BERRIA
Eltxo tigrearen prebentziorako eta kontrolerako gida berria aurkeztu da, NEIKERen laguntzarekin egina
11 ekaina 2026
- Osasun Sailak eta NEIKER zentro teknologikoak osatu dute gida, Euskadiko hainbat udalen laguntzarekin. Udalaren jarduerarako “erreminta-kaxa” izango da, prebenitu, zaindu eta sentsibilizatzeko eta erantzun koordinatua, eraginkorra eta ezagutza teknikoan oinarritutakoa sustatzeko
- Euskadik aktibatu du dagoeneko Eltxo Tigrea Detektatzeko Zaintza Programa 2026, eta espezie inbaditzaile horren aurkako prebentzioa areagotu du, 50 bat udalerritan jarduketak eginda
- Kontrola laginketen bidez egiten da, eta dagoeneko 72 udalerritan detektatu da. Herritarren laguntza eta udal zerbitzuen lana funtsezkoak dira eltxo tigrea ugaltzea saihesteko eta, horretarako, hazkuntza-foku posibleak kendu eta ur-metaketak saihestu behar dira
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, NEIKER zentro teknologikoak eta Bilboko Udalak Aedes generoko eltxo inbaditzaileak —besteak beste, eltxo tigrea (Aedes albopictus)— prebenitzeko eta kontrolatzeko udal-gida berria aurkeztu dute gaur Bilbon. Funtsezko tresna da erakundeek erantzun hobea eman diezaioten osasun publikoaren arloan gero eta handiagoa den erronka horri.
Ekitaldian parte hartu dute Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, Joseba Garrido NEIKEReko zuzendari zientifikoak eta Ana Collia Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zuzendariak, dokumentua egiten parte hartu duten hiru erakundeetako teknikariekin batera.
Gidaren helburua da udalei tresna praktiko, malgu eta moldagarriak ematea, eltxo tigrea hedatzea prebenitzeko eta dengea, zika edo chikungunya bezalako gaixotasunak transmititzeok arriskua murrizteko. Dokumentua Osasun Sailak eta NEIKERek egin dute, Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Erandioko eta Zarauzko udalen laguntzarekin, Europako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan. Ikuspegi progresibo bat proposatzen du —oinarrizkoa, tartekoa eta aurreratua—, eta udalek jarduteko “erreminta-kaxa” da, prebenitzeko, zaintzeko eta sentsibilizatzeko. Helburua da erantzun koordinatua, eraginkorra eta ezagutza teknikoan oinarritutakoa bultzatzea, eta tokiko administrazioen eta herritarren inplikazioa funtsezkoa izango da.
Eltxo tigrea osasun publikoko erronka da eta, beraz, beharrezkoa da “Osasun Bakar Bat” (One Health) ikuspegian oinarritutako begirada integrala, Euskadiko Osasun Itunean jasotakoaren ildotik. Horren arabera, giza osasuna, ingurumen-osasuna eta klima-aldaketaren ondorioak estuki lotuta daude. Eltxo tigrea bezalako bektoreak hedatzea interkonexio horren adibide garbia da.
“Aurrea hartzea eta hazkuntza-fokuak kentzea”
Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, “eltxo tigrea kontrolatzea ezinbestekoa” baita “dengea, zika edo chikungunya bezalako gaixotasun birikoen transmisioa saihesteko. Prebenitzeko estrategiarik onena da aurrea hartzea eta eltxo tigrea ugaltzen laguntzen duten baldintzak ezabatzea”. Ildo horretan, udalen funtsezko papera nabarmendu du, “transmisioa eten nahi badugu, eltxoak garatzeko baldintzak aurkitzen dituen guneetan jardun behar dugu. Udalaren inplikazioa da osasun publikoa babesteko neurri eraginkorrenetako bat”.
Bestalde, Joseba Garrido NEIKEReko zuzendari zientifikoak nabarmendu du oso garrantzitsua dela diziplina anitzetatik jardutea, baita zientziak eta ikerketak duten papera ere, herritarrei eragiten dieten arazoak konpontzeko. “Gida hau Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen eta zenbait udalen arteko lankidetzaren bidez egin da, eta indarrak batu ditugu erakundeei zein gizarteari zuzendutako tresna hau garatzeko”. Gogorarazi duenez, “NEIKERen, Osasun Sailaren eta beste erakunde batzuen arteko etengabeko lankidetzaren baitan egin da; elkarrekin heltzen diegu zenbait erronkari, hala nola gaixotasun zoonotikoei, mikrobioen aurkako erresistentziari eta beste osasun-erronka batzuei, “One health” ikuspegiarekin”.
