BERRIA
Atsegiñe plazaratu dugu, chip-pataten industriara bideratutako bi koloreko mamia duen patata barietate berria
6 maiatza 2026
- NEIKER zentro teknologikoak patata mota berri bat erregistratu du, barietate tradizionalek baino % 30 antioxidatzaile gehiago duena, eta, sendotasun genetiko handikoa denez, nekazaritza-ekoizpen jasangarria bultzatzen duena
- Frijitzeko egokia denez, eta bere kolorazio naturalaren egonkortasunari esker, industriak produktu desberdinduak lor ditzake gehigarririk erabili behar izan gabe
- Atsegiñe barietatea (izenak izana dakar) gehitu zaio NEIKERen aktiboen katalogoari, zazpi urtez ikerketak eta landa-errendimenduko saiakuntzak egin ondotik
Azal morea eta mami purpura eta zuria. Ezaugarri horiek ditu atsegiñek, NEIKER zentro teknologikoak Barietate Komertzialen Erregistroan eta Europar Batasuneko Landare Barietateen Bulegoan inskribatu duen patata barietate berriak.
Mugarri hori zazpi urteko ikerketa-prozesu baten emaitza da; hautatutako gurasoak eskuz gurutzatuz hasi zen, eta landan zazpi urtez saiakuntzak eginez sendotu da. Desberdintasun, homogeneotasun eta egonkortasuneko proba ofizialak (DHE) gainditu direnez, berrikuntza hori ustiapen-lizentzien bidez iritsi ahal izango da merkatura.
Izapide ofizial horiek gainditu ondoren, atsegiñeren garapenak aukera ematen dio NEIKERi merkatu-bide berri batean posizionatzeko: poltsako koloretako chip-patatak. NEIKERek produktu desberdinduak eta ezaugarri agronomiko onekoak egiteko potentziala duen lehengai bat jartzen du frijituen industriaren eta hazi-ekoizleen eskura.
«Tuberkuluaren % 22,50 materia lehorra da, eta % 0,17 dira hondar-azukreak. Barietateak testura kurruskaria ziurtatzen du, eta tenperatura altuetan frijitzean iluntzea edo zapore mikatzak agertzea saihesten du”, adierazi du Nacho Ruiz de Galarreta NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak.
Bere industria- eta sukaldaritza-gaitasunengatik ez ezik, barietate berri hori nutrizio-profilagatik ere nabarmentzen da. Antozianinen kontzentrazio handia duenez, frijitu edo egosi ondoren kolore moreari eusten dio, eta atsegiñek barietate zuriek baino % 30 konposatu antioxidatzaile gehiago ditu.
«Antozianina horiek zelulen oxidazio eta zahartzearen aurkako eragina dute, eta, hala, oinarrizko elikagai bat elikadura osasungarriaren eskariei erantzuten dien baliabide funtzional bihurtzen da», azaldu du ikertzaileak.
Erresistentzia eta errentagarritasuna
Nekazaritza-ekoizpenaren ikuspegitik, barietate horrek erresistentzia naturala du mildiuarekiko eta Y birusarekiko (PVY), zeinak laborearen errendimenduari eta haziaren kalitateari erasaten dioten patologia nagusiak baitira. Sendotasun genetiko horrek tratamendu fitosanitario gutxiago aplikatu ahal izatea eragiten du, eta horrek nekazariaren kostu operatiboak murrizten ditu, eta ustiategiaren ingurumen-jasangarritasuna hobetzen du.
Bildu ondoren, ezaugarri horiek prozesatu arte bere horretan mantentzen direla bermatzeko, barietatea modu jakin batean maneiatu behar da: 7 ºC-tik gorako tenperaturan kontserbatu behar da, hotzak ez dezan azukre maila handitu eta, ondorioz, chip-patatak ekoizteko kalitate optimoari eutsi diezaion.
Barietateen ikerketa eta transferentzia
NEIKER lan asko egina da arlo horretan, emaitzak lehen sektorera transferitzeko helburuarekin. Lan horren adibide da miren, gorbeia eta leire patata barietateak lortzea, zentroko germoplasma-bankuko genotipoak gurutzatzetik abiatuta, Gastrovalocal proiektuaren esparruan. Ekimen hori, gainera, Euskadiko landare-espezieei balioa berriz ematean datza; espezie horiek lantzeari utzi zitzaion, produktibitate txikikoak zirelako edo merkatu-eskariak aldatu zirelako.
Material zaharra berreskuratzeko ildoaz gain, zentroak berrikuntzaren ildoari ere heltzen dio, merkatuaren egungo beharrei erantzuteko. Arlo horretan, sektorean jada presente dauden barietate berriak garatu dira, hala nola beltza, purpura koloreagatik eta konposatu antioxidatzaile asko izateagatik nabarmentzen dena, edo edurne, freskoan kontsumitzeko dena, eta azal fina eta mami hori argia dituena, tasun ezin hobeak direnak egosketarako eta etxeko frijituetarako.
Atsegiñe inskribatuta —izena ere gozoa du—, NEIKERek soluzio bat eskaintzen du, landa-produktibitatea eta kontsumo-joerak lotzen dituena. Aurrerapen horri esker, ikerketaren emaitzak onura bihur litezke: alde batetik, sektorearentzat, barietate egokituagoa duelako, eta, bestetik, industriarentzat, produktu berritzaile bat eskuratzen duelako. Hala, teknologia-zentroan sortzen den ezagutza egiazko tresna bihurtzen da, patataren sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.






