Albisteak

BERRIA

NEIKERek hondakin organikoak kalitate handiko ongarri bihurtzeko planta bat aurkeztu du

11 abendua 2014

NEIKERek hondakin organikoak kalitate handiko ongarri bihurtzeko planta bat aurkeztu du

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak planta pilotu bat aurkeztu du gaur, biogas plantetan ateratzen den material organikoa balio erantsi handiko ongarri bihurtzeko.

Horrenbestez, material organiko horren zikloa ixtea lortzen da, hondakinik sortu gabe, eta aldi berean irteera komertziala ematen zaio. Instalazioa NEIKER-Tecnaliak Arkautin (Araba) dituen nekazaritzako lursailetan dago, eta 1,8 milioi euroko aurrekontua izan du; dirua jarri dute Europar Batasunak, CIP-Ecoinnovation proiektu baten esparruaren barruan, eta ekimenean parte hartu duten lau erakundeek: NEIKER-Tecnalia, Ekonek Innovación en Valorización de Productos, Blue Agro eta Colsen holandar enpresa.

Tratamendu planta berritzaileak erabiltzen duen lehengaia digestatoa da, hau da, digestio prozesu anaerobikoaren ondoren biogas plantetatik ateratzen den gai organikoa (gai organikoaren digestio prozesu hori oxigenorik gabeko baldintzetan egiten da, eta helburua biogasa lortzea da). Emaitza kalitate handiko ongarrien aukera zabal bat da, hainbat formatutan; horietako bat 0,5 eta 1,5 milimetro arteko diametroa duten mikrogranuluak dira, eta konbentzionalaren pareko produkzioa lortu daiteke, baina dosi ia hamar aldiz txikiagoekin.

NEIKER-Tecnaliak lortutako ongarriaren onurak dira ongarri tradizionalekin baino dosi txikiagoak behar direla, eta nutrienteak mantsoago askatzen dituela eta, ondorioz, ingurumenean eragin txikiagoa egiten duela. Produktua oso egokia da balio erantsi handiko laboreetan erabiltzeko, esaterako kirol zelaietan, landaketa apaingarrietan eta bereziki delikatuak diren nekazaritzako laboreetan.

Ongarri berriek NPK maila orekatua daukate, hau da, Nitrogeno, Fosforo eta Potasio maila orekatua. Lortzen diren ongarrien artean batzuek NPK balio baxuak eta materia organiko asko dauzkate (9 zati nitrogeno, 2 fosforo, 2 potasio eta %70 materia organiko), eta beste batzuek NPK balio altuak (11 zati nitrogeno, 15 fosforo, 11 potasio eta %20 materia organiko).

NEIKER-Tecnaliak garatu dituen ongarrien beste onuretako bat da poliki askatzen direla, eta horrek bereziki egoki bihurtzen ditu lorezaintzarako, kirol zelaietarako, baratzezaintzarako eta nekazaritza ekologikorako. Mikrogranulu forma dutelarik, ereiteko garaian aplikatu daitezke, haziarekin batera. Horri esker, ongarri behar bezala kokatuta geratzen da, eta oso-osorik aprobetxatu daiteke hazia ernamuintzen den unetik bertatik; ondorioz, beharrezko ongarri dosien kopurua erabat murrizten da.

Digestatotik ongarri komertzialera
Digestatoa ongarri komertzial bihurtzeko EKONEKek diseinatu duen prozesuak bi urrats oinarrizko ditu: lehenik eta behin, digestatoa beste hondakin organiko eta ongarri mineral batzuekin nahasten da, NPK mailak balio komertzialetara egokitzeko. Bigarrenik, lehen urratsetik ateratzen den nahasketa, egitura likido-oretsua duena, lehorgailu batean sartzen da; bertan aire beroko jario bat dago, materia lehortu eta kalitate handiko mikrogranulu bihurtzen duena, pitzadurarik eta hautsik gabe. Produktua ale txikien forman lortzeak abantaila ugari ekartzen ditu garraiatu, biltegiratu eta praktikan erabiltzeari dagokionez.

NEIKER-Tecnaliako teknikariek proiektuaren bideragarritasun komertziala aztertu dute, eta, ondorioztatu dutenez, tona 100 eta 500 euro arteko prezioan merkaturatu daiteke, ongarriaren arabera. Salmenta prezio horrek inbertsioa berreskuratzeko epe erakargarriak ahalbidetzen ditu. Gaur egun plantak 50 kg/h ongarri ekoizteko ahalmena dauka, baina adituek kalkulatu dute eskala handiko instalazio batean urtean 28.000 tona digestato tratatu daitezkeela, hau da, 9.200 tona ongarri.

Arkautiko planta pilotuarekin, NEIKER-Tecnaliak irtenbideak eman nahi dizkio nekazaritzaren sektoreari, ingurumena errespetatuko dutenak eta, aldi berean, ekonomiko bideragarriak izango direnak. Kasu honetan, biogas plantetako digestatoari irteera komertziala ematen zaio, gai hori askotan hondakin moduan hartu eta tratatzen baita.

Proiektuaren partaideak
Ekonek enpresak eraiki du planta pilotua, NEIKER-Tecnaliarekin lankidetzan, zentro teknologikoak Arabako Arkauti herrian duen lursail esperimentaletan. Holandako Colsen etxeak hainbat biogas plantatatik ateratako materiala jarri du, produktu organikoen digestio prozesu anaerobikoaren ondoren ateratakoa. NEIKER-Tecnaliak eta Blue Agrok, berriz, ongarriaren amaierako formulazio egokia diseinatu dute elkarlanean. Zentro teknologikoak errendimendu agronomikoaren ikuspegitik formulatu du produktua, eta Blue Agro bideragarritasun komertzialaz arduratu da.