbat gaixotasun infekzioso daude. Horien artean, paratuberkulosia dago; gaixotasun hori fekal-aho bidez kutsatzen da nagusiki, eta, batez ere, hausnarkariei eragiten die (ahuntzak, ardiak, behiak edo oreinak).

Funtsezkoa da paratuberkulosiari aurre egiteko txerto berri bat garatzea; izan ere, ganduari zuzendutako egungo txerto komertzialak herrialde batzuetan baino ez daude baimenduta, beste gaixotasun batzuen diagnostikoari eragiten baitiote, hala nola tuberkulosiari, kontrol zorrotzak egiten baitzaizkio. Testuinguru horretan, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak PROBAK proiektuaren barruan, animalia horren paratuberkulosia tratatzeko ahoko txertoa garatu du.
“Txertoa emateko modua benetan garrantzitsua da, gaur egungoak larruazalpetik inokulatzen direlako eta mikobakterioa ahotik transmititzen delako batez ere. Infekzio naturalaren bide bera erabiltzea eraginkorragoa izan ohi da. Gainera, kasu honetan egiaztatu dugu txertoa eta frogatu ditugun beste zenbait probiotiko animaliaren ahotik emateak ez duela interferentziarik eragiten behi tuberkulosiaren diagnostikoan”, Natalia Elguezabal doktoreak, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaile eta proiektu honen buruak azaldu duenez.

Halaber, zentro teknologikoak ikusi ahal izan du txertoak beste onura garrantzitsu bat dakarrela, animaliaren immunitate sistema estimulatzeko gai delako, eta ere berean ganaduari eragiten dioten beste bakterio batzuen aurrean funtzio antimikrobianoak areagotzen dituelako. Emaitza horiek indartu egiten dute paratuberkulosiaren aurkako txertaketak animaliak bizitzaren hasierako etapetan beste gaixotasun batzuetatik babesteko balio dezakeela dioen ideia.

Pertsonentzat onurak

Abeltzainak dira mota horretako gaixotasunen ondorioak gehien pairatzen dituztenak; izan ere, galera handiak eragiten dituzte ekoizpenean izandako beherakadengatik, baita gaixorik dauden animaliak behar baino lehenago hiltzen direlako ere. Zehazki, eta ikuspegi ekonomikotik, kasu kliniko berri bakoitzak 1.500 €-ko kostua izan dezake.

“Gure azterketetan egiaztatu ahal izan dugunez, txerto berri horri esker, posible da abeltzainek beren animalien osasun-egoera hobetzea maila orokorrean, paratuberkulosiaren aurrean ez ezik, baserriko beste bakterio-infekzio batzuen aurrean ere”, dio Elguezabalek.

Elikadura-segurtasuna da txerto berri hori erabiltzeak dakarren beste onuretako bat. Izan ere, animaliak txertatuta badaude, gaixotasun gutxiago izango dituzte, haien ongizatea bermatuz, eta elikagai osasuntsuak eta seguruak ekoitziko dituzte. Horrez gain, paratuberkulosiaren eragiten duen bakterioa gizakiei eragiten dieten eta autoimmunetzat hartzen ziren hainbat gaixotasunekin lotu da, hala nola Crohnen gaixotasunarekin, paratuberkulosiarekin antzekotasunak dituena.

Gaixotasun horrek nahasmendu larriak eragiten ditu gaixoengan, eta gehien aztertu dena izan da, eta berarekin sortu da loturarik sendoena; izan ere, paratuberkulosiak bezala, Crohnen gaixotasuna hesteetako gaixotasun kronikoa da, noizbehinkako krisiak eragiten dituena, sabeleko minarekin, beherakoarekin eta pisu galerekin. “Hausnarkarien paratuberkulosia eragiten duen bakterioaren eta Crohnen gaixotasunaren arteko lotura oraindik ez da guztiz onartzen medikuen artean. Hala eta guztiz ere, gero eta zantzu gehiago daude agertzeko arrazoietako bat hori dela adierazten dutenak”, ondorioztatu du Elguezabalek.

Paratuberkulosia eragiten duen bakterioak Crohnen gaixotasunarekin duen lotura behin betiko frogatuz gero, txerto-prototipo hori interesgarria izan liteke paziente horientzat tratamendu gisa.

Related posts