Albisteak

BERRIA

UDAPArekin elkarlanean ari gara ‘Edurne’, izen propioa duen patataren barietate berria garatzen

28 uztaila 2021
NEIKER EDURNE

UDAPArekin elkarlanean ari gara ‘Edurne’, izen propioa duen patataren barietate berria garatzen

  • NEIKERek sortutako “Edurne” patata barietatearen azterketa agroekonomiko eta harrera komertzialari buruzkoa egingo du UDAPAk
  • Hitzarmen bat izenpetu dugu barietate berriaren 1.200 kg hazi kooperatibari transferitzeko
  • ‘Edurne’ patatak, azal finekoak eta haragi hori argikoak, puntuazio altuak lortu ditu dastatzeetan, eta ongi funtzionatzen du frijituta zein egosita

Produktu berriak garatuz nekazaritza sektoreari dibertsifikatzen eta kontsumitzaileen eskaeretara egokitzen laguntzea da gure filosofiaren parte. Zentzu horretan, eta ‘Beltza’ patata, purpura kolorea eta propietate antioxidatzaileak dituen barietatea, merkaturatzearen arrakastaren ondoren, berriro batu ditugu indarrak UDAPA kooperatiba arabarrarekin, ‘Edurne’ izeneko patata barietate berria garatzeko.

Horrela, sinatutako lankidetza hitzarmenaren arabera, kalitatezko pataten ekoizpenean espezializatutako kooperatibak azterketa agronomiko bat egingo du, NEIKERek sortu eta erregistratutako patata barietate berri horren onarpen komertzialari buruzkoa. Zehazki, UDAPAk ‘Edurne’ patataren 1.200 kg hazi jaso ditu gure aldetik eta dagoeneko bere bazkide ekoizleetako baten lursailean landatu ditu hazi horiek, balorazio agronomikoa egiteko.

Lortutako uzta, 15.000 kilogramo ingurukoa, merkatuko onarpenaren azterlana garatzeko erabiliko da. Horretarako, UDAPAk barietate berri hori merkaturatuko du banaketa handiaren sektorean dituen bezeroen bitartez. Proba pilotu horren emaitzekin kooperatiba arabarrak baloratu ahal izango ditu ‘Edurne’ barietatearen etorkizuneko ekoizpena eta komertzializazioa.

“Oraingoz, barietate berri hori ezin hobeto egokitzen ari da gure soroetara eta, beraz, irailean kalitatezko uzta lortzea espero dugu”, esan du Ana Carrascok, UDAPAko I+G+Bko zuzendariak. “Merkaturatu ondoren, onarpen komertzialaren azterketa egingo dugu, baina itxura guztien arabera kontsumitzailearen harrera ona izango da; izan ere, hori da, hain zuzen ere, aurreko fase batean kontsumitzaileekin egindako azterketan lortu zen ondorioetako bat”.

Nolakoa da ‘Edurne’? José Ignacio Ruiz de Galarreta NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzailearen hitzetan, patata barietate berri horren ezaugarriak dira “azal oso fina eta haragi hori argia dauzkala, erraz garbitzen eta zuritzen dela, eta frijitzeko zein egosteko oso baliagarria dela; beraz, egokia da etxeko kontsumorako, eta hala egiaztatu da kontsumitzaileekin egindako dastatzeetan, onarpen handia lortu baitu bertan”. Ikertzailearentzat, gainera, merkatuan dauden beste barietate batzuk baino patata emankorragoa da, laborearen eraginkortasuna hobetzen baitu. “Emaitza handiagoa duenez eta ongarri gutxiago behar duenez, Europar Batasuneko ‘Baserritik mahaira estrategiaren’ helburuak lortzen laguntzen du”, azaldu du.

Patata barietate berrien bila: ‘Beltza’-tik ‘Edurne’-ra

‘Edurne’ izeneko purpura koloreko barietate berria erregistratu genuen 2020an Europako Barietate Babestuen Erregistroan, nekazaritza sektoreari produktu berriekin laguntzeko eta kontsumitzaileen eskarietara egokitzeko.

Horri dagokionez, azken urteotan, hautaketa programa bati ekin diogu, gure laborantzaren baldintzetara egokitutako barietateak lortzeko helburuarekin, konposatu bioaktiboen eta gaitasun antioxidatzailearen maila handiekin, zelulen zahartzearen atzerapenarekin eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioarekin lotura duten ezaugarriekin, alegia.

Lan ildo horren emaitza da ‘Beltza’ patata, aurreko Gabonetan UDAPAren eskutik merkatura iritsi zena eta kontsumitzaileen harrera bikaina lortu duena. Hori dela eta, Arabako kooperatibak ‘Beltza’ patataren 700 kg hazi landatu berri ditu bazkideetako baten lursailean.

NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Departamentuak barietate berriak lortzeko erabiltzen duen prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, ezaugarri agronomiko onak dituzten eta laborearen gaitz nagusiekiko erresistentzia duten barietate desberdinak gurutzatuz egiten baita.

1933. urteaz geroztik, Iturrietan (Araba) Patataren Haztegia Hobetzeko Aztertokia sortu zenez geroztik, barietate berriak garatzen ari gara, hautaketa klonaleko prozesu baten bitartez, estatuan eta EBn patataekoizten duten eskualdeetako baldintza agroklimatikoetara egokituta. Orain arte, hogeita hamar barietate baino gehiago erregistratu ditugu eta horietako zenbaitek arrakasta handia lortu dute merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan.

Barietate propio horien abantailak dira, besteak beste, errendimendu produktibo handiagoa, kostuen murrizketa eta hainbat gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa, kanpotik datozen barietateekiko menpekotasuna saihesteaz gain.

Duela 80 urte baino gehiagotik, Eusko Jaurlaritzak lan ildo horren aldeko apustua egin du beti, proiektu horiek kofinantzatuz. lortzen ditugun barietate berriak beti jartzen dira tokiko nekazarien eskura, izan hazitarako patatak, izan kontsumorakoak. Merkatuan duten proiekzioa dela eta, NEIKERera itzultzen dira diru sarrerak, eta berriz ere barietate berriak lortzeko lerroaren esku jartzen dira, eta ez bakarrik patatarenak, baizik eta baita piper, pipermin, zerba eta artoarenak ere, besteak beste.

 

Related posts