Bestalde, Ana Collía Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zuzendariak gaiari modu transbertsalean heltzeak duen garrantzia azpimarratu du, udal eremutik bertatik ere erantzun bateratua emanez. “Udal eremutik ezinbestekoa da inplikatutako arloen arteko kudeaketa koordinatua, Bektoreen Kontrolerako Udal Plan Integral baten bidez”, ziurtatu du.
Gida aurkeztu ondoren, Casilda Iturrizar parkean, prebenitzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko tresnen erakustaldi praktikoa egin dute udal teknikariek, hala nola ikuskapenak, tranpak eta laginketa-teknikak. Ondoren, udaletako teknikariei zuzendutako lansaioa egin dute, gidaren edukietan sakondu eta tokiko esparruan errazago aplika dezaten.
2026ko Zaintza Programa aktibatzea
Gida aurkeztearekin batera, Osasun Sailak iragarri du Euskadin Eltxo Tigrea Detektatzeko Zaintza Programa aktibatu dela. Aurten, 50 udalerritan egingo dira jarduketak, 15 Araban, 19 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan. Zaintza ekainaren 15ean hasiko da eta udazkenaren erdialdera arte luzatuko da, eltxo tigrearen jarduera handieneko aldian.
Programa 2013tik dago martxan, eta hiri-inguruneetan tranpa bidezko laginketa-sistema du oinarri. Sistema horren bidez, eltxoaren presentzia eta banaketa monitorizatu daiteke, eta lurralde bakoitzean zer-nolako arriskua duen ebaluatu. Orain arte, Euskadiko 72 udalerritan detektatu da eltxo tigrea, batez ere biztanle-dentsitate handiko hiriguneetan, eta horrek indartu egiten du zaintza aktiboa eta iraunkorra egiteko beharra. Horregatik da hain garrantzitsua gaur aurkeztu den udal-gida, espezie hori prebenitzen eta kontrolatzeko lagunduko baitu.
Prebentzioa, hedapena geldiarazteko gakoa
Herritarren laguntza, udal zerbitzuen lanarekin batera, funtsezkoa da eltxo tigrearen hedapena geldiarazteko, batez ere, ugalketa galaraziko duten neurriak hartuta. Eltxoek ur kantitate txikiak behar dituzte arrautzak erruteko, eta horregatik, eraginkorrena da hazkuntza-foku horiek kentzea, gure etxeetan eta hiriguneetan ura pilatzea saihestuta.
- Ez pilatu urik ontzietan, erretenetan, kainozuloetan edo estoldetan
- Astean bitan hustu loreontzi, ontzi, jostailu edo tangetako platerak
- Ura biltegiratzen duten ontziak estalita eduki
- Animalien edontzietako ura maiz berritu
- Erabili eltxo-sareak leiho eta biltegietan
Era berean, gomendatzen da baratze eta hilerriei arreta berezia jartzea, bertan ur-metaketak errazago gerta baitaitezke. Herritarrek ere lagundu dezakete eltxo tigrea detektatzen, Mosquito Alert aplikazioaren bidez. Aplikazio horrek intsektuaren presentzia geolokalizatu eta jakinarazteko aukera ematen du: https://www.mosquitoalert.com/
Zer egin ziztatzen bazaituzte
Eltxoa beltza da, tamaina txikikoa (5 mm ingurukoa), eta buruan eta toraxean lerro zuri bat du. Egunez jarduten du, eta, beraz, normalean, egunean zehar ziztatzen dute. Gainera, ohikoa da segidan behin baino gehiagotan egitea. Eltxo tigrearen ziztadak mingarriagoak izan daitezke eta erreakzio bizia eragin dezakete. Horregatik, eremua urez eta xaboiz garbitzea gomendatzen da, eta hotza aplikatzea hantura geldiarazteko eta azkura arintzeko. Gainera, hobeto da hazka ez egitea, eremua ez infektatzeko. Erreakzioa oso handia bada, eta ondoeza eragin edo arnasa hartzea oztopatzen badu, osasun-langileei galdetu behar zaie.
Bestalde, arrisku-guneren bat bisitatu duenak, itzuli eta 15 egunetan zehar, norbera babesteko neurriak zorroztu beharko ditu eltxoen ziztadak saihesteko. Horrez gain, sintomak izango balitu (batez ere sukarra, min-zantzuak, ondoeza…), berehala jakinarazi behar zaio osasun-zentroari. Espezie inbaditzaile hau gai da dengea, zika eta chikungunya bezalako gaixotasunak transmititzeko, nahiz eta Euskadin kutsatzeko probabilitatea oso txikia izan; ez da kasu autoktonorik detektatu.
Eltxo tigreari, haren prebentzioari eta zaintza-programari buruzko informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/tigre-eltxoa-aedes-albopictus/web01-ejeduki/eu/

