Albisteak

BERRIA

Mahastiak klima aldaketara egokitzeko estrategia berriak

24 maiatza 2022

Mahastiak klima aldaketara egokitzeko estrategia berriak 

  • NEIKERetik VITISAD proiektua koordinatu dugu, mahastiak klima aldaketara hobeto egokitzeko praktika agronomikoak ezartzeko helburuarekin
  • Ikerketan zehar, egiaztatu dugu landare estalkiak erabiltzeak ardoaren kalitatea mantentzen lagun dezakeela, ingurumen arriskuak saihesteaz gain, eta inausketa data atzeratzea udaberriko izozteen aurkako defentsa izan daitekeela ikusi da.
  • Euskadi, Errioxa, Nafarroa eta Frantziako Pirinio Atlantikoko mahastietan proiektuaren esparruan egindako saiakeren emaitzak gaur aurkeztu dira Guardian, Araban
  • Europar Batasuneko Interreg POCTEFA programak finantzatzen du ekimena, eta Espainia eta Frantzia arteko mugako lurraldeko mahastizaintza eta ardogintzako ikerketan diharduten bost bazkideko partzuergo batek osatzen du.

Mahatsondoaren aniztasun genetikoaren kontserbazioa, inausketa data atzeratzea edo landare estalkien erabilera dira mahastiak klima aldaketara egokitzen lagun dezaketen praktika batzuk. Hala baieztatu dugu gidatu dugun nazioarteko partzuergoak, klima aldaketara egokitzeko mahastizaintza eta ardogintzako estrategia jasangarriak garatzeko VITISAD proiektua ixteko jardunaldian.

Proiektuaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dira Kuadrillak Guardian duen egoitzan (Arabako Errioxa), ospe handiko mahastizaintza eta ardogintza eskualdean. Jardunaldian, Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Frantziako Pirinio Atlantikoko 30 mahastitan egindako saiakeren ezaugarriak ezagutu ahal izan dituzte bertaratutakoek. Zehazki, klima aldaketara egokitzeko estrategia jasangarri berri horiek mahasti hauetan ebaluatu dira: Rioja JD Ka, Nafarroa JD, Bizkaiko Txakolina JD, Irulegi JDK, Madiran JDK, Jurançon JDK, Jurançon Sec JDK, Pécharmant JDK, Pacherenc du Vic Bilh JDK eta Pacherenc du Vic Bilh sec JDK.

Horrez gain, proiektuaren saiakuntza eta emaitza garrantzitsuenak zehazten dituen gida bat eman zaie bertaratutakoei. Halaber, fitxa batzuk banatu dira, parte hartu duten upategiek eta mahastizainek proiektuaren barruan izandako esperientzia kontatzeko.

Proiektuak 32 hilabete iraun du, eta, NEIKER koordinatzaileaz gain, Europako hego-mendebaldeko mahastizaintza eta ardogintzako ikerketan diharduten bazkide hauek parte hartu dute: Errioxako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera eta IFV (Mahastiaren eta Ardoaren Frantziako Institutua). Mugaz gaindiko lankidetza hori Frantzia eta Espainiaren arteko mugaz gaindiko lurraldeko mahastietan klima aldaketara egokitzeko estrategia desberdinei dagozkien bost praktikaren esperimentazioan, ebaluazio bateratuan eta esperientzien trukean oinarritu da: ureztatzeko uraren optimizazioa, landare estalkien erabilera, mahats mulkoaren tenperaturaren murrizketa, mahatsondoaren heltzearen kontrola eta mahatsaren barietate genetikoaren kontserbazioa.

Ardoaren kalitatea mantentzea

Tenperaturaren igoera da klima aldaketaren ondorioetako bat, eta eragin du mahatsa sasoi beroago batean heltzea; ondorioz, gerta daiteke bere ezaugarri kualitatibo batzuk aldatzea, hala nola kolorea edo azidotasuna. Horrez gain, euri jasak ugaritzea ere aurreikusten da, eta horrekin, higaduraren ondorioz, lurzorua galtzeko arrisku handiagoa egon daiteke. Aldaketa horiek direla eta, funtsezkoa da gerta daitezkeen egoerei aurrea hartzea eta klimaren baldintza berrietara egokitutako irtenbideak izatea. Baina, nola mantendu daiteke ardoaren kalitatea berotze globala dela eta?

Egiaztatu den estrategietako bat inausketa data atzeratzearen eraginkortasuna da. Mahastizainek ondo ezagutzen duten tresna da, mahatsondoaren ernamuinean eragiteko. Berandu praktikatzen bada, mahastiaren zikloa atzeratzen du. Egiaztatu da apirilean egindako inausketek 2 aste baino gehiago atzeratu dutela ernamuintzea, eta horrek garrantzi handia du mahastia udaberriko izozteetatik babesteko, Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes departamentuko ikertzaileak azaldu duenez. Azkenean, nahi dena da mahatsondoen bilketa data atzeratzea.

Gainera, ureztatzeko ura optimizatzeko praktikak ere egin dira, eta, horretarako, hainbat teknika erabili dira, hala nola aireko tantak, lurpeko tantak eta gainazal bidezko ureztatzea, landare estalkien erabilerarekin konbinatuta. “Landare estalkien eta ureztatzearen arteko konbinazio hori, zona idorretan, laborantza tradizionalaren alternatiba jasangarria izan daiteke, ekoizpena eta landarearen garapen begetatiboa orekatzeko, baita ardoaren karga polifenolikoa hobetzeko ere, zeina ardoaren kalitateari zuzenean lotutako ezaugarria baita”, gehitu du zentro teknologikoko ikertzaileak.

Proiektuaren esparruan egindako beste azterlan bat mahats mordoaren tenperatura murriztera eta heltze prozesua kontrolatzera bideratu da. Ildo horretan, Frantzia hegoaldean egindako ikerketek egiaztatu dute itzala egiteko sareen erabilerak mahats mordoaren tenperatura murriztea lortu duela, eta, horrela, mahatsaren heltze puntua gehiago kontrolatzen dela.

Gainera, ekimenaren barruan, mahastiaren aldakortasun genetikoa ere aztertu eta sailkatu du, probak eginez erresistenteak eta heltze berantiarrekoak diren antzinako barietateetan, klonen aniztasunean, txertaketetan eta abarretan, arreta berezia jarriz klima aldaketara egokitu daitezkeen materialei. Zentzu horretan, zikloa luzatzeko eta nahi den azidotasun edukia lortzeko gai diren barietateak, eta are klonak ere, daudela egiaztatu da. “Horri dagokionez, oso garrantzitsua da andui zaharrak ebaluatzea eta osasuntsu dauden eta mahastizainarentzat propietate interesgarriak dituzten anduiak gordetzea”, amaitu du Ana Aizpurua Insaustik. Anduien ebaluazio hori Arabako Errioxako hainbat upategirekin batera egin da.

Klima aldaketara egokitzeko praktika horiek guztiak 30 lursail pilotutan probatu dira, Espainiako eta Frantziako mahasti komertzialetan. Oro har, erabilitako teknikak eraginkorrak izan direla egiaztatu da, eta ziklo begetatiboaren errendimenduan, kalitatean edo bilakaeran duten eragina kuantifikatu ahal izan da, beste ezaugarri batzuen artean.

VITISAD proiektuak 657.587 euroko aurrekontua du, eta %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatu du (FEDER), Espainia-Frantzia-Andorra arteko Interreg V-A Programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuak landuz.

Informazio gehiago: vitisad.eu

Related posts