Albisteak

BERRIA

Mahastien errentagarritasuna bermatzeko estrategiak, klima-aldaketaren eta izurriteen aurrean

23 iraila 2025
  • NEIKERek klima-aldaketari eta izurriei aurre egiteko soluzioak ikertzen ditu, sektorearen errentagarritasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko

 

EAEko mahastizaintza eta ardogintza sektorea eraldaketa betean da, tenperaturen gorakadaren, euriaren irregulartasunen eta izurriteen eta gaixotasunen presio gero eta handiagoen ondorioz, mahastien bideragarritasuna kolokan dago eta. Horri gehitu behar zaio Europako araudiek produktu fitosanitarioen erabilera murriztu dutela, ohiko babes-baliabideak mugatu, eta soluzio berriak bilatzera behartuta.

Inguruabar horiekin, NEIKERek ikerketa eta ezagutza transferitzeko hainbat proiektu bultzatzen ditu, ekoizleek —Arabako Errioxakoek eta txakolingileek— datuak, teknikak eta barietateak eskura izan ditzaten, eta, horri esker, etorkizunean mahastien produktibitateari eta kalitateari eutsi ahal izan diezaioten.

Klima-aldaketak eta merkatu-eskakizun berriek ekarritako errealitatean berrikuntza ez da hautuzko kontu bat, baizik eta sektorearen iraupenerako premiazkoa”, azaldu du Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusiak, eta gaineratu du zentro teknologikoaren egitekoa dela “erronkak aukera bihurtu, eta mahastizainek beren lursailetan zuzenean aplika ditzaketen irtenbide zientifikoak ematea, lehiakorragoak izan daitezen”.

Erronka horiei aurre egiteko estrategiak hainbat ardatz ditu: mahastiaren osasuna babestea, praktika agronomikoak klima aldakorrera egokitzea, lurzoruaren kalitateari eustea eta teknologia aprobetxatzea kudeaketa optimizatzeko eta ingurumen-inpaktua neurtzeko. Ikerketa, berrikuntza eta sektorerako zuzeneko transferentzia lotzen dituen ikuspegi integral batek hartzen ditu barnean alderdi horiek guztiak.

 

Mahastien osasuna babesteko tresnak

Lehenengo ekintza-ildoa mahatsondoa osasuntsu mantentzea da. Horretarako, bioestimulatzaileen eta biopestiziden erabilera da ikergaia, ohiko produktu kimikoak ordezkatu ditzaketelako eta arau-mugak betetzen dituztelako. Ikerketa horren osagarri, detekzio goiztiarreko algoritmoen garapenean ari da lanean, besteak beste, gorrinerako eta zurinerako. Algoritmo horiei esker, infekzioa aurreikusi, eta tratamenduak zehatzago aplikatu daitezke.

Bertatik bertarako datuetan eta eredu igarleetan oinarritutako tresna horiei esker, infekzioaren lehen zeinuak identifikatu daitezke, begi hutsez ikusteko modukoak izan baino lehen; horrela, tratamenduak eraginkortasunez eta une egokian aplika daitezke.

Aldi berean, mahatsondo-barietate erresistenteak lortzeko eta antzinako barietateak berreskuratzeko lanean ari dira, horien genetika lagungarri da eta klima-baldintza berrietara egokitzeko. Estrategia-konbinazio horren helburua da fungizidekiko mendekotasuna murriztea eta laborearen jasangarritasuna handitzeko alternatibak eskaintzea, mahastien babesa eta ingurunerako egokitzapena uztartuta.

 

Jardunbideak klima aldakorrera egokitzea

Bigarren ildoaren ardatza da mahastiaren gobernua klima-aldaketaren ondorioetara doitzea, mahatsaren kimatzea, loratzea eta heltzea asaldatzen baitute. Horretarako, estrategia agronomikoak probatu dira, hala nola inausketa geroratzea. Horrek ziklo begetatiboa aldatu, eta izotzaldi berantiarren edo laborearen fase sentiberatako tenperatura altuen ondoriozko kalteen arriskua murrizten du.

