BERRIA
Lehen sektoreko abangoardiaren 175 urte: NEIKERek Arkabiako ‘Bidegurutzea’ erakusketara gonbidatzen zaitu
7 apirila 2026
- 1851ko nekazaritza-eskola historikotik gaur egungo Arabako lurraldea eraldatzen ari diren 4.0 nekazaritza-konponbideetarainoko ibilbidea
- Gasteizko bihotzean udaberriko oporrez gozatzeko kultur proposamen berritzailea
Udaberriko oporraldia hastearekin batera —Aste Santutik eta Pazko Astetik hasi, eta San Prudentzio zein maiatzaren 1eko jai-egunetaraino—, gure historia berritzeko agertoki ezin hobea bihurtu da Gasteiz. Egun hauetako egitasmo nabarmenen artean, Vital Fundazioaren Arkabia zentro berritua bisitatzea dago; bertan baitago ikusgai “Encrucijada/Bidegurutzea” erakusketa. Erakusketa hau Arabako atzokoan, gaurkoan eta biharkoan barrena egindako bidaia bat izateaz gain, nekazaritza-berrikuntzak gure lurraldearen garapenean izan duen funtsezko papera bertatik bertara ezagutzeko aukera ere bada.
Erakusketak mugarri garrantzitsu bati erantzuten dio: 1850ean sortutako Vital Kutxaren 175. urteurrenari. Handik gutxira, NEIKERek ere bere ibilbide historikoari ekin zion, 1851ko Nekazaritza Eskolaren sorrerarekin. 2026 honetan, 175 urte bete ditugu lehen sektorearekin konprometituta; horregatik dugu leku pribilegiatua erakusketa honetan. Gaur egun garena bihurtu gaituzten mugarriak partekatu nahi ditugu publikoarekin: ikerketan eta transferentzia teknologikoan erreferente den zentroa, hain zuzen ere.
Patatatik harago: oraina elikatzen duen ondarea
Araban zein gure mugaz kanpo NEIKERek patatarekin lotuta egin duen lan historikoa oso ezaguna den arren, “Encrucijada/Bidegurutzea” erakusketak begirada hori zabaltzea du helburu. Erakustokiak ikusizko esperientzia paregabea eskaintzen du fitxa zehatzen eta argazki artistikoen bidez. Bertan, gure-gurea den produktu honen barietateei omenaldia egiten zaie. Halere, elikadura-subiranotasunari eta ezagutza zientifikoari buruzko kontakizun zabalago baten hasiera besterik ez da hori.
Denbora-lerro zehatz baten eta gaur egungo jarduna jasotzen duten bideo batzuen bidez, bisitariek gure historia baino askoz gehiago garela egiaztatuko dute. 4.0 nekazaritzarantz nola egin dugun eta sektorearen jasangarritasuna bermatzeko gaur egun nola lan egiten dugun arakatzeko aukera ematen du erakusketak. Zientzia urrutiko zerbait bezala ikusi ordez, Arabari ia bi mendez aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzen lagundu dion motor gisa ulertzeko gonbidapena da.
Berrikuntza eta jasangarritasuna lurraldearen zerbitzura
“Encrucijada/Bidegurutzea” erakusketa etorkizunera begira dagoen leihoa ere bada. Klima-larrialdiak eta basogintza zein nekazaritzako elikagaien sektorerako konponbide berrien premiak markatutako testuinguruan, NEIKERek bere lan-ildo puntakoenak erakusten ditu Arkabian. Bioekonomiaren sustapenetik hasi eta One Health (Osasun Bakarra) ikuspegiaren integrazioraino —ingurumenaren, animalien eta gizakien osasuna lotzen dituena—, gure zentroaren parte-hartzeak bihar-etzi dakarzkigun erronkekiko konpromisoa azpimarratzen du.
Herritar guztiak eta bisitariak jai-egun hauek aprobetxatzera gonbidatzen ditugu, Arkabiara gerturatu eta gure lurraldearen historia, zientzia eta ikuspegi eraldatzailea uztartzen dituen ibilbidean murgil daitezen. Erakusketa doakoa da eta maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik. Aukera bikaina da eguneroko ikerketa-lanak gure elikaduran eta ingurunean nola eragiten duen ulertzeko. Ez galdu gure tradizioak eta teknologia aurreratuenak bat egiten duten bidegurutzea ezagutzeko parada.




