Albisteak

BERRIA

NEIKERek “2026ko Ohorezko Elkargokide” izendapena jaso du, lehen sektoreko ibilbide oparo eta bikainari esker

20 maiatza 2026

 

  • Ingeniari Agronomoen Elkargo Ofizialak zentro teknologikoaren 175 urteko historia eta nekazaritza, abeltzaintza zein basogintzako berrikuntzari egindako ekarpena saritu ditu.
  • Sariak emateko ekitaldi ofiziala maiatzaren 15ean egin dute Zaragozan, San Isidro eguneko ospakizunekin batera.

Aragoi, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Agronomoen Elkargo Ofizialak “Ohorezko Elkargokide” garaikurra eman dio aurten NEIKERri. 175 urteko ibilbide luzean, zentro teknologikoak nekazaritza, abeltzaintza zein basogintza sektoreetarako irtenbide berritzaileak garatzen espezializatzea lortu du. “Gure jatorria 1851ko Granja Modeloren sorreran dago, eta sari honek landa-eremuaren behar aldakorretara hamarkadaz hamarkada moldatzeko dugun gaitasuna berresten du. Azken batean, sektorearen etorkizuna bermatzeko zientzia aplikatuari egindako aitortza da”, azaldu du Olatz Unamunzaga zentro teknologikoko zuzendariak.

Landa-eremuaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko ikerketa integratua

Bere eginkizunari dagokionez, NEIKERek ikerketa eta zientzia aplikatua darabiltza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna ahalik eta gehien sustatzeko. Horretarako, hainbat esparrutan egiten du lan zentroak, modu integratuan. Animalien zein landareen osasunaren eta osasun publikoaren arloan, gaixotasunen prebentzioari eta fitosanitarioen zein antibiotikoen erabilera murrizteari heltzen zaio; lurzoruei dagokienez, haien osasuna eta kalitatea aztetzen dira, produktibitatea eta biodibertsitatea aberasteko; halaber, hobekuntza genetikoa bultzatzen da, landare- eta animalia-barietate erresistenteagoak eta produktiboagoak lortze aldera; azkenik, belaunaldi-arteko erreleboa errazteko eta sektorea eraldatzeko goi-teknologiako konponbideak txertatzen dira.

“Laburbilduz, kalitate handiko elikagaien hornidura eta paisaiaren zainketa ziurtatzeko, ekoizpen-prozesu berritzaileak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak sustatzen ditugu, ustiategien errentagarritasuna eta lehiakortasuna inoiz alboratu gabe”, nabarmendu du Unamunzagak.

Teknifikazioa eta aurreikuspena etorkizuneko erronken aurrean

Azkenik, sektorearen etorkizunari begira, NEIKERek klima-aldaketari, belaunaldi-arteko erreleboari eta etengabeko lehiakortasun zein jasangarritasun-beharrei aurre egitea jo du lehentasuntzat. “Sektorearen teknifikazioa bultzatzen jarraitzea funtsezkotzat jotzen duku. Horretarako, ezagutzaren transferentzia indartzearen aldeko apustua egiten duku; hau da, lursail esperimentalak, living lab delakoak eta ideia berritzaileak biltzeko deialdi irekiak erabiltzearen alde. Jardunbide horien bidez, gure lanak sektorearen zuzeneko ikuspegia bereganatzen du beti”, adierazi du zuzendariak.

Horrez gain, NEIKERen azken xedea “beti urrats bat aurretik ibiltzea” dela gaineratu du: “biharko arazoak gaurdanik hautematea, konponbidea beranduegi izan baino lehen prest edukitzeko”.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.