BERRIA
Algek nekazaritzako elikagaien industrian duten ahalmena, NEIKERen plater nagusia Food4Future-rako
10 apirila 2024
- Zentro teknologikoak elikagaien industriaren azoka liderrean parte hartuko du aurten ere, apirilaren 16tik 18ra egingo den laugarren edizioan, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC)
- Eusko Jaurlaritzaren standean bere azken irtenbideak aurkezteaz gain, NEIKEReko zuzendari Leire Barañanok mikroalgek industriarentzat duten ahalmenari buruzko saio bat moderatuko du
Algak nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasunean, bioekonomiaren garapenean eta oinarri ekologikoko produktu berrien eskuragarritasunean rol nabarmena jokatzera deituta daude. Baliabide moldakor bihurtu dira, hainbat aplikaziorekin, bai giza eta animalien elikadurarako, bai nekazaritza, farmazia, kosmetika, ehungintza edo biomaterialen garapenerako.
2008tik, NEIKER zentro teknologiko eta Basque Research and Technology Allianceko kideak mikroalgen hazkuntzan espezializatutako ikerketa gidatzen du, eta jarduera hori nekazaritzako elikagaien arlorako interesgarriak diren produktu eta biomolekulak lortzera bideratzen du, nekazaritza konbentzionalaren osagarri gisa.
Datorren astean, zentroak arlo horretako azken berrikuntzak aurkeztuko ditu Food4Future azokaren laugarren edizioan, berrikuntza, jasangarritasuna eta digitalizazioa uztartzen dituen ekitaldian, elikagaien industriaren etorkizuna irudikatuz.
Apirilaren 16tik 18ra, Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centreko (BEC) erakustazokan duen standean, NEIKERek mikroalgen azterketan egindako azken aurkikuntzetako batzuk erakutsiko ditu, hala nola, konposizioan mikroalgak sartzen dituzten ongarri berrien garapena, zeinek jatorri jasangarria eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa duten, edo mikroorganismo horiek animalien dietan gehigarri gisa sartzeko aukera, animalien sistema immunologikoa hobetzeko eta ongizatea sustatzeko.
Horrez gain, zentroko zuzendari Leire Barañanok mikroalgek Europako nekazaritzako elikagaien industriarako duten ahalmenera zuzendutako mahai inguru bat moderatuko du. “Algek nekazaritzako elikagaien sektorean duten ahalmenean nabigatzen: algetan oinarritutako produktuak eta zerbitzuak Europako elikagaien industrian integratzea bultzatzeko egungo aukerak eta erronkak” izenburuko saioa apirilaren 17an izango da, asteazkena. Barañanoz gain, Sergio Seoane EHUko irakasleak, Leire Arantzamendi AZTIko ikertzaileak eta Francisco Gabriel Acien EABAko lehendakariordeak (European Algae Biomass) parte hartuko dute.