BERRIA
ClimAlert-ek plataforma bat garatuko du klima aldaketak eragindako lehorte, sute eta uholdeen alerta goiztiarrerako
18 iraila 2020ClimAlert-ek plataforma bat garatuko du klima aldaketak eragindako lehorte, sute eta uholdeen alerta goiztiarrerako
- NEIKERek, IMIDAk, CSICek eta Herritarren Segurtasuneko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak (DGSCE) parte hartzen dute lehorte, sute, uholde eta lurzoruaren higadura egoeren berri emango duen proiektu europar honetan
- Alerta goiztiarren estatuz gaindiko zerbitzuak Espainia, Portugal eta Frantziako zati bat hartuko du, klima aldaketak gune horietan areagotzen ari baita ur gabezia
ClimAlert Europako proiektuak plataforma bat garatuko du klimaren muturreko eragin posibleen aurrean alerta jotzeko, horien artean egonik lehorteak, suteak, uholdeak eta lurzoruaren higadura. Horrek lagundu egingo die eragile publiko zein pribatuei erabakiak hartzen uraren eta lurzoruaren higaduraren kudeaketa eraginkorrerako.
Praktikan, klima aldaketak planetako ia bazter guztiei eragiten die eta nabarmen handituko da Europan fenomeno meteorologikoak gertatzeko aukera. Eragin negatibo horiek ikusgarriagoak izango dira Europa hegoaldeko eskualdeetan, izan ere, Klima Aldaketari buruzko NBEren Gobernuarteko Panelaren arabera, horiek izango dute arrisku handiagoa lehorteak, uholdeak eta baso suteak jasotzeko.
Europako Ingurumen Agentziaren arabera, 2006 eta 2010 artean, Europar Batasuneko lurraldearen %15ek eta biztanleen %17k jasan behar izan dute lehorteen eragina. Lehorteen hazkunderik handiena hegoaldean gertatzen da, eta litekeena da ura kontsumitzen duten sektoreen artean –nekazaritza, industria, turismoa eta etxebizitzak– lehia handitzea. Europako hego-mendebaldea ere suteek gehien kaltetzen duten guneetako bat da, eta Portugal, Espainia eta Frantziako hegoaldea daude gehien eragindako lurraldeen artean.
Zenbaitetan, teknikaren ikuspegitik, ezinezkoa denez ur baliabideen iturriak handitzea, eta gainera ekonomikoki bideraezina denez, beharrezkoa da baliabide horren kudeaketan eraginkortasuna hobetzea. Testuinguru horretan, ClimAlertek proposatu du urari lotutako arrisku klimatikoen alerta goiztiarrerako estatuz gaindiko zerbitzua abian jartzea Europako hego-mendebaldean –Portugal, Espainia eta Frantziako zati batean-, gune hori baita kontinentean klima aldaketari lotutako fenomenoek gehien zigortzen dutena, egoera horrek aldi berean klimaren aldagarritasuna eta muturreko gertaerak handitzen dituelarik.
Plataformak Sentinel sateliteko datuak (radarra, optikoak eta kuasiinfragorriak) eta Landsat satelitekoak (optikoak eta termikoak) biltzen ditu, halaber aireko eta lurzoruko datu klimatikoak, eguraldi aurreikuspena eta lurzoruko mapak, hidrografia eta altitudea. Plataforma lankidetza espazio osoan banatutako hainbat kokalekutan testatuko da, diseinu eta inplementazio faseetan elkarlanean arituko direlarik interesa duten eragile guztiak (babes zibila, nekazari elkarteak, ingurumena kudeatzeko erakundeak, etab.). Gainera, lagundu egingo du iragartzen eta ulertzen muturreko fenomeno klimatologikoen portaerak eta uraren kudeaketa, landa nahiz hiri eremuan.
Plataformak, sei egunean behin, uzten eta lurzoruen egoeraren mapa trazatzea ahalbidetuko du, etorkizuneko balizko arriskuak identifikatzeko. Horrela, ingurumen kudeaketako arduradunek uztei eta lurzoruei buruzko erabaki zuzenak hartu ahal izango dituzte, lurralde bakoitzeko arazoak kontuan hartuta.
Hauek dira proiektuan parte hartzen duten erakundeak: NEIKER, Association Climatologique de la Moyenne-Garonne et du SudOuest (Frantzia), Chambre Agriculture Dordogne (Frantzia), Estatuko Ikerketa Kontseilu Gorenaren Agentzia (CSIC, Espainia), Murtziako Ikerketa eta Nekazaritzako Elikagaien Garapenerako Institutua (IMIDA, Espainia), Comunidade Intermunicipal Viseu Dão Lafões (Portugal) eta Herritarren Segurtasuneko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusia (DGSCE, Espainia).
INTERREG SUDOE Proiektua
Interreg Sudoe Programa Interreg izenaz ezagutzen den lurralde lankidetzako helburu europarraren zati da, eta finantziazioa Europako lurralde politikarako funtsetako batetik jasotzen du: Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF-FEDER). Egungo programazio aldia 2014 eta 2020 bitartekoa da, eta aurreko beste bi aldiren ondorengoa: Sudoe 2000-2006 eta Sudoe 2007-2013. Proiektua Lehentasunezko 4. Ardatzaren barrukoa da –Klima aldaketaren aurkako borroka–, eta Interreg Sudoe Programaren lehentasunezko bost ardatzetako bat da. ClimAlert proiektuak, guztira, 1.486.000 euro jaso ditu Interreg Sudoe programatik, eta horietatik 1.114.500 euro EGEF funtsekoak dira.
Informazio gehiago: www.climalert.net