Aldi berean, uraren kudeaketa doitasunezko mahastizaintza-tekniken bidez optimizatzen da. Horien bidez, lurzoruaren eta landarearen egoera hidrikoaren jarraipena egin daiteke, benetan behar den ura soilik emateko. Hala ziurtatzen da baliabide hidrikoaren erabilera efizientea izatea, eta ekoizpenari eustea, are euri irregularreko aldietan ere. Lan-bloke horren osagarri da INTERREG-AN-GEL proiektuan parte hartzea, zeinaren ardatza baita udaberriko izozteen aurreko alerta eta erantzuna.

Aztergaia da landareak zer-nola erantzuten dien uraren kudeaketari eta klima-ereduei aldaketei. Datu zehatzei eta etengabeko jarraipenari esker, mahastizainentzako jardunbide egokienak identifikatu ditzakegu, eta haiei gomendatu, beren laboreak egokitzeko eta ekoizpenari eusteko.

 

Lurzoruaren kalitatea eta mikrobioma kontserbatzea

Mahastia muturreko baldintza meteorologikoetara egokitzeaz ari garenean, ez gara landarera mugatzen; aitzitik, lurzoruaren osasuna funtsezkoa da produktibitatea eta mahatsaren kalitatea ziurtatzeko. Horregatik, aztergai hartzen dira laborantza murriztua eta landare-estalkien erabilera, zeinek lurzoruaren egiturari eutsi, ur-atxikipena hobetu, eta jarduera biologikoa errazten baitute.

Gainera, fauna edafikoa eta mikrobioma aztertzen dira, landarearen garapenean eta mahatsaren aroma-profilean eragina dute-eta, eta informazio zientifikoa ematen dutelako terroir-ari buruz, baita lursail hori ardoan islatzen den erari buruz ere. Ildo hori zuzenean dago lotuta landarea gobernatzeko estrategiekin eta jardunbide agronomikoekin, eta mahastiaren egokitzapen-ziklo osoa ixten du, sustraitik hasi eta mahats aleraino.

 

Teknologia eta ingurumen-ebaluazioa

Informazio hori guztia integratzeko eta erabakiak hartzea errazteko, zenbait plataforma digital erabiltzen dira, besteak beste, UREZTA eta Agrometeo. Horiek datu agroklimatikoak denbora errealean eskaintzen dituzte, lanak antolatzeko, ureztatzeak doitzeko eta esku-hartzeak planifikatzeko, lurzatian lurzatiko baldintzen arabera.

Aldi berean, bizi-zikloaren analisiaren (BZA) metodologia aplikatzen da ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, mahatsaren ekoizpenetik hasi eta ardoa egin arteraino. Informazio horri esker, hobekuntza-eremuak identifika daitezke, nekazaritza-jardunbideak baliozkotu, eta ziurtagirietarako sarbidea erraztu —adibidez, mahastizaintza birsortzailearen edo ekologikoaren ziurtagiria lortzeko—, halakoak izatea merkatu-eskakizun gero eta zabalduagoa denez.

Zentroaren ikerketarekin eta ezagutza-transferentziarekin, ildo guztiak elkarren osagarri izatea dugu xede: mahatsondoaren babesak, jardunbide agronomikoen egokitzapenak, lurzoruaren zaintzak eta digitalizazioak sistema integratu bat osatzen dute, mahastizainei aukera ematen diena aldaketak aurreikusi, baliabideak optimizatu eta erabaki funtsatuak hartzeko.

Horrela, “ezagutza zientifikoa mahastietarako ekintza zehatzetan zertzen da, jardueraren jarraitutasuna eta EAEko ardoaren ekoizpenari eta kalitateari eusteko gaitasuna bermatuta klima- eta arau-erronken aurrean”, esan du Unamunzagak.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.