Albisteak

BERRIA

NEIKERek 10.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari

19 azaroa 2020

NEIKERek 10.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari

  • Patatak azken kanpainan lurralde historiko horretan ereindako hainbat barietatetakoak dira, NEIKERek Arkautin daukan lursail esperimentaletik eskuratutakoak.
  • Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioak eta NEIKERek daukaten lankidetza hitzarmenaren baitako ekintza da.

NEIKERek 10.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari, Arkautiko (Araba) lursail esperimentalean egindako ikerketetatik sortutakoak. Zehazki, Divaa, Lucinda, Monalisa, Spunta, Agria, Yona, Desiree Kennebec, Jaerla, Baraka eta Red Ponticac barietateetako patatak eman dizkio Elikagai Bankuari, Arkautiko hektarea bateko azalera inguru okupatu duen saiakuntza amaitu ondoren jasotakoak.

Emateko ekitaldian izan dira Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia, eta Daniel Fernandez, Arabako Elikagai Bankuko lehendakaria. Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Euskadiko Elikagai Bankuen Elkarteak 2015. urteaz gero daukaten lankidetza hitzarmenaren baitako ekintza izan da. Hitzarmena sinatu zenetik, ikerketa zentruak 90.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari.

Elikagai horiek emanda lagundu egiten du, gerora, Arabako Elikagai Bankua bezalako erakundeek 1.200 familiatako 4.500 onuradunen artean bana ditzaten. Aste honetako entregarekin, erakunde teknologikoak edukia eta balioa gehitu dizkio bere gizarte erantzukizun korporatiboaren konpromisoari, eta, horrela, modu aktibo eta borondatezkoan laguntzen du gizartea, ekonomia eta ingurumena hobetzen.

 

Nondik datoz NEIKERek ematen dituen patatak?

NEIKERek askotariko ikerketa jarduerak gauzatzen ditu eta, horien ondorioz, nekazaritzako soberakin handia izaten du urtero. Patatei dagokienez, gehienak aurre kontrol eta post kontrol saila esaten zaion probatik datoz.

Nekazari profesional batek tuberkulu hori erein nahi duenean, ereiteko patata ziurtatua erabiltzen du, horrek bakarrik eskaintzen dituelako beharrezko berme sanitarioak eta agronomikoak. Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzua arduratzen da Araban landatutako hazitarako patataren ekoizpena kontrolatzeaz eta ziurtatzeaz.

Aurre-kontroleko sailetan, ‘ama patatak’ landatzen dira. Lagin horiek inportatu egin dira eta Euskadin lehen aldiz landatuko den hazia lortzeko erabiliko dira. Saiakuntza horietan jarraipena egiten zaie tokiko merkatuan sartu aurretik, hazi osasuntsuak direla ziurtatzeko.

Post kontroleko sailetan, kanpaina batean ereiten diren patata guztien jarraipena egiten da, araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Horretarako, Euskadin erabiltzen diren eta ereiten diren loteen lagin bat hartzen da. Honela, nekazari batek arazoak baditu bere lursailetan haziekin –ez dira behar bezala ernaltzen edo birosi arazoak dituzte–, eta arazo horren berdina post kontrol sailean agertzen bada, jakin egin daiteke haziak egoera txarrean zeuden edo arazoa nekazariaren lurrean bertan dagoen.

Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak kontrol ofizialak (gaixotasunak, etab.) egiten ditu post kontrol sailean, NEIKERekin lankidetzan; NEIKER arduratzen da horiek landatzeaz eta biltzeaz.

Related posts