Albisteak

BERRIA

Europako Triple-C proiektuak praktikarik onenak partekatuko ditu klima aldaketari lotutako arriskuen prebentzio eta kudeaketari buruz

22 maiatza 2020

Europako Triple-C proiektuak praktikarik onenak partekatuko ditu klima aldaketari lotutako arriskuen prebentzio eta kudeaketari buruz

  • Proiektuko bazkideek identifikatutako praktikarik onenak transferituko dituzte, emaitzak kontuan har daitezen eskualde zein Europa mailako politiketan
  • Ekimenaren partaideak dira NEIKER, ACMG (L’Association Climatologique de la Moyenne-Garonne et du Sud-Ouest), CDA24 (Chambre d’Agriculture de la Dordogne), WRT (Westcountry Rivers Trust), LIT (Limerick Institute of Technology), UC (Universidade de Coimbra), UTAD (Universidade de Trás-os-Monte e Alto Douro) eta CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas)

INTERREG Espazio Atlantikoa Triple-C proiektuak Europako proiektuetan identifikatutako praktikarik onenak hautatu eta transferituko ditu, klima aldaketaren ondoriozko arriskuen prebentzio eta kudeaketari lotuta, bere emaitzak kontuan har daitezen eskualde zein Europa mailako politiketan. Kapitalizazio lana baliagarria izan daiteke nazioz gaindiko lankidetza programen hurrengo belaunaldiaren orientazioetarako.

Interreg Espazio Atlantikoa 2014-2020 Programak finantzatuta, proiektuaren partaideak dira NEIKER, ACMG (L’Association Climatologique de la Moyenne-Garonne et du Sud-Ouest), CDA24 (Chambre d’Agriculture de la Dordogne), WRT (Westcountry Rivers Trust), LIT (Limerick Institute of Technology), UC (Universidade de Coimbra), UTAD (Universidade de Trás-os-Monte e Alto Douro) eta CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas)

Proiektuaren bazkideek esparru horretako hainbat proiektuk lortutako metodologiak, emaitzak eta tresnak hautatu, jaso, antolatu eta eguneratuko dituzte. Halaber, zabalkunde eta ustiapenik handiena merezi duten emaitza eta praktika onak ere identifikatuko dituzte.

Zehaztutako helburuen artean dago, baita ere, proiektuak kapitalizatzea, bazkideen artean praktika eta esperientzia onak trukatuz, oztopoak zein irtenbide posibleak identifikatzea, eta, lortutako informaziotik abiatuta, gomendioak formulatzea. Horrez gain, proiektuko produktuen, metodologien, jardueren eta emaitzen ikusgarritasunik handiena bermatu nahi da Europa mailan.

Horretarako, Triple-C plataformak, hori izango delarik proiektuaren emaitza nagusietako bat, kapitalizatutako proiektuen informazio guztia jasoko du. Klima aldaketara egokitzeko ekimen arrakastatsuei lotutako informazio iturri baliagarria izango da. Triple-C plataformak eta kapitalizatutako proiektuen bildumak Europa osoko praktikarik onenak partekatuko dituzte, klima aldaketari lotutako arriskuen kudeaketa eta prebentzioari buruz. Plataforma garatu, argitaratu eta mantendu egingo da gutxienez proiektuak dirauen bitartean eta amaitu eta bost urte geroago ere, profesional eta agintari lokalek, erregionalek eta nazionalek informazioa eskuratu ahal izan dezaten denboran zehar.

Sare bat osatuko da 

Gainera, Triple-C proiektuak kapitalizatutako proiektuen eraginaren diagnostiko bat ere landuko du, analisian beste aurrerapauso bat emateko, eta ondorioak eta gomendioak gehitzeko. Kideek landutako jarduketekin sare bat osatuko da, eta, horretarako, praktikarik onenengatik hautatu diren proiektuekin ere kontaktatuko da, klima aldaketaren inguruko ekintza planen ahalmenak eta estrategiak indartzeko.

Azkenik, emaitzak transferituko dira, eta Europar batasuneko hurrengo programa eta ekimenei jarraibideak eta gomendioak emango zaizkie, aplikatzeko eta onartutako proiektuak babesteko.

Proiektua ixteko, konferentzia bat egingo da Bruselan, eta agerian jarriko da, politika globalek arrakasta izango badute, funtsezkoa dela klima aldaketa arindu eta horretarako egokitzapena eta lotutako arriskuen kudeaketa eta prebentzioa integratzea EBko eskualde, nazio eta sektoreetako politiketan eta EBko funtsetan.

 Nazioz gaindiko lankidetza programa

TRIPLE-C proiektuak 1,6 milioi euroko diru-laguntza du. Haietatik %75 Espazio Atlantikoko Eskualde Garapenerako Europako Funtsak ornitu ditu.

INTERREG Espazio Atlantikoa Europako finantzaketa programa bat da, nazioz gaindiko lankidetza sustatzen duena, Europako bost herrialdetako 36 eskualdetan. Guztira 185 milioi euroren aurrekontuarekin, 140 milioi Eskualde Garapeneko Europako Funtsarenak izanik (FEDER), Programak lankidetza proiektuak kofinantzatzen ditu, Berrikuntza eta Lehiakortasun, Baliabideen Efizientzia, Lurralde Arriskuen Kudeaketa eta Biodibertsitate, Ondare Natural eta Kulturalaren esparruetan.

Informazio gehiago: https://www.triplecproject.eu/

Harremanetarako: Ainara Zarraga (NEIKER), azarraga@neiker.eus eta Carla Guimaraes (Communication Officer, Interreg Atlantic Area), carla.guimaraes@atlanticarea.eu.