Albisteak

Arrautzatarako oiloen ongizatea bermatzeko praktika onak

  • ‘Best Practice Hens’ Europako proiektua Europar Batasuneko arrautza ekoizleekin batera ari da lanean animalien ongizatea bermatzen duten kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioan 
  • Proiektuaren barruan, txitak eta arrautzatarako oiloak hazteari eta maneiatzeari buruzko laburpen praktiko batzuk argitaratu berri dira, ekoizleei eta teknikariei lan horretan laguntzeko
  • NEIKER zentro teknologikoa eta Ecovalia (Ekoizpen ekologikoaren Espainiako elkarte profesionala) dira nazioarteko partzuergoko Espainiako bi kide bakarrak

Europa munduko arrautza ekoizle handienetako bat da, eta lurralde aurreratuenetako bat kaiolarik gabeko hegaztiak hazteko sistema alternatiboak ezartzeari dagokionez, hala nola maila bateko edo gehiagoko hegaztitegiak edo landako sistemak eta ekologikoak, non hegaztiek leku gehiago baitute eta gehiago irteten baitira kanpora. Ildo horretan, gainera, animalien ongizateari dagokionez, legeria aurreratuenetako bat du, beste herrialde askorentzat erreferentzia gisa balio duena.

Hala ere, beste hainbat alderditan bezala, Europa bi abiaduratan doa. Izan ere, herrialde batzuetan aspaldi egiten da arrautza ekoizpen osoa edo gehiena kaiolarik gabeko sistemetan, eta beste batzuetan, berriz, trantsizio hori motelago doa.

Testuinguru horretan, Best Practice Hens’ Europako proiektuak, bere kideen artean daudelarik NEIKER zentro teknologikoa (BRTA – Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea) eta Ecovalia (Ekoizpen Ekologikoaren Espainiako Elkarte profesionala), Europako arrautza ekoizleei lagundu nahi die kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioan, horien artean egonik, esaterako, hegaztitegiak, landako sistemak edo ekologikoak, praktika onen aplikaziora bideratuta, oilanden eta arrautzatarako oiloen ongizatea bermatzeko. Informazio baliotsua eta espezifikoa emateko, proiektuak ekoizleen beharrak eta errealitateak hartzen ditu kontuan, eta Polonia, Espainia, Portugal eta Belgikako egoeran jartzen du arreta, beste batzuk ere badauden arren.

Arrautzen sektorea oso garrantzitsua da EBko elikagaien ekoizpenean, burujabea baita arrautzen ekoizpenean eta kontsumoan. Hala ere, alde handiak daude oilo erruleen ostatu sistemetan. EBko arrautzen ekoizpen osoaren erdia inguru kaiola aberastuetatik dator, %33 kanporako irteerarik ez duten kaiolarik gabeko hegaztitegi sistemetatik, %12 landako oiloenak dira eta %6 ekologikoak. Europako 10 arrautza ekoizle nagusien artean, Alemania eta Herbehereak nabarmentzen dira kaiolarik gabeko sistemen ehuneko handiena duten herrialdeen artean; Poloniak, Espainiak, Portugalek eta Belgikak, berriz, oraindik ere ehuneko handi samarra dute kaiola aberastuko oiloetan.

Praktikarik onenak

Hori dela eta, partzuergoko bazkideek laburpen praktikoen (practice abstracts edo PA) bilduma bat argitaratu berri dute oilanden eta arrautzatarako oiloen maneiuari dagokionez, kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioan ongizate maila handia bermatzeko. Laburpenak gaur egun ingelesez daude eskuragarri, eta aurki egongo dira eskuragarri gaztelaniaz, portugesez, nederlanderaz, polonieraz, alemanez eta frantsesez ere. Eskuliburu horien helburua da EBn kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioa bultzatzea, praktika onen adibideak eta arrautzaren ekoizpenean gaur egun dauden arazo nagusiei irtenbideak proposatuz.

Helburua lortzeko, proiektuak hainbat kide ditu: mundu akademikoko aditu europarrak, ikerketa institutuak, irabazi asmorik gabeko erakunde bat eta hegaztien maneiuan espezializatutako albaitaritza enpresa bat, indarrak batzeko eta oilanda eta arrautzatarako oiloen ongizatea hobetzeko, eta kaiolarik gabeko produkziorako trantsizioan laguntzeko. Bildutako praktikarik onenak baliagarriak dira, arrautzen ekoizle eta industrientzat eta ekoizleen elkarteetako ordezkarientzat eta aholkularientzat ez ezik, baita animalien ongizatearen arloan lan egiten duten legegile eta erakundeentzat ere.

Animalien ongizatea sustatzen

Gainera, ostatu sistemei buruz bildu, baliozkotu eta aplikatutako ezagutza transferitzeak lagundu egingo die Europako arrautza ekoizleei kaiolarik gabeko sistemetara aldatzeko aukera erabakitzen. Horri dagokionez, datozen hilabeteetan, Belgikan, Espainian, Polonian eta Portugalen arrautza ekoizleentzako eta aholkulari teknikoentzako zabalkunde ekitaldiak antolatuko ditu ‘Best Practice Hensp’ roiektuak.

Arrautza ekoizleentzat eta aholkulari teknikoentzat zabalik dauden ekitaldi horien barruan, kaiolarik gabeko sistemen ezaugarriak azalduko dira, ekoizleei erabakiak hartzen laguntzeko, merkatuaren garapenei eta aldaketei, alderdi ekonomikoei, ingurumen gaiei eta animalien ongizate maila handia bermatzeari dagokienez. Proiektuaren azken ekitaldia Bruselan egingo da datorren urtean.

‘Best Practice Hens’ Europako Batzordeak finantzatutako proiektua da, 2 urtekoa; 2021eko maiatzean hasi zen, eta 2023ko maiatzean amaituko da. NEIKER eta Ecovalia erakundeez gain (Espainia), partzuergoko partaideak dira Utrechteko Unibertsitatea, proiektuaren liderra, Wageningeneko Unibertsitatea eta AviVet (Herbehereak); ILVO Flandriako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ikerketarako Institutua (Belgika), Aarhuseko Unibertsitatea (Danimarka), Poloniako Zientzien Akademiako Genetika eta Bioteknologia Institutua eta Kipdip (Polonia). Gainera, FairPoultryk (Herbehereak) eta Kipdipek (Polonia) azpikontratatuta parte hartzen dute.

Related posts