Albisteak

Smart Agrifood Summit azokan nekazaritza eta abeltzaintza sektorerako ditugun gaitasunak aurkeztuko ditugu

  • NEIKERek Europako nekazaritzako elikagaien katearen berrikuntza eta digitalizazio ekitaldirik handienean parte hartuko du, irailaren 29tik 30era, Malagan
  •  Azokaren barruan, nekazaritzako elikagaien sektorerako ditugun aurrerapenak eta soluzio berritzaileak azalduko ditugu
  •  Gainera, Amaia Ortiz ikertzaileak nekazaritza ekoizpena eta energia sorkuntza uztartzeko agrivoltaikoak dituen aukerei buruzko hitzaldia emango du

Egunetik egunera aurrerapen berriak daude nekazaritzako elikagaien katean. Teknologia berriei eta digitalizazioari esker, nekazaritza eta abeltzaintza sektorea aurrera egiten ari da bere produktibitatea handitzeko, eta, aldi berean, ingurumena babesteko. Testuinguru horretan, irailaren 29tik 30era, Smart Agrifood Summit, azoka egingo da Malagan, sektorearentzat nazioarteko erreferentziazko ekitaldia, non produktu, zerbitzu eta proiektu berritzaile berriak ezagutzera emango diren.

NEIKER zentro teknologikoa, lehen sektorerako aukera teknologiko berritzaileak eskaintzen espezializatua, topaketan izango da, nekazaritza eta abeltzaintza sektorerako azken aurrerapenak eta soluzio teknologikoak aurkezteko, arreta berrikuntzan eta digitalizazioan jarrita.

“NEIKERentzat, horrelako ekitaldietan parte hartzea aukera paregabea da gure teknologiak eta ikerketak sektoreari aurkezteko eta ezagutarazteko, baita nazioarteko enpresa eta zentro teknologikoekin harremanak sendotzeko ere”, adierazi du NEIKEReko zuzendari nagusi Leire Barañanok.

Agrivoltaikoaren ekarpena, eztabaidagai 

Halaber, ekitaldian zehar, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako Departamentuko arduradun Amaia Ortizek hitzaldi bat eskainiko du,  “Europako nekazaritzaren erronkak eta AgriPVren ekarpena horiek bideratzeko” izenburuarekin. Nekazaritzari Aplikatutako Energia Berriztagarrien Foroan izango da, irailaren 30ean. Zehazki, Amaia Ortizen hitzaldia 11:15etik 12:00etarako blokean izango da: ‘Ekoizpen agrovoltaikoa. Energia fotovoltaikoa eta energia komunitateak’. Ortizek instalazio fotovoltaikoak hartzen dituzten lurrak nekazaritzarako nola aprobetxa daitezkeen eta NEIKERen horren ebaluazio agronomikoa nola egiten ari garen azalduko du. Horrez gain, NEIKERen lursailetako instalazio esperimentalaren aurrerapenak, inpaktu ekonomikoaren jarraipena, uztaren kalitatea, laboreen eta energia iturrien dibertsifikazioa eta nekazaritzako errendimendu handiko gune agroklimatikoetan ekoizpen agrivoltaikoaren aukeren mapak ezartzearen garrantzia ere azalduko ditu.

 

 

 

 

Related posts