BERRIA
NEIKERek intxaurraren euliari aurre egiteko gidaliburu praktiko bat argitaratu du kontrol integratuko neurriekin
29 ekaina 2026- Zentro teknologikoak Rhagoletis completaren aurrean nola jokatu kontsultatzeko tresna azkar bat jartzen du intxaurrondo-plantazioak dituzten pertsonen eskura
- Izurritea –% 80rainoko galerak eragin dituena Espainiako iparraldeko zenbait eremutan– duela hiru urtez geroztik ari da hedatzen Euskadin
Intxaur-oskolaren eulia (Rhagoletis completa) kezka fitosanitario nagusi bihurtu da Euskal Autonomia Erkidegoan intxaurrondoak landatzen dituztenentzat. Intsektu horrek fruituaren oskol berdeari egiten dio kalte: belztu egiten duenez, zailagoa da geroago intxaurra zuritzea; horrek, hala, murriztu egiten du uztaren balio komertziala, nahiz eta intxaurraren barnealdea egoera onean egon. Azken hiru urteetan, galerak % 80ra iritsi dira Espainiako iparraldeko zonalde kaltetuenetan, besteak beste, Katalunian, Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Martxoaren 26an Lantarónen (Araba) egindako jardunaldi tekniko arrakastatsuaren ondoren, NEIKER institutuak gidaliburu praktiko bat sortu du izurria geldiarazteko estrategiarik eraginkorrenak biltzeko, informazio argiarekin eta intxaurrondoak dituen edonork ulertzeko moduan.
Baliabide praktiko bat izurritearekin bizi direnentzat
Gidaliburuak intsektuaren ziklo biologikoaren hiru une kritikotan egituratzen du kontrol-estrategia. Lehenengoa da helduak harrapatzean datza, arrautzak jarri aurretik, tranpa jakidunen bidez. Bigarrenak monitorizazio-tranpetako lehen harrapaketetatik uxagarriak erabiltzea gomendatzen du, gehienez ere astebeteko tartea utzita horiek jartzeko. Hirugarrenak lurzorua mikroorganismo entomopatogenoekin tratatzea proposatzen du, hau da, intsektuaren larbak ingurunea kaltetu gabe erasotzen eta desagerrarazten dituzten onddoekin, bakterioekin eta halako mikrobio naturalekin.
«Gidaliburu hau intxaurrondoak izanik izurrite honekin kezkatuta dauden pertsona guztiei informazio zehatza eta arina emateko gure konpromisoaren parte da», adierazi du Amaia Ortiz Barredo NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko buruak.
Euskadi osorako jarraipen-programa
Gidaliburu honen argitalpena NEIKERek 2026an abian jarritako monitorizazio-programaren barruan kokatzen da. Sareak 16 kontrolgune ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru foru-aldundiekin eta Añana Landa Garapenerako Elkartearekin (ADR Araña) lankidetzan. Datu horietatik abiatuta, ikertaldeak abisuak sortuko ditu astero, urritearen populazio-dinamikari buruz.
Ekimenak nekazari laguntzaileen sare bat ere barne hartzen du. Horri esker, kontrol integraturako lau estrategia desberdinen eraginkortasuna egiazta daiteke tokian bertan. Jomuga ezagutza aplikatua sortzea da, Euskadiko klima- eta ekoizpen-kondizioetara egokitua.
Deskargatu gidaliburua eta mantendu eguneratuta izurritearen bilakaerari buruz
Gidaliburua doan deskargatu daiteke esteka honen bidez:
Informazio gehiagorako edo kontsultetarako, NEIKER institutuaren ikertzaile-taldea kontsultagai dago info@neiker.eus helbidean, Arkautiko zentroan (945 121 313) eta Derioko zentroan (944 034 300).





