Albisteak

BERRIA

NEIKERek erakutsi du bigantxak lehen hiru hilabeteetan paratuberkulosiaren aurka  txertatzeak %35 murrizten duela haien heriotza tasa

16 martxoa 2021

NEIKERek erakutsi du bigantxak lehen hiru hilabeteetan paratuberkulosiaren aurka  txertatzeak %35 murrizten duela haien heriotza tasa

  • Euskadiko 30 ustiategitan egin da lana, eta 9.000 behi baino gehiago aztertu dira
  • Bigantxen biziraupen handiagoak abeltzaintzako ustiategien iraunkortasun handiagoa dakar, bai eta animalien ongizate handiagoa ere
  • NEIKEReko mikobakterio taldeak garatutako ikerketa Vaccine aldizkari entzutetsuan argitaratu da

 Bigantxen hilkortasuna %35 murriztu daiteke soilik bizitzako lehen hiru hilabeteetan animaliei paratuberkulosiaren aurka txertatuz, Vaccine aldizkari entzutetsuak argitaratu duen NEIKERen ikerketa baten arabera.

Lana NEIKEReko mikobakterio taldeak egin du, zeinak duela gutxi animalien osasunaren arloko ZENDAL nazioarteko ikerketa saria irabazi baitu, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ustiategitan garatu du, 9.000 behi baino gehiago aztertuz hamarkada bat baino gehiagoz.

Aurkikuntzak esan nahi du paratuberkulosiaren eragina murriztu daitekeela, baina baita antibiotikoen erabilera gutxitzeko aukera dagoela ere, horrek dakartzan onurekin. “Bigantxen biziraupen handiagoak abeltzaintzako ustiategien iraunkortasun handiagoa dakar, baliabide gutxiago behar baitira ekoizpen-maila berari eusteko. Animalien ongizate handiagoa ere badakar, gaixotasunagatiko bajak murriztu egiten baitira”, azaldu du Ramon Juste NEIKEReko Animalia Osasun saileko ikertzaileak.

Azterketak garrantzi zientifikoa zein sektorearentzako transferentzia teknologikoari buruzkoa dauka, izan ere, ikasitako immunitatearen teoriaren iragarpena berresten du eta, aldi berean, aplikazio praktiko bat iradokitzen du.

Saiakuntza klinikoa CZ Veterinaria enpresak erregistratu zuen, adin desberdinetan emandako paratuberkulosi txertoaren ondorioak aztertzeko, eta horrek ikerketa garatzeko lankidetza publiko pribatua ere eskatzen du.

Lana Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek abeltzainen eskaerei emandako erantzun gisa sortu zen, eta produktua Australian eta Frantzian erregistratzeko oinarri dokumentala izan da. Finean, lana guztiz egokitzen zaio ikerketa aplikatuaren ereduari, enpresa, administrazio eta erakunde zientifikoaren inplikazioarekin, ekoizpen sektore bat hobetzeko.

“Emaitza hauek zientzialari, administratzaile, landa teknikari eta abeltzainen arteko elkarlanaren emaitza dira”, adierazi du Justek. “Sortutako ezagutzak benetako euskal teknologia dira, Galiziako garapen batekin osatuta, eta produkzioa hobetzeko aukera berritzailea irekitzen du, jasangarritasunaren eta animalien ongizatearen sentsibilitatearekin. Lortutako ondorioak teoria berritzaile bat berrestera datoz, izan ere, zientifikoki azalzen ditu probiotikoak erabiltzearen onurak. Probiotikoak dagoeneko enpirikoki ezagunak dira, bai animalien elikaduran, bai giza osasunean”, zehaztu du NEIKEReko ikertzaileak.

Biziraupenaren analisia

Paratuberkulosia mundu osoan zabalduta dago. Adituek uste dute esne gehien ekoizten duten herrialdeetako behi azienden %40 baino gehiagotan dagoela, eta, gainera, etxeko beste hausnarkari batzuei ere eragiten diela, hala nola ardiei, ahuntzei, gameluei eta oreinei. Behiei dagokienez, kalkulatzen da kaltetutako abere taldeetan urtean 230 €-ko galerak izan daitezkeela buru bakoitzeko.

Arlo teknikoari erreparatuta, azterketa orokorrak paratuberkulosiaren aurkako babesaren aldagai immunologikoak eta mikrobiologikoak neurtu ditu, baina oraingo argitalpen honek biziraupenaren analisia egin du, kontuan hartuta azterketan parte hartu duten ustiategiek izandako bajak, behi populazioaren urteko batezbestekoa 1.100 izanik.

Eraginik handiena tuberkulosia agertzeko adinaren aurretik hautematen da, hau da, bizitzaren lehen eta bigarren urteetan, eta, zehazki, lehen urtean, orduan baitira animaliak sentikorragoak infekzio biriko eta bakterianoekiko, zeinetan tratamendu antibiotikoak erabili behar izaten baitira.

Alderdi zehatz horren inguruan analisi estatistiko espezifiko bat egin behar bada ere, uste da heriotza tasa txikiagoaren arrazoia dela txertoak erantzun inespezifiko indibiduala emateko gaitasun handiagoa eragiten duela, ikasitako edo entrenatutako sortzetiko immunitatearen ondorioz (trained immunity).

Artikuluak sarbide irekia du, eta hemen aurkitu daiteke: DOI.