BERRIA
NEIKER-Tecnaliak irinak lortu ditu mikroalgetatik, elikagaietan osagai osasungarri gisa eta balio nutrizional handiko elementu moduan erabiltzeko
7 ekaina 2018Horiekin pasta, okindegiko produktuak, jogurtak eta haragi prestatuak presta daitezke.
Elikaduraren industriaren ikerketa eta berrikuntzaren arlorik interesgarrienetakoa ezaugarri natural hobetuak dituzten elikagaien garapena da, eta erantzun egiten dio elikatzeko ohiturak eta elikagaien kalitatea hobetzeko erronkari, osasun eta bizitza kalitatearen iturri moduan biztanleriaren zahartzeari dagokionez.
Mikroalgak nekazaritzako elikagaien sektorean ustiatzeko ahalmen handiko baliabide naturaltzat jotzen dira, eta osagai osasungarri moduan duten interesa gero eta handiagoa da. Landare proteinen iturri bikaina dira, eta, gainera, funtsezko gantz azidoak, bitaminak, konposatu antioxidatzaileak eta ezaugarri osasungarriak dituzten beste molekula batzuk dituzte.
Ondorioz, horien kultiboa handitzen ari den baliabide biologiko garrantzitsua da, hainbat esparrutan izan ditzaketen aplikazioengatik, horien artean elikadura egonik. Mikroalgak nekazaritza modu berri bat dira, iraunkortasun maila handikoak, eta oso urrun ez dagoen etorkizunean elikaduraren oinarrietakoa izan daitezke.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Grapen eta Azpiegitura Saileko erakunde publiko NEIKER-Tecnaliak hainbat irin nutritibo lortu ditu lau mikroalga espezieren kultibotik, balio erantsi handikoak. Algek elikadurako osagai moduan duten bi9deragarritasuna aztertzeko proiektuaren barruan, NEIKER-Tecnaliak egiaztatu du mikroalgen osaera kimikoa ez dela espeziearen berezko faktorea, eta, aldiz, aldatu egin daitekeela, kultiboan erabiltzen diren ingurune baldintzen arabera.
Horrenbestez, lortu da mikroalgetan proteina eta karotenoideen kantitatea handitzea, zeinak ahalmen antioxidatzaile handia duten konposatuak diren, eta elikadura osasungarriaren sektorean gero eta gehiago eskatzen dira gainera. Halaber, Omega 3ko edukia %50 handitu da.
Osaeraren arabera, irin horiek jogurt, pasta, ogi eta haragi prestakinetan gehitu dira, eta ondoren hainbat dasta paneletan testatu dira, kontsumitzaileek egiten dieten harrera neurtzeko. Mikroalgen irinak elikagai horien osagai moduan sartzeak “Proteina iturri”, “Omega 3 iturri”, “Kobre iturri” edo “Burdin eduki handiko” produktu bihurtzen ditu.
Omega 3an aberatsak diren irinekin prestatutako elikagaien prototipoak
Ikerketan zehar egiaztatu da mikroalgekin aberastutako elikagaiak horien aldaera konbentzionalak baino osasungarriagoak direla. Garatutako elikagaien artean, Omega 3an aberatsak diren irinekin prestatutako prototipoak bereziki interesgarriak izan ziren, gaur egun horrelako gantz azidoek osasunerako duten garrantziagatik.
NEIKER-TECNALIAk gidatutako ikerketa hau FICONUT proiektuaren esparruan egin da. Diziplina askoko egitasmoa da, mikroalgak elikagaien osagai moduan duten erabileraren inguruan berrikuntzarako aukerak esploratzeko, eta ELKARTEKek finantzatzen du (Eusko Jaurlaritzako Programa arlo estrategikoetan lankidetza bidez ikertzen laguntzeko). NEIKER-Tecnaliarekin batera, ikerketan parte hartu dute LEARTIKER S.COOP.ek, EHU/UPV-Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoko Departamentuak, TECNALIA Research and Innovation Fundazioak eta Basque Culinary Center Fundazioak.
Elikadura osasungarria eta industria lehiakorra sustatzeko lagungarriak diren produktuen garapena dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren (PEGA delakoaren) lehentasunak. Mota honetako produktuak aukera paregabea dira nekazaritzako elikagaien sektorearentzat, bereziki elikagaien industriarentzat, izan ere, gaur egun, elikagai osasungarrien negozio nitxoa oso garrantzitsua da, produktu berritzaileei lotutako erronka etengabea izateaz gain, kontsumitzaileek osasuna eskatzen duten heinean; gainera, lehiakortasuna gehitzen diote garapen betean dagoen merkatuko arlo horri.