Albisteak

BERRIA

BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitate ziurtagiria lortu dugu

10 ekaina 2022

BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitate ziurtagiria lortu dugu

  • Eusko Jaurlaritzak ematen duen zigiluak erakundearen barruan euskararen normalizazioa egiaztatzen du

Joan den martxoan Eusko Jaurlaritzari eskatu genion BIKAIN programarekin bat egitea, horrela, euskarak NEIKERen duen presentzia, erabilera eta hizkuntza kudeaketa zenbateraino dagoen normalizatuta jakiteko. Horretarako, ebaluatzaile talde batek aztertu zuen hizkuntza honek gure enpresaren barruan zerbitzu eta lan hizkuntza gisa duen egoera. Maiatzean gure instalazioak bisitatu zituen eta elkarrizketak egin zizkien langile kopuru esanguratsu bati. Azkenean, oinarrizko mailako BIKAIN ziurtagiria eman ziguten.

Zigilu horrek —aurkezten ginen lehen aldia zen— aitortza garrantzitsua dakarkio erakundearen barruan euskara normalizatzeko bidean duela hamarkada batzuetatik egiten ari garen lanari, eta lehen mugarria da helburu horren alde eta aurrera egiten jarraitzeko.

Halaber, kanpo ebaluazioaren ondorioz, gure egoeraren indarguneak eta hobetzeko eremuak jasotzen dituen txosten bat jaso dugu, zeinak, zalantzarik gabe, ahaleginak lehenesten, baliabideak optimizatzen eta hurrengo ibilbide orria behar bezala diseinatzen lagunduko baitigu.

 

Konpromisoa euskararekin

NEIKERen euskara gure gizartearen kohesiorako elementu garrantzitsuenetako bat dela ulertzen dugu, eta, horregatik, gure instalazioetan zein instalazioetatik kanpo antolaketa lan eta komunikazio tresna gisa erabiltzearen eta sustatzearen alde egiten dugu.

Gainera, konpromiso hori beste erakunde batzuekin egindako akordioetan gauzatu da, hala nola Elhuyar Fundazioarekin 2016an sinatutako hitzarmenean, lehen sektoreko ikerketaren esparruan euskara sustatzeko, edo Zientzia Azokan edo Euskararen Egunean eta antzeko ekitaldietan gure partaidetza aktiboa sustatzeko.