BERRIA
NEIKER saiakuntzak egiten ari da sojaren eta patataren barietateekin, estentsibo ekologikoen sektoreari bultzada emateko
21 urria 2025- Gaur goizean, teknologia-zentroak ohiko landa-jardunaldia egin du Arkautiko egoitzan, azken urteotako lanetan lortutako emaitzak azaltzeko
- Ekitaldia nekazaritza-sektoreko profesionalei, administrazio publikoei, enpresei eta kudeaketa-zentroei zuzendu zaie
- Ekimen hori bat dator Europako Baserritik Mahaira estrategiarekin, zeinak ezartzen baitu Europako nekazaritza-azaleraren % 25 ekologikoa izan behar dela 2030erako
EAEn 12.688 hektarea bideratzen dira nekazaritza ekologikora, Ekolurraren arabera (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua); hark dioenez, 2024an, azalera ekologikoa % 18 hazi da aurreko urtetik. Gorakada horrek sektorea hedatzen ari dela islatzen du, eta laborantza ekologikoko sistemetara egokitutako barietateak ikertzen eta hautatzen jarraitzeko beharra dagoela adierazten du, bat etorririk Europako Baserritik Mahaira estrategiarekin, zeinak ezartzen baitu Europako nekazaritza-azaleraren % 25 ekologikoa izan behar dela 2030erako.
Ikerketa-ildo horretan aurrera egiteko, gaur goizean, NEIKER teknologia-zentroak ohiko landa-jardunaldia egin du Arkautiko egoitzan (Araba). Ekitaldia nekazaritza-sektoreko profesionalei, administrazio publikoei, enpresei eta kudeaketa-zentroei zuzendu zaie, eta bide eman du azken urteotan lortutako emaitzak azaltzeko, eta egungo kanpainaren lehen datuak aurkezteko ere bai, nekazaritza ekologikoaren barneko zenbait laborerekin egindako saiakuntzak barne hartuta.
Patatarekin eta sojarekin egindako lanek izandako aurrerapenen berri ere eman da jardunaldian; bi labore horiek estrategikoak dira nekazaritza-ekoizpena dibertsifikatzeko eta sektorearentzako informazio praktikoa sortzeko.
Barietateen jarraipena eta hautaketa
Sojaren kasuan, saiakuntzak Euskoekosoja talde operatiboaren barnean egiten dira (UAGAk koordinatzen du, eta NEIKERek, Ekosal-luz transformazio-enpresak —Zuaitzo, Sojhappy— eta Arabako bi ustiategi ekologikok parte hartzen dute). Ekitaldian, zortzi barietaterekin —tokiko klimarekiko egokitzapena, errendimendua eta alearen kalitatea kontuan hartuta hautatuak— egindako saiakuntzen emaitzak ezagutarazi dira.
“Datuek zenbait desberdintasun erakusten dituzte ekoizpen-portaeran eta haziaren tamainan. Informazio horrekin, soja ekologikoa ekoizteko barietaterik egokienak hautatu ahal izango dira, giza elikagaigintzara bideratzeko, jakien transformazioa barne, esaterako, tofua eta landare-proteina” adierazi du Roberto Ruiz de Arcaute, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko teknikariak.
Gainera, landutako sailak hainbat soja kilo emango ditu, eta horiek tofu bihurtuko dira talde operatiboaren bitartez. Halaber, produktu elaboratuen dastaketa konparatibo bat egitea aurreikusi da, barietate bakoitzeko azken produktuen kalitatea neurtzeko eta haien portaera ezagutzeko laborantzatik hasi eta transformaziora arte.
Patataren kasuan, NEIKERek barietate-ebaluazioko saiakuntzen emaitzak aurkeztu ditu; barietate komertzialak eta hobekuntza genetikoko programaren barnean garatu diren klonak konbinatu dituzte. Ekolurrak egiaztatutako lurzatietan egiten dira lanak, eta horietan, besteak beste, alderdi hauek aztertzen dira: errendimendua, tuberkuluaren kalitatea eta gaixotasunekiko erresistentzia.
Ildo horretan, zentroko ikerlariak hauxe nabarmendu du: “Aurten ez da mildiu arazo handirik egon; beraz, gorabehera nabarmenik gabe aztertu ahal izan da materialek zer-nolako portaera duten nekazaritza ekologikoko baldintzetan”.
Oro har, aurkeztutako emaitzek informazio praktikoa eskaintzen diote nekazariei, teknikariei eta enpresei, eta horiek, hala, jakin dezakete barietate haiek zer-nolako portaera duten nekazaritza ekologikoko baldintza errealetan. Aldi berean, agerian jartzen dute NEIKERek hartutako konpromisoa: ezagutza transferitzea eta EAEn nekazaritza ekologikoa sustatzen duten estrategiak eta Europako Baserritik Mahaira estrategia ezartzea.