BERRIA
Berritzen transferentzia-plana aurkeztu diogu sektoreari, laugarren AKIS Foroaren esparruan
13 ekaina 2025AKIS Foroaren lanarekin jarraitzeko, jakintza transferitzeko Euskadiko AKIS Foroaren laugarren edizioa izan da gaur, Arkauteko Granja Ereduan (NEIKERen egoitza).
Jardunaldi horretan, NEIKERek garatutako Berritzen plana ezagutarazi da, zeinaren helburua baita jakintza-transferentzia sendotzea nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorera bideraturik. Zientzia landa-eremuaren zerbitzura jarri nahi da, eta, horretarako, modu erabilgarrian eta hurbilean erantzun nahi zaie sektorearen benetako erronkei.
AKISen laugarren foroan izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Noemi Aguirre Arabako Nekazaritzako foru-diputatua eta Olatz Unamunzaga NEIKERen zuzendari nagusia.
Ekitaldian izan dira, berebat, sektoreko zenbait eragile, hala nola Lorra, Abelur, Abere, ADR Añana, Gipuzkoako Baso Elkartea, EHNE, UAGA, Hazi, Elika, Urkiola LGA edo Artomaña Txakolina. Horietaz gainera, bertaratu dira Udapa, Garlan, Kaiku, Garaia, Miba edo Alavesa de Patatas enpresak ere.
NEIKERen zuzendari nagusi Olatz Unamunzagak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Berritzen planak ikuspegi-aldaketa bat dakar: kontua ez da jakintza transferitzea bakarrik, baizik eta sektorearekin batera eraikitzea, partaidetzan oinarrituriko ikerketa erabilgarri eta aplikatuaren bidez. 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta plan bizia izango da, sektorearen beharretara irekia”.
Berritzen planaren hiru ardatzak
Unamunzagak azaldu duenez, planak hiru ardatz ditu: “Erakusketa- eta esperimentazio-espazioak izango ditugu NEIKERen finketan eta benetako ustiategietan. Horietan, praktika berritzaileak probatuko dira, hala nola nekazaritza birsortzailea edo agrovoltaikoa. Orpoz orpo lan egingo dugu sektoreko teknikari aholkulariekin, eta, eginahal horretan, adostutako ibilbide-orriak eta beharrak detektatzen eta irtenbide zehatzak transferitzen dituen eredu bat baliatuko ditugu. Amaitzeko, ideiak bilatuko ditugu urteko deialdi baten bidez, sektoreak berak proposa ditzan erronkak eta ikertzeko edo transferitzeko gaiak, baita NEIKERen egonaldi teknikoak aurreikusteko ere”.
Esperimentazioa eta aholkularitza teknikoa
Esperimentaziorako espazio praktikoen barruan, “epe luzerako nekazaritza-saiakuntzak bultzatuko dira, guztion artean esperimentatzeko gune gisa. Hala, nekazaritza-praktika eta sistema errentagarri, produktibo eta jasangarriei buruzko ezagutza teorikoa eta praktikoa sortuko ditugu. Euskal nekazaritza-sektoreko eragile guztien artean datuak, informazioa eta jakintza transferitzeko gune izan behar dute”, azaldu du Carlos Garbisu NEIKERen zuzendari zientifikoak.
Transferentziari dagokionez, Garbisuk azpimarratu du ez dela “norako bakarrekoa”, baizik eta norako guztietan ibili behar duela eta ikuspegi eta helburu desberdinak bildu behar dituela. Jakintza sortzeko eta transferitzeko etengabeko fluxua behar dugu, hala lortuko baitugu euskal nekazaritza-sektoreko eragile guztiak aldaketetara eta koiunturetara egokitu ahal izatea”.
Bestalde, Amaia Ortiz Landare Ekoizpen eta Babes Saileko arduradunak eta Andrés Lecuona Alavesa de Patatas enpresako gerenteak partekatu dute nola ari diren lantzen Euskadin hazitarako patata bultzatzeko ikerketa-plana, elkarlanean oinarriturik.
Sektorearen partaidetza
Sektorearen partaidetza da Berritzen planaren gakoetako bat. Horregatik, AKIS Foroaren laugarren edizioa baliagarria izan da, orobat, sektoreak Berritzen planari buruz duen iritzia jasotzeko eta haren ekarpenak txertatu ahal izateko.
Ildo horretan, sektoreko eragileen eta enpresen parte-hartze aktiboa izan dugu ekitaldian, eta dinamika bat egin dugu horiekin guztiekin. Ondoren, hiru ildo nagusitan bildu dira aurkeztu dituzten kezkak eta proposamenak:
- Zein praktika berri gustatuko litzaiekeen ezartzea, bai NEIKERen finketan, bai beren finketan, laguntza teknikoarekin.
- NEIKERek jada ezagutzen dituen zer soluzio edo gomendio helarazi beharko liratekeen sektorera modu orokorragoan.
- Zer ikerketa-premia edo -erronka jotzen dituzten lehentasunezkotzat, oraindik soluzio argirik ez dagoelako.
Ekarpen horiei esker, Berritzen plana hobeto egokituko da sektorearen benetako eskaeretara.
Zer dira AKIS foroak?
Nekazaritzako Jakintza eta Berrikuntza Sistemak —AKIS, Agricultural Knowledge Information System— 2008an sorturiko Europako ekimen bat da, eta haren helburua da nekazaritzako elikagaien arloko erronkei aurre egitea, sektorea lehiakorra izan dadin, eta, hala, gai izan dadin gizartearen eskaeretara eta sektorearen erronketara egokitzeko.
Denboran zehar, handitu egin da haien garrantzia, eta, gaur egun, funtsezko zeregina dute 2021-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) barruan. Hain zuzen ere, sarturik daude NPBaren Plan Estrategikoko helburu transbertsalaren barruan.
AKIS Foroak sektoreko eragileen arteko aldizkako topaleku bat ezartzeko sortuak dira, eta helburua da jakintza sortzea eta zabaltzea, nekazaritzako elikagaien katearen funtzionamendu ona eta sektorearen jasangarritasuna aldezteko bidean aurrera egiteko.
Euskadin, AKIS foroak helburu propioak ditu, gure errealitateari loturik. Horien artean, aholkulariak profesionalizatu nahi dira, nekazaritzako elikagaien eta landa-eremuen modernizazio sektoriala bultzatu ahal izan dezaten, bai eta Euskadi Erronkak lortzen laguntzeko ere. Era berean, berrikuntza sustatzen du lankidetzan, EIP-AGRI Talde Operatiboak sortzearen bidez.